Markel Oiarzabal ‘Zapotxin’, «handitzean pailazo» izan nahi zuen umea
Umetatik oso garbi zeukan: «Handitzean, pailazo izan nahi dut». Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsi begira hazi da, liluratuta, ikuskizunak harrapatuta eta atze-oihalaren atzean zegoenaren jakin-minez. Pare bat urte dira Markel Oiarzabalek (Hernani, 2000) barruan zuen ‘Zapotxin’ jendearen aurrera agertu zuela.

Ume-umetatik esaten zuen handitan pailazoa izan nahi zuela. Astronauta izan nahi dutela dioten umeak bezain serio hartzen omen zuten. Amona hasi zen lehenengo kezkatzen, «ume hau serio ari da» ohartaraziz. Bai, serio ari zen. Joan den asteburuan estreinatu zuen Hernanin, bere sorterrian, “Baratxuri zoparen sekretua” ikuskizuna, bere bigarrena.
Pluralean hitz egiten du. Gu esaten du. «Bai, Markel eta Zapotxin gara, horrela ateratzen zait». Izan ere, duela pare bat urte erabaki zuen Markel Oiarzabalek “Zapotxin” ere izango zela. «Nik uste dut ‘Zapotxin’ beti existitu dela nire barruan. Ez zeukan gaur daukan itxurarik, ez zeukan izenik, baina nire barruan zegoen. Umetatik argi neukan pailazoa izango nintzela handitan. Jende askori esaten nion. Amonak amari esaten zion ‘kendu ideia hori umeari burutik, egiatan ari da eta’».
Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen jarraitzaile sutsua izan da eta da. «Amak esaten du pailazoak etxeko bat gehiago izan direla, beti izan dira presente gure etxean. Haien pailazogintzaren eredurik gabe eta haien erreferentziarik gabe, ni ez nintzateke pailazo izango. Haiengatik naiz ni pailazo».
Umea zela, pailazoak ikustea «hipnotikoa» zen beretzat. «Abestiak maite nituen, ikuskizuna jarraitzen nuen, baina beti neukan bestelako jakin-min bat atzealdean, iluna ikusten zen horretan, zer gertatzen zen asmatzeko. Pailazoei begiratzen nien, baina atzean gertatzen zenak ere sortzen zidan zirrara. Oso barrutik bizitzen nuen pailazoek kontatzen zutena. ‘Baserrian’ ikuskizunean, Margarita oiloa galdu egiten da eta gero agertu. Auskalo zenbat aldiz ikusi nuen, behin eta berriz, behin eta berriz, eta amak kontatzen du aldiro negar egiten nuela, nahiz eta banekien zer gertatuko zen. Erabat sartzen nintzen istorioan, erabat harrapatzen ninduen».
Pailazoen diskografia oso-osorik dauka etxean -musika, filmak, DVDak...- eta ez da lan erraza izan hori osatzea. Bigarren eskuko dendetan ibili izan da falta zitzaizkion aleen bila. «Oso ondo gordeta daukat bilduma hori eta herentzian utziko diot asko maite dudan norbaiti. Izugarri garrantzitsua da niretzat». Nerabetan, gustura asko joango omen zen pailazoak ikustera, baina adin horretan “itsusi samar” ere geratzen omen zen eta aitzakia bila ibiltzen zen, inguruko haurren desenkusan pailazoen bidea gertutik jarraitzeko.
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots maite zituen bereziki, baina beste pailazoen zalea ere bazen, “Poxpolo ta Mokolo” pailazoena kasu. «Nik garbi neukan hori egin nahi nuela. Ama aranoarra da eta asteburu oro bertara joaten ginen. Han ez zegoen ume asko kalean jolasean ibiltzeko, eta oroitzapen bat oso garbi daukat: Aranoko sukaldean, hozkailuko heldulekutik ateraino mantel zahar bat zintzilik jarri eta hori izaten zen nire atze-oihala. Hor antzerkia egiten pasatzen nituen larunbat arratsaldeak. Beti izan dut sortzeko eta eskulanetarako grina berezia».
