Hogei urte, eta lehengo lepotik burua
Hogei urte bete berri dira orrialde hauetan idazten hasi nintzenetik. Carlos Gardelek esaten zuen ez direla ezer; Victor Jarak, berriz, bizitza betierekoa dela bost minututan. Hortaz, hogei urte, atera kontuak! 2005eko urtarrilean izan zen. Palestinan presidentetzarako hauteskundeak ziren, eta ni prozesuan begirale lanetan parte hartzekoa nintzen, munduko beste boluntario asko bezala. Orduan, bidaiaren kronika batzuk idazteko prestutasuna agertu nion hedabide honi, eta baietz. Garai hartan ordenagailu eramangarririk ere ez neukan, eta gogoratzen dut hauteskunde gauean Ramallahko lokutorio publiko batean aritu nintzela, ordu txikiak arte, Mahmoud Abbasen garaipenaz lerro batzuk idazten. Irakurri nahiko nituzke gaur. Orduko haietan Hamas eta Palestinako Askapenerako Herri Frontea ez ziren aurkeztu, Osloko akordioak onartu ezean, ez zielako euren parte hartzeaz bozketa horiei zilegitasun bermerik eman nahi. Baina hurrengo urtekoetan, Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bai, aurkeztu ziren, eta Hamas izan zen irabazle argia. Eta, ordainetan, Israelgo erregimen kolonialak estatu kolpe bat eman zuen Zisjordanian, eta zigor kolektiboa ezarri zion Gazari, bi hamarkada geroago irauten duen setioa, arduragabekeriaz bozkatzeagatik. Geroztik ez da berriro hauteskunderik izan Palestinan. Eta azkenengo haietan garaile atera zen Lehen Ministro legitimoa, Ismail Haniye, iragan uztailean exekutatu zuen Israelek, Teheranen, haren hiru seme eta hiru biloba garbitu ostean. Eta haiekin batera milaka eta milaka ezabatu dituzte mapatik bi hamarkadatan, iragarritako garbiketa etniko baten baitan.
Zerbait argi geratu bazait idatzizko kolaborazioetako hogei urte hauetan, zera da, ez dela munduan eragilerik zoramen genozida hau geldiarazteko borondatea eta baliabideak dituenik. Borondatea daukagunok milioika gara, baliabiderik ez, ordea. Baliabideak dauzkaten gutxiek, aldiz, borondaterik ez. Eta beste gauza bat ere argi geratu da, hogei urte pasata ere, ezin diodala utzi Palestinari buruz idazteari. •
