Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

«Plot twist»: gidoi-biraketa harrigarriak dituzten serieak

Berriki estreinatu den «Paradise» telesailaren harira hainbat iruzkin agertu dira sareetan: bertan gertatzen diren zenbait gidoi biraketa harrigarrik eragindako aipamenak dira. Pantaila txikiaren historian antzeko kasu ugari egon dira; narrazioan espero ez dugun zerbaitek eraginda, zeharo katigatu gaituzten telesailak dira. Batzuk errepasatuko ditugu. Oharra: lasai, spoilerrak saihestuko ditut.

Paradise seriearen irudi bat.
Paradise seriearen irudi bat. (GAUR8)
«Plot twist» kontzeptua

“Plot twist” bat istorio edo narrazio batean gertatzen den ustekabeko biraketa bat da, argumentuaren norabidean eraldaketa erradikal, harrigarri edo ustekabekoa sortzen duena. Batzuetan amaierako zatian pilatzen dira, baina narrazioan zehar ere tartekatzen dira. Modu askotara erabili izan ohi dira, beste teknika narratibo batzuekin nahasian sarri, flashback-arekin edo anagnorisiarekin adibidez.

Protagonistak sekretu handi bat ezkutatzen duenean, lagun min edo konfiantzazko pertsona batek alde iluna erakustean, hil dela uste genuen norbait bizirik azaltzen denean, guztia protagonistaren buruan gertatzen dela jakitean, guztia amets bat izan dela ohartzen garenean… adibideak ugariak eta anitzak izan daitezke. “Plot twist” bat narrazioaren barruan sartzea, neurri batean behintzat, erraza izan liteke, baina ona eta zentzuduna izateko aurreko gertakariekin koherentea izan behar du, eta aldi berean, ikuslea harritu eta istorioaren esanahia aldatu beharko luke.

‘Paradise’

DISNEY +

Gaurko gaiaren bidea ireki duen izenburuarekin hasiko naiz. Suspensea eta misterioa uztartzen dituen serie hau “This Is Us” telesail arrakastatsuaren sortzailearen ekoizpen berria da. Munduko pertsona adimentsu eta ospetsuenetako batzuk bizi diren komunitate utopiko batean murgiltzen du ikuslea. Inguru idiliko horren lasaitasuna eten egingo da, sakonki lurperatutako sekretuak argitara aterako dituen hilketa bat gertatu ostean. Hori da hasierako premisak saltzen duen ideia nagusia, baina lehen atalaren amaieran deskubrituko dugun -eta argituko ez dudan- zerbaitek guztia aldatuko du; bai istorioan, baita ikusle gisa dugun pertzepzioan ere.

‘Lost’

DISNEY + ETA NETFLIX

“Plot twist” zoroen, misterioen, ezusteko gertaeren eta ekintza deskribaezinen ordezkari nagusia “Lost” telesaila da zalantza izpirik gabe. “Not Penny's boat” (Ez da Pennyren txalupa) edota “We have to go back, Kate” (Itzuli egin behar dugu, Kate) esaldien erruz, garunak eztanda egin zigun. Eskotila deskubritzen duten unea, hegazkineko bidaiarien zerrenda, hartz zuria, “The Constant” atal ahaztezina… seriearen ezusteko guztiak garunean iltzaturik geratu zaizkigu betiko.

Ikuspegi zinematografikotik, “Lost”, beharbada, ez da telesailik onena izango, baina telesail historikoa da, inoizko bereziena ziurrenik. Nire bizitzako telesaila da. Urte luzez -eta astero atal bakar bat ikustearen esfortzu titanikoa eginez- alboan izan genuena. Pantaila baten aurrean ordura arte sekula sentitu ez genituen gauzak sentiarazi zizkigun pieza magikoa da.

Portzierto, barkatuko didazue, baina amaiera ez zen txarra izan. Txarra “Dexter”-ena, adibidez, hori bai, baina “Lost”-ena -”The Sopranos”-ekin gertatu zen modura- ikusleak polarizatzen dituen itxiera horietako bat izan zen. Pertsonaiak dira serie honen alderdirik garrantzitsuena, eta pertsonaia horiekiko zintzotasun handia erakusten du amaiera horrek.

