Oier Imaz
Filosofoa
{ DATORRENA }

Jainkoa, edo jainkoa bezala

Pasa den urtarrilaren 26an, Peter Thiel izan zen Frantziako Europa eta Nazioarteko Gaietarako Ministerioaren egoitzan, Parisen. Harrera egin zion Jean-Noël Barrot Kanpo Aferetako ministroak eta hitzaldia eman zuen Academie des science morales et politiques ospetsuan. Palantir datu sistemen kudeaketa enpresaren buru da Peter Thiel eta zerbitzua eskaintzen dio, besteak beste, Frantziako DGSI Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Orokorrari. Abenduan eman zuten jakitera akordioa berritu dutela, hiru urterako, datuen kudeaketan lagundu dezan, besteak beste, terrorismoaren aurkako borrokan. Hor arte, dena normal, edo ez oso harrigarria behintzat.

Aldiz, komunikabideetako lerroburuak… «Peter Thiel et son Antéchrist débarquent à l’institut de France» (“Libération”), «Peter Thiel à l’Académie des sciences morales et politiques pour parler de l’Antéchrist devant un group de travail sur la démocratie» (“Lemonde”) edo «IA, drogue et Antéchrist… Le discours halluciné du milliardaire Peter Thiel devant l’Académie des sciences morales et politiques» (“Télérama”).

“Huffington Post”-en Frantziako edizioan egin zioten erreseina laburrak dioenaren arabera, Peter Thiel 1968an Alemanian jaio zen, urtebete zuela mugitu zen bere familia Ameriketako Estatu Batuetara eta 1971n Hegoafrikara. Bertan jasotako heziketa supremazista nabarmentzen zuten “The Guardian”-en; apartheidaren eraginkortasunaren defendatzaile konbentzitua da Elon Musk edo David Sacksekin batera (“Paypal mafia”). 1998an, Paypal plataforma sortu zuen, online ordainketak kudeatzeko plataforma ezaguna, gerora Ebay-ri saldua 1,5 bilioi dolarren truk. 2003tik Palantirreko sortzaile eta buru da; datuen integrazio eta analisian espezializaturiko enpresa. Adibidez, Palantirrek sortua da Minneapolisen pertsonen identifikazio eta momentuko lokalizazioa egiteko AEBko ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrak baliatu duen datu-basea. Bere ondare pertsonala 21,7 bilioi dolarretakoa zen 2025ean, Bloomberg-en arabera. Edonola, bere kapitalaz gain, nabarmentzen da bere ekarpen “intelektuala”.

Ikasketak Stanforden egin zituen, lehenik filosofia eta gero legeak. “The Stanford Review” aldizkariaren sortzaile izan zen 1987an, garaian nagusi zen ikuspegi liberal eta “politikoki zuzenari” aurre egiteko asmoz. Esaterako, bere aldizkarian kexu ziren Mendebaldeko kultura eskakizuna ordezkatu zutelako «by minor writters chosen for blatantly left wing political reasons…» (“The Stanford Review”, 1988). Bere azken agerraldietan nabarmendu izan du 70eko hamarkadan hasi zela desastrea; ilargian oina jarri eta hiru egunetara ospatu baitzen Woodstock festibala. Ondotik, hippyen agintea eta momentu gorena, Greta Thunberg; birbanaketa, justizia klimatikoa, humanismoa… antikristoa. Esan dituen astakerien sekuentzia kasik amaigabea da, eta hain da esoterikoa, irringarria ere badirudiela, ez balitz Europako hainbat gobernuren segurtasun zerbitzuen datuak kudeatzen dituen enpresaren jabe eta buru dela.

Serio hartuz gero, hitzaldi argigarria eman zuen Libertopia festibalean 2010ean. Sistema errepresentatiboan oinarrituriko antolaketa demokratikoak ez du ezertarako balio. Denbora gehiegi pasatu behar duzu besteak konbentzitzen. Jakinik, argienak beti gutxiengoan izango direla eta, horrenbestez, ez dutela gaitasunik izango hauteskundeak irabazi eta beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Horiek horrela, auzia ez da gehiago politika konpontzea, baizik eta politikari ihes egitea. Eta teknologia da bidea. Beste modu batera esanda, teknologia da, bere hitzetan, beste inoren oniritziaren zain egon gabe mundua unilateralki aldatzeko bidea. Arriskuak ere identifikatzen ditu, garapen teknologikoa ez dago emana. Politika, estatua eta erregulazioa eraginkorrak dira bere hazkundea oztopatzeko. Aldiz, aukerak ere identifikatzen ditu. Gobernua, politika eta arauak (edo Greta Thunberg) deabrua diren bezala, teknologiaren bidez norbanako askea irits daiteke jainkoa izatera, edo jainkoa bezalakoa. Adibidez, Peter Thiel bera. •