Pruden Gartzia
Euskaltzain urgazlea

Zer dugun Txillardegiren kontra (II)

Txillardegi, 2010eko urrian ateratako beste argazki batean.
Txillardegi, 2010eko urrian ateratako beste argazki batean. (Jon URBE | FOKU)

Aurreko artikuluan Txillardegiren alde esan daitekeenaz jardun naiz. Honetan, ordea, Txillardegiren kontra mintzatuko naiz, Joxe Azurmendik behiala gure artean, Orixeri buruz idatziz, finkatu zuen eredu ezagunari segituz. Ez aurretik argi eta garbi azaldu barik, Azurmendik berak sarri azpimarratu duen bezala, bera Orixeren miresle osoa zela eta dela; hura kritikatzea, beraz, erretorikoki baino ez da haren kontra jardutea, haren hutsuneak eta mugak nabarmentzea da berez, betiere miresmenetik abiatuta. Bada, ni ere berdin.

Eta aurrekoan bezala hasieratik tesi argi bat sostengatuz abiatuko naiz, hau da: Txillardegiren pentsamendua guztiz lotuta dago bere garaiko egoera politiko-sozialari, hots, gaur egun ez dauka orduko indarrik eta, areago, bide beretik segitu nahi izatea errakuntza bat litzateke. Alegia, Txillardegik arrazoi osoa zuen orduan, gaur egun askoz ere gutxiago. Hurrengo lerroetan saiatuko naiz argitzen zergatik.

Txillardegi inoiz ez zen izan jakitunena

Gaiari tamaina hartzeko, komeni da batzuentzat mingarria izan daitekeen egiaztapen batetik abiatzea: Txillardegi inoiz ez zen izan espezialista nagusia ezertan; alderantziz, mila eta bat alorretan aritu zen (euskal kulturaren orduko egoerak hala behartuta) eta, guztietan goi-mailakoa izan bazen ere, ezertan ez zen izan, inoiz, espezialista nagusia.

Alegia, euskararen eta euskal herri-kulturaren ezagutzaile aparta izan zen, baina alor horretan inoiz ez zen hurbildu Azkue baten edo Barandiaran baten mailara. Hizkuntzalaria izan zen, oso ona, euskara batuaren formulatzaile nagusia (hori egia historikoa besterik ez da), baina berak beti oso argi izan zuen, eta sarritan publikoki errepikatu, Mitxelena zela benetako jakituna alor horretan. Filosofiaz eta soziologiaz idatzi zuen, eta bera izan zen mota horretako gauzez modernitatearen ikuspuntutik euskaraz idazten hasi zen lehena, baina Joxe Azurmendi baten ezagutza ez zuen inoiz berdindu, bistan dago edonorentzat. Sakon aztertu zuen gure herriaren historia, baina inoiz ez Campionen jarraitutasun eta xehetasunekin. Literaturaz, zer esanik ez, bera da inork baino lehenago, inork baino argiago, modernitatea euskal literaturara ekarri zuena, inongo zalantzarik gabe, baina Baroja, Unamuno, Lizardi edo Atxaga baten aldean, bere liburuak beti bigarren mailakoak iruditzen zaizkigu. Bukatzeko, bizi zelarik autoritate itzela lortu zuen euskaldunen artean, baina batez ere ezker abertzaleko esparruan: inoiz ez Lafittek Iparraldean edo Mitxelenak Hegoaldean zeukaten autoritate zabalarekin.

Beraz, badirudi kontraesanetan nabilela: hura beste guztien aurretik eta gainetik zegoela idatzi nuen aurreko artikuluan, eta orain hasi naiz esaten, alorrez alor aztertuta, inoiz ez dela izan lehena. Nola ulertzen da hori?

Bada, modu erraz batean: ezertan ez zen onena, baina berak markatzen du, inork baino lehenago eta inork baino hobeto, euskal kulturak XX. mendean izan zuen bihurgune nagusia, erdaratik euskarara. Bai, ezertan ez zen onena, baina bera zen bidea erakutsi zuen benetako gidaria, eta erakutsi ez ezik, bere erabakimenez praktikan jartzea eta jarraitua izatea lortu zuena. Zeren, garai hartan, den-denek segitzen zioten, guztiek, hala aitortuta edo aitortu gabe, gustuz edo borondatearen kontra, baina hura zen jarraitu beharreko bidea markatzen zuena. Bera zen euskal kulturaren kapitain-pilotu, eta bere aurrekoek amestu bai, baina inoiz lortu ez zutena lortu zuen.

Euskara eta Politika lotuz

Alor bat badago, dena den, zeinetan agian bera izan zen autoritate nagusia, eta hori Soziolinguistika da (Hizkuntzalaritzarekin nahastu behar ez dena). Ez da kontu agerikoa, badirelako beste teorizazio batzuk ere, baina orain Txillardegirena aztertuko dugu, hura baita, nire ustez, XX. mendeko azken hamarkadatako berreuskalduntzearen indar intelektual nagusia.