‘Sugar’

APPLE TV+

Hollywoodeko ekoizle ezagun baten biloba desagertu egin da eta John Sugar izeneko detektibe pribatu misteriotsu bat kontratatu du ekoizleak. Sugar-en pertsonaia Colin Farrel aktoreak gorpuzten du. Ikusleen artean eztabaidak eragiteko helburuz, zenbait erabaki narratibo deigarri hartu dituzte, horien artean sareak hankaz gora jarri zituen bat: 30 minutuko zortzi atal ditu guztira telesailak, eta, seigarreneraino guztia nahiko “ohikoa” den arren, atal honen amaieratik aurrera gertatzen den zerbaitekin burua galduko duzue. Telesaila hankaz gora jartzen duen biraketa bat da, ez genuen inondik inora ere espero. Hartu duten erabakia oso zoroa da. Batzuek diote erridikulua dela, niri ez zait hala iruditu, baina egia da gertaera horrek hasieran azaldu dizuedan premisa guztiari beste zentzu bat ematen diola. Pertsonalki asko eskertzen dut harritzeko gaitasuna duten horrelako erabakiak topatzea, baina egia da hortik aurrera ia fede kontua dela telesaila ikusten jarraitzea. Proposatzen duten guztiarekiko egokitzeko gaitasuna baduzu, asko gozatuko duzu; bestela, ez.

‘The night of’

MAX

Nasir “Naz” Khan da protagonista nagusia, Queens auzoan bizi den eta pakistandar jatorria duen erdi mailako ikaslea. Aitari baimenik eskatu gabe, familiako taxia hartu eta Manhattan-en antolatu duten festa batera joatea izango du helburu. Hainbat bidaiariri autora igotzea ukatu ostean (ezin du taxiko “in service” mezua itzali), Andrea Cornish izeneko neska bat igoko da autora. Paseo, droga, alkohol eta hainbat sedukzio jokoren ostean, protagonista neskaren sukaldean esnatzen da hurrengo goizean. Etxeko eskailerak igo eta agurtzera doanean, ordea, neska, ohearen erdian, labankadaz josia, hilik aurkituko du. Momentu horretatik aurrera bere bizitza betiko aldatuko da.

Drama penal desberdin, ausart eta batez ere kritikoa aurkituko duzue harribitxi honetan. Arrazismoa, justizia, politika, arau kulturalak, agintaritza edota borroka bezalako gaiak ukitzen ditu. Helmuga baino, garrantzitsuena bidea dela konturatuko zarete. Hori bai, bide hori, maisulanak iruditzen zaizkidan lehen eta azken atal zoragarri batzuen artean babesturik. Aktoreak, pertsonaiak, gidoia, erritmoaren erabilera paregabea eta alderdi tekniko zoragarria.

‘Dark’

NETFLIX

Urrutiko agintearen tekla sakatu aurretik, ohar garrantzitsua: telesail berezi honen trama labirintikoa jarraitzeko, kalkulagailua, bolaluma eta koadernoa gertu izatea gomendatzen dizuet, une askotan nahasmenean erortzeko arriskua izango baituzue. Txundigarria irudituko zaizuen istorio honen muina Alemaniako herrixka batean gertatzen da. Askok helduentzako “Stranger Things” gisa etiketatu duten arren, ikuspuntu eta atmosfera askoz ilunagoa duela iruditzen zait, eta zentzu horretan gertuago dago “Twin Peaks” telesailetik, adibidez.

Lau denbora-tarte erabiliz (1952-1986-2019-2052), bi umeren desagerpen misteriotsua azaltzen duen istorio bikain eta harrigarria da. Misterioz beteriko telesail mamitsua da eta pertsonaiek nahasten eta harilkatzen duten misterio nagusia. Ikusleari ematen zaion informazioa oso zehatz neurtua dago eta, tramaren korapiloak askatzen goazen neurrian, muinean, mendekotasuna sortzen duen gidoi xurgatzaile batekin egingo duzue topo. Erabat zoratuta amaituko duzue.

‘Black Mirror’

NETFLIX

Mahai gainean dugun pantaila, eskuen artean darabilgun mugikorra edo etxeko telebista; ispilu beltz, hotz eta dirdiratsuz inguratuta gaude. Bada, telesaileko atal bakoitza autonomoa izanik ere, guztiek dute oinarrian ideia bat: teknologia berrien erabilera txarrak izan ditzakeen ondorio larri eta konponezinak. Ikuslea nahitaez pentsatzen jartzen du; gaur egungo zenbat telesail edo filmek lortzen dute hori? Desberdina, suntsitzailea eta azken urteotan ikusitako ekoizpenik original eta probokatzaileena da “Black Mirror”. Charlie Brooker gidoilariaren garun perbertsotik ateratako lana kultuzko bihurtu da; sare sozialen garaiko parabola maltzurra da.

