Gorka Julio
Euskal Herria Digitaleko kidea
{ EUSKAL HERRIA DIGITALA}

Datu-zentroetan burua jarriz

Ilustrazioa: YERAY GASCON
Ilustrazioa: YERAY GASCON

Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroa lurralde estrategiko bihurtu dira datu-zentroen industriarentzat, 5.450 milioi euro baino gehiagoko inbertsioekin. Jasangarritasun eta enplegu narratiben atzean, ingurumen eta gizarte inpaktuak ezkutatzen dira.

Datuak hodeietan gordetzen omen dira, edo hala sinetsarazi nahi digute. Errealitatea oso bestelakoa da: Interneteko bilaketa bakoitzak, gordeta dagoen bideo bakoitzak, adimen artifizial bati egindako kontsulta bakoitzak, ura eta energia kontsumitzen ditu; are, bilaketok lurraldean eragin izugarriak sortzen dituzten eraikin erraldoietan gauzatzen dira. Hego Euskal Herria lurralde erakargarri bihurtu da azpiegitura horientzat, 626 megawatt baino gehiagoko energia ahalmena biltzen duten proiektuekin. Zenbakiek esaten dutena ulertzeko: hainbat hiri ertainen kontsumoaren pareko kontsumoa da hori.

EAE: PARTZUERGO PUBLIKO-PRIBATU BAT ETA MEGAPROIEKTU PRIBATU ERRALDOIA

EAEko hiru lurraldeetan, bi ekimenek markatzen dute sektorearen garapena. Alde batetik, ADI Data Center Euskadi, partzuergo publiko-pribatua, non Eusko Jaurlaritzak (%15), Euskaltelek, Teknei Taldeak eta Dominionek parte hartzen duten; Kutxabank, Iberdrola, Mondragon eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien azken inkorporazioekin. 25 milioi euroko hasierako inbertsioarekin, ADIk bere lehen instalazioa inauguratu du Abandon (Bizkaia) eta beste bi aurreikusten ditu Gipuzkoan eta Araban.

Tamaina handieneko proiektua, hala ere, Merlin Properties-en campusa da, Ribabellosako Arasur industrialdean (Araba), 2.100 milioi euroko inbertsioarekin. Espainiar Estatuko datu-zentro handiena bihurtu nahi du: 300 megawatteko ahalmena hiru fasetan banatuta eta 150.000 metro karratu baino gehiago. Imanol Pradales EAEko lehendakariak lehen fasea inauguratu zuen 2024ko abenduan. Enpresak energia “%100 berriztagarria” duela dio harro, inguruko eguzki plakez osatutako instalazio baten bidez hornitzen delako, eta hozteko uraren kontsumo neutroa duela ere aldarrikatzen du, nahiz eta baieztapen horiek auditoretza independente publikorik ez izan.

NAFARROA: ENERGIA SOBERAKINA OMEN GAKOA

Nafarroa industria honentzat lehentasunezko helburu bihurtzen duen elementu bat badago, hori energia soberakina da: foru komunitateak kontsumitzen duenaren %142 sortzen du. VDR Taldeak Gatzolazko (Zizur) Campus Data Navarra proiektua sustatu da: 3.300 milioi euroko inbertsioa, 300 megawatteko ahalmena -Iruñearen kontsumoaren bikoitza baino gehiago-, eta 2.600 lanposturen promesa. Beste proiektu batzuekin alderatuz gero, datuok beti daude puztuta.

Nafarroako Gobernuak erabateko apustua egin du sektore honen alde: lau milioi euro inbertitu zituen Erriberako energia gaitasuna bikoizteko, beste hainbat enpresa sei zentro gehigarri eraikitzea aztertzen ari diren lekuan. Hala ere, datu-zentroen etorrera airean dago Nafarroan. Energia soberakin hori izanik ere, baliatzeko zailtasunak eta berez proiektu hauek dituzten ondorio kaltegarriek zalantza asko sortzen dituzte.