Egiatan, Txillardegik euskararen salbamenduaz egiten duen teorizazioan bi alor lotu zituen estuki: Soziolinguistika eta Politika. Hori da, nire ustez, haren pentsamenduaren muina, gako nagusia. Alegia, euskaltzalea izatea eta abertzalea izatea sinonimoak ziren berarentzat: ez dago euskaltzale izaterik abertzale izan gabe, eta ez dago abertzale izaterik euskaltzale izan gabe, esango nuke hori dela bere pentsamenduaren ultima ratio, azken funtsa. Eta euskaltzale izatea da orain eta hemen euskaraz jardutea, maila guztietan. Puntu horretan ez du inoiz amore emango.

Komenigarria izan daiteke azpimarratzea bi alor desberdin direla berez, ez dagoela zertan lotu bata bestearekin. Adibidez, Irlanda batean inoiz ez dituzte lotu eta, jakina, XX. mende hasierako lehen eusko abertzaleek ere ez zituzten lotzen. Bon, hori ez da guztiz egia, leku guztietan abertzaleek beren hizkuntza propioa erreibindikatu dute, baina leku batzuetan modu lauso batean: etorkizunean helduko diote gai horri, zeren, orain, borroka politikoak dauka lehentasun osoa, eta oraingo borroka politikorako hizkuntza horrek traba besterik ez du egiten, ez da praktikoa, beraz, gero helduko diogu gaiari, borroka politikoa irabazi ondoren. Hori zen giro nagusia abertzaleen artean frankismo garaian, eta puntu horretan Txillardegi erradikala zen: osorik gaitzesten zuen.

Gaitzespen horretan, bi frontetan borrokatu behar izan zuen: eskuinetik, EAJko guardia zaharrarekin, ezkerretik, ETAko joera marxista-leninistekin. Kasu bietan garrantzitsua da azpimarratzea egoera inoiz ez dela izan zuri ala beltza: bai EAJn bai ETAn, era guztietako jendea zegoen, eta batzuk baino ez ziren euskararen marjinazioa argi eta garbi planteatzen zutenak. Baina gakoa, benetako gakoa, honetan egon zen: Txillardegik irabazi zuen! Alegia, maila dialektikoan (berriz diogu, maila dialektikoan) argi eta garbi irabazi zuen, bai eskuinekoen kontra, bai ezkerrekoen kontra: Txillardegiren tesiak unibertsalizatu egin ziren abertzaleen eta euskaltzaleen artean, eta doktrina batean sinistea hura betetzea baino zailagoa baldin bada ere (hemen eta munduan), urte askoan ez zen inor ausartu argi eta garbi kontra egitera: abertzale guztiak euskaltzale deklaratuak bihurtu ziren, eta euskaltzale guztiak abertzale.

Ondorioz, milaka eta milaka lagun hasi ziren euskara ikasten edo berrikasten nagusitan, egundoko ahaleginak eginez, eta batzuek lortu zuten, eta euskaraz bizitzen hasi ziren... denok ezagutzen dugu horrelako jende miresgarria, ezta? Asko, benetan asko izan ziren. Baina beste asko bidean gelditu ziren (ez da erraza hizkuntza gutxitu bat ikastea), eta beste askok (gehienak?) beren umeak ikastolara igorrita bete zuten eginkizuna.

Soziolinguistikaren ordua ala Politikarena?

Bistan da teorizazio horrek ondo funtzionatu zuela frankismo garaian, eta baita ere erreforma politikoaren lehen urteetan: euskal gizartearen zati zabal-zabal batek mesfidantza handiz ikusten zuen Espainiako demokratizazioa eta, aldez edo moldez, ETAren borroka sostengatzen zuen, oso gradu eta modu desberdinetan bazen ere. Eta egoera horrek, nolabaiteko impasse horrek, iraun zuen bitartean, Txillardegiren logikak ondo funtzionatzen zuen: euskal herritarren gehiengo zabal bat antifrankista sentitzen zen ororen buru, bada, antifrankista izateko modu koherente bakarra da abertzale izatea, eta abertzale bazara euskaltzale izan behar duzu, eta euskaltzale bazara euskara ikasi eta hitz egin behar duzu... eta kate guztia oraindik betetzen ez baduzu ere, gutxien-gutxienez antifrankista bazara, ontzat emango duzu beste guztia, betetzeko gai ez bazara ere: beteko duzu noizbait, zuk edo zure seme-alabek.

Denok dakigunez, Espainiako erreforma politikoa Euskal Herrian asentatu ahala, eskema horrek funtzionatzeari utzi zion, ez egun batetik bestera, baina bai bueltarik gabe. Ez gara xehetasunetan sartuko, garrantzitsuena orain azken emaitza delako: Soziolinguistikaren eta Politikaren arteko lotura hori guztiz apurtu da, eta gaur egungo gizartearentzat, gazteentzat bereziki, zentzugabea bihurtu da. Alegia, EAEn behintzat, gazte gehienek euskara eskolan ikasten dute, baina han inork ez die erakusten abertzale izaten, eta abertzale izan gabe zaila da euskaraz hitz egiteko arrazoirik aurkitzea. Hala daude gauzak.

Hitz batez, lehen Txillardegik arrazoi zuen, orain ez. Zer egin? Soziolinguistikaren ordua da. Ala Politikarena?