Edurne LARRAZA MENDILUZE
Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria, UPV/EHU
3 BEGIRADA:

Pentsaera Konputazionala, Papert eta Wing-en artean

Informatikak bere eremua behar du pentsaera konputazionala ongi garatzea nahi bada.
Informatikak bere eremua behar du pentsaera konputazionala ongi garatzea nahi bada. (GETTY)

Informatika gaur egungo gizarte digitalean orokortu denez eta beste zientzia batzuetan metodo konputazionalen erabilera zabaldu denez, Pentsaera Konputazionala eskolako curriculumetan sartzeko beharra ikusi da, eta dagoeneko konpetentzia espezifiko gisa ageri da digitalizazioaz eta matematikako ikasgaiez gain, LHn Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutza arloan eta DBHn Biologia eta Geologia ikasgaian.

Pentsamendu Konputazionala terminoa asko zabaldu den arren, ez dut gustuko, eta Pentsaera Konputazionalaren alde egiten dut Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuan topatu dudan "pentsamendu/pentsamolde" izeneko sarreran oinarrituta.

Pentsaera Konputazionala osatzen duten elementuak honela sailka daitezke:

- Prozesu mentalak: Problemak ebazteko erabilgarriak diren estrategia mentalak (pentsaera algoritmikoa; pentsaera logikoa; problemen deskonposaketa eta modularizazioa; abstrakzioa; patroiak antzematea; orokortzea).

- Metodoak: Informatikariek asko erabiltzen dituzten hurbilpen operatiboak (automatizazioa; datu-bilketa, -analisia eta -adierazpena; paralelizazioa; modelizazioa eta simulazioa; analisia eta ebaluazioa; programazioa).

- Praktikak: Makina informatikoetan oinarritutako irtenbideak aplikatzeko erabiltzen diren ohiko praktikak (esperimentazioa, iterazioa, aritzea; testatzea eta zuzentzea; berrerabiltzea eta nahastea).

- Zeharkako gaitasunak: Informatikarien pentsaera hobetu dezaketen bizitzarako gaitasun erabilgarriak (diseinua eta sormena; komunikazioa eta kolaborazioa; hausnarketa, ikasketa, meta-hausnarketa, mundua konputazionalki ulertzea; anbiguotasuna onartzea, ekinez aritzea problema konplexuen aurrean).

Wing-en lanak eman dio zabalkundea gaiari. Bere ikuspuntutik, Pentsaera Konputazionalaren elementu batzuk beste arloetan topatu badaitezke ere, informatikan dauka oinarria eta informatikaren testuingurutik abiatu behar da pentsaera hori garatzeko. Eta kontuz, informatika ez baita soilik programazioa! Esate baterako, konputagailuen funtzionamendua ulertzea garrantzitsua da aipatu diren prozesu mental, metodo, praktika eta zeharkako gaitasun horiek oinarri sendoz garatzeko. Hori kontuan izanik, ez zait egokia iruditzen pentsaera konputazionala garatu nahi den unean informatikako ikasgaia hautazkoa edo teknologiarekin partekatua izatea. Informatikak bere eremua behar du pentsaera konputazionala ongi garatzea nahi bada.

Papert izan zen lehena terminoa erabiltzen, eta bere esanetan, konputagailuen xarma kontzeptu abstraktuak ulertzeko erreferentzia bat eskaintzean datza. Kontzeptu abstraktu horiek modelizatzeko eta simulatzeko aukera ematen dute. Hori da beste arlo batzuetara eraman daitekeena, adibidez fisikan, indarren eraginak simulatu daitezke eta horretarako garatu behar den kodeak programazioa, fisika eta matematika lotzen lagundu dezake; beraz, informatikaren, eta ez digitalizazioaren, zeharkakotasunari ere garrantzia eman beharko litzaioke. •

Michael Lodi eta Simone Martiniren "Computational Thinking, Between Papert and Wing" artikuluan oinarrituta.