ENPRESEN PROPAGANDAZ HARAGO

Enpresek proiektu hauek jasangarritasun, berrikuntza eta garapen ekonomikoaren narratiben azpian sustatu dituzte. Baina beste lurralde batzuetan dokumentatutako errealitateek oso bestelako egoera margotzen dute. Lehenengo gatazka puntua uraren kontsumoa da. Merlin-Arasurrek “zero kontsumo” edo “kontsumo garbia” promestu arren, nazioarteko ikerketek erakusten dute batez besteko datu-zentro batek eguneko 1,7 eta 2,2 milioi litro artean kontsumitzen dituela -30.000-50.000 biztanleko hiri baten baliokidea-. Microsoftek, 2023an, 7.800 milioi litro baino gehiago kontsumitu zituen mundu mailan; Googlek, 22.700 milioi. Eta datu horiek ere zalantzakorrak dira beti.

Zentro bat “%100 berriztagarria” dela esatea ez dago beti datuetan oinarrituta. Maiz jatorri bermeko energia berriztagarri zigiluen bidez egin ohi da. Energia jakin bat berriztagarria dela ziurtatzen dute paperek, baina ez dira nahitaez zentroak benetan kontsumitutako energia denak aintzat hartzen. Adibidez, hornikuntza bermatzeko ezinbestekoak diren dieselezko sorgailu osagarriak eta beste hainbat kontsumo ezkutu gutxitan zenbatzen dira.

Hitzemandako enplegu sorkuntzak benetako zifrekin talka egiten du. ADIk zentro bakoitzeko 30 postu zuzen aitortzen ditu; postu bakoitzeko inbertsioaren 72 milioi euro gutxi gorabehera. Industria tradizionaleko 0,5-2 milioien aurrean argigarria oso. Campus Data Nafarroak promes egiten dituen 2.600 postuetatik gehienak eraikuntzako aldi baterakoak dira; langile teknikoetan ekarpena, aldiz, oso murritza da.

BESTE LURRALDEETAKO IKASKETEI MUZIN

“Tu Nube Seca Mi Río” mugimenduak, Aurora Gomezek bultzatua, Estatu espainoleko inpaktuak dokumentatzen ditu. Aragoin, Microsoftek uko egiten dio 87 milioi euro ordaintzeari udal zergetan; La Muelan eta Villamayor de Gallegon 500 urte baino gehiago beharko lituzkete ondasun higiezinen gaineko zergan eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan eginiko salbuespenak konpentsatzeko. Amazonek La Puebla de Hijar-en (935 biztanle) urtero Ebrotik 350.000 metro kubikoko ur kontsumituko dituen zentroa proiektatu du. 2025eko irailean, manifestazio historiko bat izan zen Zaragozan “Ez da lehortea, lapurreta da” lelopean.

Joera globala da. Virginian (Ameriketako Estatu Batuak), biztanleek %267 gehiago ordaintzen dute elektrizitatean datu-zentroen hedapenetik; 2025ean 25 proiektu bertan behera utzi ziren komunitateen oposizioarengatik, 2024ko ezeztapenak laukoiztuz. Txilen, gizarte mugimenduek hiri hezeguneen gaineko kaltea salatu dute. Irlandak eta Herbehereek garapen berriak blokeatu dituzte.

Pedro Arrojo, uraren giza eskubideen gaineko Nazio Batuetako txostengile bereziak, 2025ean txosten suntsitzaile bat argitaratu zuen: «adimen artifizialaren gorakadarekin konputazio eskaria azeleratzen ari da, eta sortu dira ur eskakizun garrantzitsu eta kezkagarriak, kontsumo elektrikoaren igoera dramatikoa eta ur ekosistementzako arrisku larriak». Arrojoren gomendio argia da: aldi baterako moratoria ezartzea eraikuntza berrietan inpaktuen ebaluazio integrala egin arte.

