ANDONI ARZALLUS
Esku propioz eta pazientziaz, bertute baino derrigorrezko baldintza dela jakinik, egiten ditu musika eta dantzarako tresna tradizionalak. Luthier hitza handiegia omen, baina artisautzaren munduan profesionalki murgiltzen ari da. Ondarea jaso eta berritu nahian dabil eta Gipuzkoan halako lanak egiten dituen artisau profesional bakarra da.

T oki «pribilegiatu» batean, Usurbilgo Etxebeste kalean, herriko plaza nagusiaren albo batean du tailerra Andoni Arzallusek (Usurbil, 2001). Luthier hitza «handiegi» gelditzen zaiola dio; erosoago sentitzen da artisau izendapenarekin. Bere esku propioz lantzen du egur tropikala, musika eta dantza tresna pieza errepikaezin eta erreplikaezinak egiteko. Arenza tailerrean sortzen den tresna bakoitza bat eta bakarra baita.
Artisautza hitza latinezko artis, artea edo trebetasuna, eta manus, eskua, hitzetatik dator. Eta zentzu osoa ematen dio Arzallusen lanari. «Eskuz egiten ditut, ez diot logikarik ikusten teknologia edo makina automatikoa erabiltzeari eskuz egin beharreko lan batean». Laguntza pixka bat du, noski, tailerreko gela nagusian ditu 60ko hamarkada inguruko tornu berde bat eta bestelako makinak lana arintzeko, baina egun garatuagoak diren teknologiak ez ditu erabiltzen. Zizelak, lixak eta bestelako erremintak dira nagusi Arzallusenean.
Orain, musika tresnak egiten ditu Arzallusek. Baina musika tresnekin harremana lehenagotik du, musika tradizionaleko instrumentu jolea baita lehenagotik. Formazioz perkusionista da. Herriko musika eskolan ikasi zuen. Horrez gain, Hernaniko hainbat elkartetan jotzen du. «Kuriositateak eramanda», txirula, txistua, gaita nafarra eta alboka jotzen ere abila da. 2021ean hasi zen instrumentuak konpondu eta egiten. COVID-19 gaitzaren ondorioz murriztutako aisialdiak imajinazio ariketa handiak eragin zituen eta hori izan zen Arzallusen kasua. «Garai hartan ezin genuen kanpoan jo eta, ondorioz, pentsatu genuen modu batean edo bestean, kanpoan egin ezin genuen hori etxe barruan egitea izan zitekeela irtenbide bat».
Lagunarteko elkarrizketa moduan hasi zenak forma handiagoa hartu zuen gero. «Batek esan zuen interesgarria izan zitekeela tornu txiki bat erosi eta guretzako makilak eta antzeko kontuak egiten hastea». Esan eta egin. Hiru lagunen artean hasi ziren lanean. Tornua eta erreminta batzuk lortu eta «trasteatzen» hasi ziren. Berak bakarrik jarraitu du. «Ez zitzaidan hain gaizki ere eman eta hobetzen segitu dut gaur egun arte». Norekin frogatu ere badu. Anaia ere perkusio jolea da, egun kontserbatorioan ikasten du eta hark frogatzen ditu Andoniren tresnak. «Hark esaten dit zer aldatu. Mailan gorago dagoen norbaitek aholkatzea beti da komenigarria».

Hainbat arrazoi pilatu zitzaizkiola azaldu du. Hasteko, kuriositatea eta beharra, «ezin baikenuen kalera atera»; biek neurri berean bultzatu zuten Arzallus musika instrumentuak egiten hastera. Errelebo faltaren hutsunea ere nabaritu zuen hasi zenean. «Jende asko jubilatu egin da edo hilda dago. Gazteren batek hemen sartu beharko zuela pentsatu nuen». Musika tresnagintzan formatzeko eskolarik ez dago Euskal Herrian. Profesionalki horretan jardun nahi zuela erabaki zuenean, kanpora ikastera joateko erabakia hartu zuen. Lehen urtean Vigoko Arte eta Ofizioen Eskolan egon zen. Gaita galiziarrak eta flauta tradizionalak egiten ikasi zuen bertan. «Hemengo eta hango musika tresna tradizionalak nahiko antzekoak dira. Fisikoki eta mekanika aldetik ere bertsuak dira».
Formakuntza ofizialaren bidea hartu aurretik, halere, Arzallusek bestelako bide bat jorratu zuen: jubilatzear ziren artisauengana jo zuen haien ondarea jasotzeko. Aurrez, ordea, modu autodidaktan hasi zen ikasten. Frogatu, erratu eta berriz hasi. «Gezurra dirudi, baina Interneten informazio asko dago eta beste artisauei begiratuz asko ikasten da. Behin kokatua nengoela inguruko artisauengana jo nuen, konfiantza nuen haiengana hurbildu nintzen. Haien sekretuak ikasi nituen, esperientzia eta denboraren poderioz urtetan landutakoa, alegia».
Otazuko Jose Ossesen alboan albokak egiten ikasi zuen. Tolosan, Joxe Manuel Agirre perkusiogilearekin adabakiak jartzeko eta danborrak tenkatzeko teknikak jaso zituen. Salvador Martinez Lizarrako gaiteroa zenarekin dultzaina edo gaita nafarrentzako ahokoak egiteko kanaberak nola jaso ikusi zuen. Bertatik bertara jaso zuen jakinduria hori. Ofizioa eskuekin egin eta begirada biziz jasotzen baita. «Euskal Herrian ez dago musika tresna tradizionalen inguruko formakuntza. Gauzak diren bezala, mundu hau beti izan da sekretismoaren inguruan eraikitako mundua».

