Noiz hasi ote zen dena?
Izarren hauts urrunean. Duela 4.600 miloi urte lehertu ziren izarrak, supernoba bat, Big Bang. Eztandaren hondarrak elkarren gainean kolapsatu ziren grabitatearen kariaz; eta sortu zen eguzkia.
Hark sortu zuen mundua, zeruak eta lurra, hitzen boterearekin. Sei egunean sortu zuen dena, eta zazpigarrenean atseden hartu zuen. Hastapen hartan, lurra erabateko kaosa zen, ez zuen formarik. Iluntasun sakona, urak dena estaltzen zuen, eta haren izpiritua ur gainean mugitzen zen. Hitz egin eta dena eraldatu zuen. Argia ilunetik bereizi, eguna eta gaua sortuz. Gero, zerua. Urak bildu zituen lur lehorra ager zedin, eta itsasoa sortu zuen. Lurrak belarra, landareak eta fruta-arbolak ernatu zituen. Ondoren, eguzkia, ilargia eta izarrak, itsas animaliak eta hegaztiak, lurreko animaliak, abereak, narrastiak eta, azkenik, gizakia. Balirudike gizonak akabatuko dituela narrastiak, abereak, izarrak, ilargia, lurra, itsasoa eta argia, Big Bang berriz.
Hiru urtarril periodiko-orri hauetan, hiru Small Bang. Zer diseinu egiten zaio bizitzari? Batzuek marra jarrai bat egiten dute; aitzinera, goiti, beheiti, gibelera. Agian marra etenak bertze norbaitek, kitzikagarria zaiona marraz eta errutina hutsez. iPhonea duenak Instragramera igotako argazkiekin igual. Neronek zirkulu-zentrokideak, arbolek bezala. Urte bat, zirkulu bat; harreman bat, zirkulu bat; lan bat, haserre bat, egikaritu daitekeen ilusio bat… Iraupen anitzeko zirkuluak baina, auskalo noiz itxi egingo direnak. Higiene mentalagatik ixten ditut marra kurbatuak, pasatzen ditut orriak, ez zait ikasitako, irakurritako, edandako, maitatutako, bizitako guztia burmuinean kabitzen, ezta urdailean ere. Urteko azken bertso-saioan erran zuen bertsolariak ongi libratzea dela osasun onaren lehen adierazlea.
Urte berria ez da borobila izango akaso, baina zabalduko ditugu zirkulu berriak eta zarratu bertzeren batzuk. Eguberrietako fantasmek iraganeko mamuak ekarri dizkigute, enegarrenez, eta asmo zahar-berriz hasi dugu urtea.
2026 honetan, faxismoak portzelanazko hortzak erakusten jarraitzen du, motozerrak entzuten dira telebista eta irrati tertulietan. Karikaturagile batek baino hobeki bere burua karikaturizatzen duen presidentea dute Ameriketako Estatu Batuek; Venezuelako presidentea bahitu du arratsez baina mundu guztiaren bistan. Groenlandian jarri du atzamarra, eta ez ote garen ari atzamarrari begira ilargiari beharrean. Afganistanen genero-apartheidak tinko segitzen du, eta gainontzeko herrialde eta nazioon isiltasun konplizeak ere bai. Gazan Israelek palestinarrak patxadaz hiltzen dituen su eten batean bizi dira. Euskal Kultur Erakundeari dirulaguntzak murriztu dizkio Estatu frantsesak. Euskara pizkunde baten bila hasi da Miribillan, Iruñean oihartzuna anplifikatuko delakoan. Eta urtarrilaren 10ean berriz joanen gara Bilbora, konponbidea, bakea eta elkarbizitza eskatzera, erran nahi baita, presoak etxean nahi ditugula, ezin da gehiago luzatu. Eta magma honen erdian gu, bakoitza bere lubaki pertsonalean; ez du geopolitika astintzen, baina gurea da.
Pentsatu dut posible dela zirkuluak zentrokideak ez izatea, eta marra marraren kontra itsatsita egotea, izan ere, hastapen bakoitza iraganeko hasiera baten amaieran ernaltzen da. •


