Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Entrevue
Reine ALAPINI-GANSOU
Legelari benindarra

«Euskal Herriko eta Afrikako eragileen artean zubi gero eta sendoagoa ezarri behar dugu»

Gasteizen izan berri diren Defendatzaileak Babestuz jardunaldien inaugurazio hitzaldia egin zuen Alapini-Gansou giza eskubideetan adituak. Ondoren, berarekin jardunaldien gaiaz hitz egiteko aukera izan zuen GAUR8k.

(Argazkiak: Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Afrikako giza eskubideen defendatzaileen egoeraren ikuspegi orokorra eman zuen Reine Alapini-Gansou legelari benindarrak Gasteizen, Defendatzaileak Babestuz jardunaldien inaugurazio hitzaldian. Egun berean eta leku berean, GAUR8rekin mintzatu zen.

Giza eskubideen defendatzaileek Afrikan bizi duten egoeraren azaleko deskribapen bat egingo duzu?

Giza eskubideen egoerari buruz hitz egiteko, prozedurari dagokionez, gogoratu behar duguna da Giza eta Herrien Eskubideen Afrikako Batzordeak, kontinentean giza eskubideak ezartzeko organo nagusia denak, urtean bitan egiten dituela bilkurak, eta saio bakoitzean giza eskubideen egoera orokorraren eta giza eskubideen defendatzaileen egoera espezifikoaren azterketa egiten dela. Hala ezarri zen, 2004ko 69 ebazpenean, giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko Errelatore Bereziaren figura sortu zenean. Hala, sei hilean behin giza eskubideen defendatzaileen egoera aurkezten du mekanismo horren titularrak.

Oro har, pertsona horiek atxiloketa arbitrarioak jasaten dituzte, baita jazarpena ere, eta askotan justiziari aurre egin behar izaten diote. Larderia eta indarkeria fisikoa jasaten dituzte; zaintza eta zentsura digitala daude, eta sexu-orientaziorako eskubidearekin lotutako arazo askori eta genero- eta sexu-arrazoiengatiko diskriminaziorik ezarekin lotutako gaiei ere aurre egin behar diete, bereziki emakumeek. Beraz, hauxe da, oro har, giza eskubideen urraketen diagrama.

Pertsona horiek guztiak babestea da erronka, noski. Zer estrategia daude abian horri heltzeko? Eta zer mekanismo legal edo ofizial?

Hori da, erronka da giza eskubideen defendatzaileen babesa indartzea. Ondo iruditzen bazaizu, lehenik mekanismoei buruz hitz egin beharko genuke, eta ondoren, pertsona horien babesa indartzeko behar diren estrategiei buruz.

Mekanismoei dagokienez, judizialak eta judizioz kanpokoak daude. Alde batetik, Giza eta Herrien Eskubideen Afrikako Batzordeak neurri baterainoko tresnak ditu giza eskubideen defendatzaileak babesteko. Giza Eskubideen Afrikako Gortea ere badugu, Giza eta Herrien Eskubideen Batzordearen osagarri dena. Horiek Afrika osokoak dira, eta horietatik kanpo, Afrikako azpieskualde mailan, Mendebaldeko Afrikako Estatuen Ekonomia Erkidegoko Justizia eta Giza Eskubideen Auzitegia ditugu, giza eskubideen defendatzaileen salaketak jaso ditzakeena. Eta mekanismorik garrantzitsuena Errelatore Berezia da, abian jartzeko prozedura asko dituena, hala nola alertak, premiazko eskariak, fiskalari edo Estatuei gutunak bidaltzea informazio gehiago eskatzeko... hori guztia giza eskubideen defendatzaileei beren lana egiten laguntzeko.

Hala ere, gaur egun planteatzen dugun arazoa da mekanismo horiek egon arren giza eskubideen urraketak daudela, eta galde daiteke zer estrategia jarriko ditugun martxan haiei laguntzen jarraitzeko. Uste dut, alde batetik, gizarte zibilak Shelter Cities [arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileekin lan egiten duten hirien, erakundeen eta pertsonen mugimendu globala] bezalako ekimenak sortu ditzakeela, alde guztietatik instalatzen ari direnak. Eta beste estrategia bat, bereziki, lankidetza izan daiteke. Lankidetza bertikala eta horizontala. Horizontalak, Afrikan, aktore afrikarren arteko lankidetza behar luke. Eta bertikala, eskualdeen arteko lankidetza dugu, hau da, Euskal Herriaren eta Afrikaren artean oraintxe bertan abian jartzen ari garena, esate baterako, Afrikako gizarte zibileko eragileei tokian bertan egiten duten lana sendotzen laguntzeko. Lankidetza horri, gainera, eragileen arteko beharrezko elkarrizketa gehitu beharko litzaioke.

Giza eskubideen defendatzaileen inguruko jardunaldiak, hain zuzen ere, lankidetza eta estrategia bertikal horren adibide lirateke, ezta?