‘Twin Peaks’

SkyShowtime

Zinemaren munduan, urte hasierako albisterik deigarriena David Lynch-en heriotza izan da, dudarik gabe. Zuzendari estatubatuarrak arrasto sakona eta ezabaezina utzi du zineman, telebistan eta pop kulturan, oro har, ikus-entzunezko narratibaren mugak bere estilo bereizgarri eta bakarrarekin josi dituelako. Egile zinemari buruz ari garenean, Lynch adibide ona iruditzen zait: edozein izenburu jarri eta segundo gutxira antzeman daiteke berea dela. Berak erakutsi digu zinema ez dela entretenimendua soilik, pertzepzioaren mugak zabaltzeko eta apurtzeko gai den arte mota oso boteretsua baizik. Berak sortu zuen “Twin Peaks” seriea; telebistan istorioak kontatzeko modua irauli zuen. Drama, misterioa, surrealismoa eta umorea nahasi zituen Lynchek, eta gerora jaioko ziren hainbat telesailetan eragin ikaragarria izan zuen.

‘The OA’

Netflix

Zal Batmanglij-k sortutako telesaila (“Sound of My Voice” eta “The East”), Brit Marling aktore bikaina protagonista duena, lan sailkaezina da. Lehen minutuetan, auto baten barrutik eta ume baten eskuetatik, mugikor baten bitartez grabaturiko bideo kaxkar baten irudiak ikusten dira. Autoa zubi bat zeharkatzen ari den unean, ertzean, neska gazte bat bere buruaz beste egiteko intentzioz zubitik behera jaurtitzen da. Irudia moztu eta gaztea ospitalean ikusiko dugu. Neska hori Prairie Johnson da: 7 urte desagerturik zeramatzan neska, berriro agertu da. Ez hori bakarrik, lehen itsua zen, orain ez. Ez dut sinopsiari buruz gehiago azalduko proiektu honen xarmarik handiena kontatzen duen horrekin guztiarekin sortzen den esperientzia bizitzea baita. Hipnotikoa da, bitxia. “OA”-ri buruz zenbat eta gutxiago jakin, hobe.

Ikuspuntu narratiboa eta matrioxka baten tankerara egituratua dagoen istorioa nahiko berritzaileak dira.

‘Severance’

apple tv+

Azken urteotako telesailik berritzaile eta liluragarrienetakoa iruditzen zait. Intrigazko premisaren eta exekuzio bikainaren bidez, lanarekin, oroimenarekin eta nortasunarekin dugun harremana ezbaian jartzen duen ekoizpena da: “Bizitzeko lan egin behar dugu ala lan egiteko bizi gara?” Honakoa azaltzen du: Mark Scout-ek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude. Prozedura horrek langileen oroitzapen pertsonalak eta lanekoak bereizten ditu ,eta bi nortasun desberdin sortzen ditu: "Bulegoko" bertsioa (Innie) eta bertsio "pertsonala" (Outie).

Premisa erakargarriaz harago, elementu guztiak ezin hobeto zainduta eta orekatuta daude: ekoizpen diseinua eta alderdi bisuala, oro har, txundigarriak dira. Estetika minimalista eta labirintikoa duten bulegoak aztoragarriak bezain liluragarriak dira, eta pertsonaien isolamendua eta kontrola ezin hobeto islatzen dute. Entretenitzeaz gain, galdera sakonak egiten ditu bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko orekari buruz eta teknologiak gure bizitzan duen eraginari buruz.

‘Years and Years’

PrimeVideo

Bertan ikusiko dituzuen irudiak fikzio hutsa diren arren, zoritxarrez, geroz eta ezagunagoak eta gertukoagoak sentituko dituzue. Hamabost urtetan zehar, Lyon familiaren istorioa ezagutuko duzue, betiere urte horietan gizarte britaniarrean - eta munduan- ezinbestekoak izan diren gertaera politiko, ekonomiko eta teknologikoek izango duten eragin ikaragarria kontuan izanda. Sinopsiak drama familiar arrunt baten inguruko istorio aspergarri bat ikusiko duzuela iradokitzen duen arren, topatuko duzuena guztiz kontrakoa izango da.

Errazago azaltzen saiatuko naiz. Hartu irabiagailua eta sartu: “Black Mirror” telesailaren xafla batzuk, “Sense8”-en eta “This is Us”-en pertsonaien mamia, drama, umore beltza eta distopia esentzia apur bat. Adimen artifiziala, Brexita, transhumanismoa, errefuxiatuak, gidoi biraketa harrigarriak eta erritmo frenetikoa. Guztia ongi nahastu, eta emaitza PrimeVideo-n ikusgai daukazun “Years & Years” telesaila izango da.