Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Morboaren kalanbrea

Kalean bada eskelak jartzen dituzten erakusleiho txiki bat, paretan zintzilik. Duela gutxira arte paseoan zebiltzanen argazki arrarotuak ikus daitezke. Inor ez dago natural bere eskelan.

Batzuetan ez da beharrezkoa izaten heriotzaren leihotxo horretara gerturatzea hil denaren nolakotasuna igartzeko. Jende asko biltzen denean, urrunetik asma daiteke gertatu dena: herrian oso ezaguna den norbait hil da, hiltzeko gazteegia begitantzen den norbait edo lauzpabost eskela daude eta kasik ez dira kabitzen kristal horretan. Egia da, era berean, eskelen inguruan jende multzotxo bat dagoenean begira, konturatu gabe, jende gehiago batzen dela begiratokira. Kuriosoa da heriotzak bizidunengan sortzen duen morboaren kalanbrea.

Kontua da azken asteotan bitan zartatu zaidala barrena hortik pasatzean. Ez eskela bat edo beste ikusi dudalako -heriotzak beti tentetzen du azala-, begira zeudenei entzun diedanagatik baizik. Duela aste batzuk, nire aurretik kalean gora bi emakume, 70 urte bueltakoak. Gerturatu da bat eskelen kristalera eta desengainatuta eman du buelta, «hori atzo ere hilda zegoen!». Hildako berriren bat espero zuen nonbait. Albisteen webgune batera sartu eta goizean ikusitako albisteek arratsaldean hor segitzen dutela ikustea bezala da: «Oraindik ez al da triskantza berririk gertatu? Oraindik ez al da beste inor hil?». Eta aste honetan bertan, antzeko egoera. «Halako hil da», esan dio gizonezko batek besteari. «Jesus, motel, larunbatetik dago hori hila!», bestearen erantzuna, astelehen arratsaldez.

Presaren eskizofrenia honetan, albisteek etengabe asaldatzen gaituzten garaian, patxada galdu ote dugu heriotzari tokia egiteko ere? Kasik inork ez dauka hiltzeko presarik; ez dezagun hildakoen orrialdea pasatzeko presarik izan. Pausatzen denak maite dutenen arnasa mozten du, denbora minutuz eta segundoz hustu, dena zulo egin. Aukera bat izan daiteke kristalaren beste aldeko eskelari isilik eta errespetuz begiratzea. •