Bai. Aztertu behar da zein den egoera, ikus dezagun zein neurritan egin dugun aurrera eta zein neurritan dauden oraindik konpontzeko erronkak, eta nola ziurtatu zubi gero eta sendoagoa ezarriko dugula Euskal Herriko eta Afrikako eragileen artean.

Jardunaldien erronketako bat euskal gizartean gogoeta sustatzea da, Afrikako giza eskubideen defendatzaileak babesten laguntzeko moduaren inguruko gogoeta. Iradokizunen bat, hemendik egin daitekeenari buruz?

Oraingoz, argi eta garbi ikusten dut hemen euskal agintariek-eta gai horren inguruan lan egiteko erakutsi duten borondatea, baita etorri diren afrikar ordezkarien gogoa ere, beren esperientziak tokian bertan partekatzeko, esperientzia horiek dituzten erronkak erakusteko eta puntu positiboak zein diren ikusteko. Hori, lehenengo gauza.

Nire ustez, garrantzitsuena, egiten ari garena, zubiak eraikitzeko eta esperientziak partekatzeko premiarekin zerikusia duen gai global baten aurrean gaudela ikustea da. Beste gai espezifiko batzuk ere eztabaidatzen ari gara, hala nola gobernantza, ingurumenaren babesa, haurrak, emakumeak eta beste batzuk, zeinen inguruan Afrikak arazo handiak dituen.

Ideia horiek guztiak elkartzen ditugunean, agian dokumentu bat sortuko dugu, zein arlo espezifikotan hasi behar dugun lantzen jakiteko. Etorkizuneko lanari buruzko ibilbide-orria garatu behar dugu, kezka garrantzitsuenak eta lehentasunak islatzeko, nahiz eta giza eskubideei dagokienez dena den lehentasunezkoa. Baina benetan giza eskubideak hobeto babesten lagundu nahi badugu, lehentasunak ezarri behar ditugu, eta nire kezka denbora ez galtzea da; denborarik ez galtzea da kontua.

Testuinguru globalak, hau da, orain munduan gertatzen ari den erregresioak, politika-mailan gobernu askotan islatzen denak, giza eskubideen defendatzaileen egoera eta haien babesa zaildu edo okertzen du?

Munduan gertatzen dena da estatuak oro har nolabaiteko bake egoeran daudenean eta gatazka handirik ez dagoenean erosoago sentitzen direla, eta giza eskubideen defendatzaileentzako erreserbak egin ditzakete. Baina nik premia egoeratzat joko nituzkeen egoeretan daudenean, arlo batean edo bestean borrokatzeko politikak abiatzen dituzte, halako edo bestelako kontu baten aurka borrokatzeko politikak, eta giza eskubideen defendatzaileei laguntzeko proposamenak gutxitu egiten dira, nonbait. Beraz, gaur egun gertatzen ari dena normala dela uste dut.

Ez diegu kargu hartuko gaur egun giza eskubideen defendatzaileak zaintzeko baliabide guztiak ez dituztela esaten ari zaizkigun estatuei. Nire ustez, itxaron egin behar da, garrantzitsuena borondatea egotea da, eta gero atertu arte itxaron behar da; izan ere, atertzen duenean, berriro egongo da bakerako eta giza eskubideen defendatzaileen defentsarako interes hori, eta pertsona horiek kemen berritua izango dute beren lanarekin jarraitzeko.

Gaur egun hainbat gerra eta eskubide urraketa gertatzen dira Afrikan, milaka biktima eragiten dituztenak. Badirudi beste leku askotakoak baino oharkabeago gertatzen direla. Ez dut esan nahi Palestinakoak, esaterako, arreta handirik merezi ez duenik, guztiz kontrakoa, baina eman lezake tratamendu desberdina dagoela hedabideetan eta nazioarteko politikan.

Gauzak horrela ez hautemateko promesa egin nion neure buruari, ez bainaiz aktore politikoa, nazioarteko justizia penalean eta giza eskubideetan aditua naiz. Badago egin duzun ohar horren egiaztapena, baina garrantzitsuena da maila bakoitzean zer egiten ari den ikustea. Bestela, ikuspegi hori hautatzen baduzu, benetan zeure buruari traba egiten diozu. Beraz, uste dut kasu bakoitzari bakarka heldu behar zaiola, orokortu gabe, eta jakin, oro har, aktore politiko bakoitzak bere interesen arabera lan egingo duela. Nik askotan esaten diet gure aktore politikoei, bereziki gure aktore politiko afrikarrei, lehenik eta behin beren arazoei beren mailan heltzeko, eta ez itxaroteko beste pertsona batzuk arazo horiek konpontzen laguntzera etorri arte. Horrela ikusten ditut gauzak, ez dut inor salatzen, nahiago dut neure buruari exijitzea.