Elkartasunak herria egiten du
Herria zerk egiten duen, luze eman dezake eztabaidak. Honako zerbait zioen pegata batek, duela gutxi X sare sozialean ikusiak: Euskal Herria edo Harrera Herria aukeratu beharra dagoela, biak ez direla bateragarriak. Hala, herria nork egin behar duen esatera ausartu dira batzuk, dona-dona katona, edo, berdin esanda, erabaki dute nork ez duen herria egiteko, izateko, zilegitasunik. Nork igaroko du, beraz, euskalduntasunaren galbahea? Sarrionandiak, agian? Arrigorriagan jipoia jaso zuen jatorri txinatarreko merkatariak? Chivitek? Erramun Martikorenak ala Pello Reparazek? Euskalduntasunaren ezaugarriak betetzen ez dituztenak baztertuz egin nahi bada herri bat, soilik Sabino Arana eta, agian, Doraemon, geratuko lirateke gurearen zaindari, eta, tamalez, bat hilda dago eta bestea ez dago bizirik.
Euskal Herria egiten duen zerbait bada, euskara da hori. Eta Korrika da euskararen aldeko egitasmorik behinena, zeinak herrialde honetako zazpi lurraldeak zeharkatzen dituen, oinaze bakoitzean herri pusketa bat ereinda. Eta Korrikaren iazko edizioan, martxoaren 14an, ehunka pertsonak Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia gurutzatu zuten Korrikaren testiguaren atzetik. Haien artean ziren beren migrazio-bideari segitu eta Estatu frantsesera iritsi nahi zuten 36 pertsona, eta lortu zuten, tipi-tapa, euskararen olatua hartuta. Jende-ostearekin batera pasatu ez balira, aise itzularaziko lituzkete Irunera, zubia muga bilakatu duten jendarmeen kontrol arrazistetako batean.
Pertsona hauek hainbat konplize izan zituzten egun horretan; bestela ere bidean dauden migranteak laguntzen dituzten berberak. Laguntzen dituzte, besteak beste, Hendaiara modu seguruan igarotzen eta, horrekin, uko egiten diote Euskal Herria erdibitzen duen muga politikoari. Gero, askotan, Hendaiatik Baionara iristen laguntzen diete, han bakoitzak erabaki duen bideari jarraitu diezaion.
Hori bera egin zuten Korrikako egun hartan, eta publikoki erakutsi zuten ekintza LAB sindikatuko Argitxu Dufauk eta Eñaut Aramendik, EH Bai eta Etorkinekin kolektiboko Jakes Bortairuk eta Dominika Dagerrek, Bidasoa Etorkinekin taldeko Aintzane Lasartek eta Fernand Perretek eta Frantzia Intsumisoko kide batek. Alta, zigorraren mehatxua zabaldu da elkartasunaren gainean: urriaren 2an atxilotu zituzten zazpi pertsonok, eta sei orduz atxikita eduki. Datorren asteartean Baionan epaituko dituzte, eta auzipetuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo da bihar, 11.30ean hasita, Irungo Ficobatik Hendaiara. Mila sinaduratik gora bildu ditu, bestalde, “J’accuse” autoinkulpazio kanpainak, zeinaren bidez sinatzaile bakoitzak baieztatu duen Santiago zubiko «muga arrazista eta bidegabearen erantzule diren agintari eta legeek» eragin dituztela Bidasoako 9 heriotzak. Gainera, Euskal Herria «harrera, immigrazio eta emigrazio lurraldea» izaten segitzeko nahia agertu dute.
Elkartasunak, zalantzarik gabe, herria egiten du. Eta Europako instituzioek migranteen eskubideak sistematikoki zapaltzen dituzten garaiotan, ezinbestekoa da herriak elkartasuna aukeratzea.•