ARAU HUTSUNEAK ETA OPAKUTASUNA

Ez EAEn ez Nafarroan ez dago datu-zentroetarako arau espezifikorik. Ez dago lurralde-karga gaitasunaren azterketarik, kontsumoaren muga metatuaren daturik, gardentasun eskakizunik. Ingurumenaren gaineko ebaluazioak ez dira publikoki eskuragarriak. Benetako ur kontsumorik ez da zehaztu eta erabakiak gaitasun loteslerik gabeko herritarren parte hartzerik gabe hartzen dira.

Campus Data Nafarroak «ur baliabideetarako sarbidea» aipatzen du funtsezko faktore gisa, baina kuantifikatu gabe. Merlin-Arasurrek, berriz, “zero kontsumoa” aldarrikatzen du egiaztapen independenterik gabe. ADIk ez ditu hozte-sistemak eta proiektatutako kontsumoak adierazten xehetasunetan. Erriberako sei proiektuak zeharo opakuak dira: enpresen izenak, kokalekuak, ezaugarri teknikoak, dena ezezaguna da.

GARDENTASUNAZ GAIN, EZTABAIDA FALTAN

Euskal Herriak eztabaida publikoa behar du: zer garapen teknologiko eredu nahi dugu? Adimen artifizialeko zerbitzu globaletarako baliabideak kontzentratzen dituzten megazentroak edo inpaktu txikiagoko azpiegitura banatuak? Bulegoen eta korporazioen artean hartutako erabakiak, edo eraginak jasaten dituzten komunitateak biltzen dituzten parte hartze prozesuak?

Erakunde kritikoek alternatibak proposatzen dituzte: Nazio Batuek gomendatu bezalako aldi baterako moratoria, auditoretza independenteetarako gardentasun behartua, gaitasun loteslea duen herritarren parte hartzea, ur edangarriaren erabileraren debekua, inpaktu metatuaren ebaluazioak, onura fiskalak ingurumen estandar zorrotzen betetzearekin lotzea. Bitartean, proiektuak aurrera doaz. Arasurreko lehen fasea jada funtzionatzen ari da; ADI instalazioak zabaltzen ari da; Campus Data Nafarroa onespenaren zain dago. Hodeiak hazten jarraitzen du, eta harekin batera, onura fiskal zalantzagarriak eta ingurumen inpaktu nabarmenak sortzen dituen industria garatzen doa gure lurraldean, baliabide funtsezkok hipotekatuz enplegu mugatuko ekimenetan.

Galdera ez da zentroak etorriko diren -dagoeneko hemen daude-, baizik eta interes kolektiboa enpresa etekinaren gainetik, jasangarritasun erreala greenwashing-aren gainetik eta parte hartze demokratikoa erabaki opakoen gainetik lehenetsi dituzten baldintzen azpian egingo duten. Oraingoz, erantzunak ez du optimismora gonbidatzen.

Burujabetzak paper funtsezkoak du alor honetan. Datu-zentroak hurbil izatea komeni da, eta ez dute nahitaez erraldoiak izan beharrik. Eskala anitzekoak izan daitezke. Eskala handiagokorik behar denean, guztion artean eztabaidatu behar da nola garatu, baina ingurumen eta gizarte inpaktuak kontuan hartuz, kontrol demokratikoarekin, eta, irabaziak izatekotan, tokiko biztanleentzat izan daitezen posible eginez.

Azpiegitura hauek beharrezkoak dira, eta izango dira. Eztabaidatu behar da nola garatu, eta hor hutsune handiak ditugu oraindik. Ez gara inolaz ere burua teknologia burujabetzan jartzen ari. Desazkunde digitalarena ideia interesgarria eta beharrezkoa da. Baina, horrekin batera, azpiegitura hauen burujabetzan ahalik eta gehien sakontzea ere lehentasunezkoa da. Kasu honetan burujabetzak burua jartzea ere esan nahi du.