Hernanin, herrigintzan eta kulturgintzan topatu du sorkuntzarako aukera. «Herri mugitua da, beti dago zer egin; orain bideo bat grabatu ez dakit zertarako, gidoi bat egin beste zerbaitetarako... beti ibili naiz mila saltsatan».
Eta saltsa horietan zebilela, duela pare bat urte erabaki zuen barruan zeukan Zapotxin bistara ateratzea. Bere ustez, badira zenbait faktore horretan lagundu ziotenak. «Lotsa kudeatzen ikasi nuen. Nerabe-gaztetxo batentzat ez da erraza ‘pailazoa izango naiz’ esatea jendaurrean. Nire etxekoen eta kuadrillakoen babesa baneukan, horiek aspalditik zekiten zein zen nire gogoa. Baina beste gauza bat da herriaren aurrera agertzea. Beldur hori gainditu nuen eta hori klabea izan zen. Bigarren klabea bidea bakarrik abiatzea erabaki izana izan zen. Elkarlanean aritzeko saiakera batzuek egin nituen, baina horrek zaildu egiten zuen pixka bat kontua. Azkenean bakarrik aritzea erabaki nuen, gidoia idatzi nuen eta pausoa eman».
Nolakoa zen Markel Oiarzabalek barruan zeukan Zapotxin? «Batetik, erabaki dezakezuna dago, eta bestetik, barrutik sortzen zaizuna. Ileordearekin bueltaka hasi nintzen, hori neukan buruan. Baina bueltaka-bueltaka txapelaren alde egin nuen, txapel horia da Zapotxinen ezaugarria. Eta begi zuriak. Horiek izan dira erabaki garrantzitsuenak. Egia da pailazoen erreferentzia oso indartsua dela, hor daukat umetan ikusi dudan guztia. Hori ez dut ezkutatzen, baina gustatuko litzaidake pixkanaka Zapotxinek eskua askatu eta bide propioa egitea».
Autodidakta
Zapotxinek bidean ikasi du eta ikasten jarraitzen du. «Nire eskola erreferentziak izan dira, beste pailazoei begira eman ditudan orduak». Egia da azken bi urte eskas hauetan Pirritx, Porrotx eta Mari Motots gertutik ezagutzeko aukera izan duela. Zapotxinen berri jakin orduko jarri ziren pailazoak harremanetan harekin, eta bidelagun ditu geroztik, denerako, «erabiltzen duten pintura klaseaz galdetzeko edota gidoian ditudan zalantzak partekatzeko».
Beretzat pribilegio hutsa da pailazoak gertu sentitzea. «Izugarria da ematen didaten laguntza. Izugarria da haien eskuzabaltasuna. Beren pailazogintzaren jarraitzaile sutsua naiz ni eta orain ni laguntzeko daukaten prestutasuna sekulakoa da».
Katxiporretako pailazoentzat umorea jendartea eraldatzeko tresna da eta pailazogintza mundua leku hobea bihurtzeko erreminta, denok kabitzeko moduko mundua egiteko bitartekoa. Hori da Zapotxinek ibili nahi duen bidea. «Guk ere horrela ulertzen dugu pailazogintza. Aiorak [Zulaika] esaten duen bezala, ‘urtero konpontzen dugu mundua eta urtero sortzen da zer konpondua’. Guk ere horrela ulertzen dugu. Bidearen hasieran gaude, baina haiek irekitako bide beretik goaz, guretzat ere hori da pailazogintza».
Gu dira Markel eta Zapotxin, baina orain taldekide berriak daude gu horretan. Estreinatu berri duten ikuskizunean parte hartzen du Libe Ieregi aktore zumaiarrak ere. Oholtzan biak aritzen dira “Baratxuri zoparen sekretua” emanaldian. Teknikari dabil Aitor Castillo astigartarra eta Manex Torrealdaik laguntzen die komunikazio eta agenda kontuetan. Mirari Aldazabal ere beti dabil inguruan, laguntzen.
