Iturri zaharreko ur berria
Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik». Joxan Artzek (Usurbil, 1939-2018) poema ezin ederrago batean bildu zuen gogoetak balio dezake urte berrirako atea irekitzeko orduan. Urtea berria izango da, estreinatu gabea, orrialde zuri-zuriekin. Baina bertan paratuko dugun kaligrafiak orain arte bizi izan dugunaren aje guztiak bilduko ditu, onerako eta txarrerako. Pilatutako jakinduria, bidean egindako zaurien orbanak eta zuzentzen zailak diren joerak.
2025. urtea atzean utzi aurretik, atzerako ispilutik begiratu diogu, ikasi ditugunak eta ikasteko geratzen zaizkigunak buruan hartzeko. GAUR8ko urteko azken ale honetan, letra txikia topatuko du irakurleak batez ere, maiz letra txikian izaten baitira gako handienak. Txikia zen Hind, sei urte baino ez zituen. Luzera horixe izan du bere bizitzak: sei urte. “The Voice of Hind Rajab” filmak ekarri zuen bere ahotsa Donostiako Zinemaldira. Israelgo Armadak bultzatuta, Gaza Hiriko Tel al-Hawa auzotik autoz ateratzen saiatu zen familia osoa; Hind bera, osaba-izebak eta beste lau lehengusu. Bidean tanke israeldar batek eraso egin zien eta denak hil ziren, sei urteko Hind izan zen pausatzen azkena. Azken unera arte aritu zen Ilargi Gorriko osasun langileekin hizketan. Eta bizitza laburregi horren azken hitzak jasotzen ditu Donostian aretoa mutu utzi zuen filmak. Batzuetan beharrezkoa da Palestinan hil diren milaka herritarren arteko baten ahotsa lehen lerrora ekartzea. Genozidioaren krudeltasun izugarri horretan, itzalarazi duten bizitza txiki baten doinua akordura ekartzea. Ez dezagun ahaztu milaka hildako horien atzean ahotsak zituzten pertsonak zeudela. Amets handiak zituzten ahots hariak. Palestinaren mina ez da berria, zaharregia den zapalkuntzaren segida da. Eta urtea berria izanagatik, dagoeneko eskuak zikinak ditu.
Txikia zen Estefi Etxebeste (Ituren, 2002) amari sikario batek bizitza kendu zionean. Hinden antzera, sei urte zituen eta bizitzak orban handiegia egin zion bere ume arimari. Orain harri-jasotzailea da, behetik gora datorrena eta pasioz bizi duena hainbeste ordu kentzen dizkion kirola. Bere bizitza okupatuari orduak lapurtzen dizkio harria jasotzeko. Eliteko kirolariaren ahaleginarekin eta grinarekin prestatzen du poltsikora dirurik apenas ekartzen dion kirola. Harria jasotzen duenean bistan geratzen dira mimoz zaindutako eta margotutako azazkalak, bere amaren omenez. Indarkeria matxistaren atzaparretatik amaren omenez kolorez dotoretutako azazkaletara. Harria jasotzen duen aldiro igartzen da iturri zaharretik datorren ur berriaren emaria.
Aitziber Gutierrezek 39 urte ditu eta 17 urte zituenetik egiten du lan Gasteizko lorategiak zaintzen. 2025. urtean sei hilabete eman ditu greban. Enviser enpresako langileek planto egin dute Gasteizko Udalaren parean eta beren eskubideen alde altxatu dira modu kolektiboan. Eredugarria izan da langileen protesta. Bi haur ditu Aitziber Gutierrezek, lau urte bete berri ditu batek eta besteak bi ditu. «Nagusiak oraindik ‘lorezainak borrokan’ oihukatzen jarraitzen du. Telebistan manifestazio bat ikusten duen bakoitzean, esaten du: ‘ama, zu zara. Lortu duzu? Oso ondo ama!». Haur begi horietatik ama heroiaren kaparekin, zer eta borroka kolektibo batean bere eskubideen alde egin duelako. Ez zait bizitza lezio hoberik okurritzen.
Aurten pausatu den Arantza Arrutik esaten zuenez, «borrokak ematen dit bizitzeko poza, brilloa begietan». Joxe Azurmendi ere jiratu da beste mundura eta hark ere garbi zuen, «bizitzari zentzu eta kausa bat asmatu behar zaiok». Ez da premisa makala 2026. urtea zapaltzen hasteko, iturri zaharrari darion ur berriak bustitako zapatekin lehen oinatzak egiteko urte berriari. Emari berri on! •