Solasaldian ari garela, atzera eta aurrera dabil eszenatokia muntatzen Zapotxinen aita. «Zerotik hasi nintzela esaten dut, baina zero-zerotik ez nintzen hasi, bai etxean eta bai kuadrillan sekulako laguntza izan dudalako beti. Babes garrantzitsua sentitu dut».
Baratxuri zoparen sekretua
Emanaldi berrian, Maripanpalona sorginarekin topatuko da Zapotxin. «Berak erakutsiko dio nola izan sorgin. Sorginen inguruko iruditegia gaurkotzen saiatu gara. Ingurura begiratu eta nolako sorginak topatzen ditugu? Kroketa Koketa sukaldaria, berak mimoz kozinatutakoa eskaintzen diona herriari. Amona Badalona, Kataluniatik etorritako amona, euskaltegian izena eman duena bere bilobei “maite zaitut” euskaraz esan nahi dielako. Eta Serafino Bonbardino ere agertzen da; orkestra zuzendaria, rock-and-roll zalea eta itsua. Benetako pertsona batean inspiratutako pertsonaia izan da, eta berak erakusten digu guk ezagutzen ez ditugun jolasteko eta dantzatzeko modu asko daudela. Funtzionatzeko hamaika modu ditugu, aniztasun funtzionala denok daukagu eta herriko plazan denok daukagu lekua. Hori da mezua».
Pantailen sasoian pailazo izatea, hezur-haragizko, sudur gorriko, zapata handiko, antzerki xumeko. Ez dirudi erraza. «Sareak, bideoklipak, argiak, soinuak, estimuluak... denok gaude horretan eta erronka bat da horiekin lehiatzea. Baina burua altxa eta antzerki bat ikustera joatea izugarria da. Horko erreakzioak ezin dira teknologiarekin sortu. Antzerkian sortzen den konexioa izugarria da eta horretan lanean jarraitu behar dugu. Gure emanaldi guztiak desberdinak dira, inoiz ez da berdin ateratzen, eta publikoaren erreakzioak ere bizi-biziak dira. Ez genuke ahaztu behar antzerkiaren magia zein berezia den».
Haurrak, parean
Pailazoak parean pizten duen argia magikoa da; haurren begietan, ezpainetan, gorputzetan pizten duen txispa hori. «Interakzio horretan, haurrak pare-parean jartzea baimentzen dio pailazoari. Heldu bezala, beste testuinguru batzuetan ez da hori gertatzen. Gero kalean Markel ikusten dute eta badakite Zapotxin dela, baina harremana desberdina da. Zapotxin makurtzen denean eta haurren parean jartzen denean, hor sortzen dena izugarria da. Eta ez bakarrik haurrekin, helduekin ere harreman berezia sortzen da. Zapotxinek gauza politak esaten dizkie haurrei eta gurasoei, eta askotan deskolokatu egiten dira. Badirudi ez gaudela ohituta gauza politak entzutera, eta batzuetan pailazo batek esandako honek edo besteak zure relax gunetik aterarazten zaitu, deserotasun atsegin batekin, toki eder batetik interpelatzen baitzaitu pailazoak; piropotik, ez isekatik». Pailazoak hautsi egiten du helduaren pose zurruna, eta barruan daraman haurra xaxatzen du.
Pailazo berriak pizten ari dira Euskal Herrian eta beren artean saretzen ari dira, tartean Zapotxin bera. Pailazogintzak, beraz, badu segida. «Gutako asko Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen jarraitzaile gara, haiei esker pailazo izan nahi dugunak. Saretzen ari gara, elkarri laguntzen eta babesa ematen. Oso harreman polita daukagu».
Euskal Herriko hamaika herritan ibiliko da Zapotxin datozen hilabeteotan “Baratxuri zoparen sekretua” emanaldiarekin. (Kontatuko dizuet sekretu bat? Zapotxini ez zaio baratxuri zopa gustatzen).