Arzallusek azaldu du musika tresna tradizionalen negozioa ez dela bereziki eskari handia duen eremua. «Beti behar da eta beharko da norbait instrumentuak egin eta konpontzen dituena, baina ez dago dozena bat tailer, asteko bost eguneko jornada batekin eta lanaldi osoan. Ez dago jardun hori elikatzeko eskaririk», eta, beraz, askok ez dute ofizioa irakatsi nahi izan, haiena babestu nahian. Belaunaldi berrien jarrera beste bat da, ordea: «Hemen, edozein eskola edo jatorrikoa izanda ere, ateak beti izango ditu zabalik edonork. Sekretismo horretan ez dut sinesten. Hemen kultura eta ondarea bizirik mantentzeko garrantzitsuena edo gakoa partekatzea da, transmisioa. Kate baten katebegi bat gehiago naiz».
Musika tresnak egiten ditu Arzallusek, baita konpondu ere. Kontsumismoak jota dagoen mundu batean, musika tradizionalaren eremua ez da salbuespena. Kalitatea da produktu artisau batek duen abantailetako bat. Beste abantailetako bat: neurrira edo gustura egindako eskariak egin ditzakezula. «Hemen munduko beste ezer ez didate eskatzen». Baina nabarmendu du behinola egindako lan bat: Trio Zukan taldeari kontzertu baterako neurrira sortutako instrumentu berezi batzuk egin zituen, «banbu kanabera nahiko lodi batzuekin, raka-raka batzuk egin nizkien». Estimua, ordea, egindako pieza guztiei die neurri handiagoan ala txikiagoan: «Zuregana jotzea eta norbait zuk egindako musika tresna bategatik dirua ordaintzeko prest egotea beti apreziatzen da».
Euskal Herriko bezeroak ditu normalean, baina Galiziatik eta Errioxatik ere jaso ditu enkarguak. Musikariak dira batzuk eta kalean jotzeko tresnak nahi dituzte, beste askok dekorazio modura jartzen dituzte instrumentuak etxean. «Denetik dago». Lan kargari edo sasoiei dagokionez, lana nahiko egonkorra dela dio. Akaso sansebastianak bezalako festak dira lan handiena pilatu dakioken garaia, «danbor eta barril guztiak fabrikatu edo konpondu behar izaten dira Donostian eta Azpeitian». Orokorrean, ordea, beharra une orokoa izaten da: «Musika tresnak edo konponketak behar dituen jendeak urte osoan jotzen duenez, bertsu mantentzen da eskaria».
Erraldoiekin dantzan ere aritzen da Arzallus, eta antzerkigintza ere gertutik bizi izan du. «Hemen, arraroa dena, ez da egun bakarrerako izaten arraro!». Ez da geldirik egotekoa, eta tarteka dantza taldeentzako materiala ere egiten du: makilak, ezpatentzako heldulekuak, brokelak, buruzagi testiguak... Askotan falta izaten diren piezak direla azaldu du, eta, horrez gain, bere ikuspegitik «berrinterpretatu edo hobekuntzak egiten saiatzen» dela dio. Fabrikazio aldetik ez du «gelditasunik» sumatzen, baina, estetikari dagokionez, «musika tresnak beti ikusi izan ditut forma edo itxura berdinekoak. Nire helburua ere bada estetika horrekin pixka bat haustea, zigilu muturretara joan gabe, baina nire zigilu pertsonala jarrita». Galizian teknika batzuk ikasi eta ekarri egin ditu. Besteak beste, torneatuen forma aldatu du, eraztunen forma berriak sartu ditu... «Batzuei gustatu zaie eta beste batzuei ez. Baina gutxienez zerbait desberdina egin dut». Itxuraren garrantzia handia dela dio, «instrumentu bat beti sartuko zaizu begietatik», baina argi du zein den funtsa: «musika tresna batek musika egin behar du, musika ona».

Urte batzuk igaro dira afizioa ikasgai izatera igaro zenetik, eta, orain, ikasgaitik ofizioa atera nahi du Arzallusek. Musika eta dantza instrumentugintza artisaua ogibide bihurtu nahi du, eta, horretarako, autonomo egiteko tramiteetan murgilduta dabil. «Hemen ordutegi finkorik ez dago, hori edozein autonomok daki. Zortzi ordu zorrotz ez ditugu egiten». Zorionekoa dela dio hala ere; etxe azpian du tailerra, familiak utzita. «Oso eskertuta egongo naiz beti». «Goizeko zortzi eta erdietan hona jaitsi eta arbelean ditudan enkarguak egiten hasten naiz».
Eskuak dira Arzallusen lan tresna nagusia, noski. Baina hainbat makina eta erremintatan inbertsioa egin behar izan du. Altxor txikiak ere eskuratu ditu. Aspaldiko itxura duen tornua «60ko edo 70eko hamarkadakoa da. Gaur egungoak baino hobeto dabil, apenas ez dit arazorik eman!». Hasieran tornu txiki batekin aritzen zen arren, segituan handiago bat eskuratzeko beharra sentitu zuen. «Cumbre markako 022a da. Marka eta modelo zehatz hori nahi nituen. Zorte handia izan nuen. Ez nuen espero, baina Donostiako industrialde batean topatu nuen». Gehiago kosta zitzaion tailerren sartzea. Pisuaz gain, bi metro ditu luzeran eta sakoneran beste metro bat inguru. Bere beharretara apur bat moldatu du. Eskuz ematen die forma kanpotik musika tresnei, eta, beraz, eskuz torneatzeko euskarri bat eta motor txiki bat gehitu dizkio. Tornuari bizkarra ematen zorroztarri bat du, zurgintza lanetarako propio sortua. Zulo melodikoentzako fresatzeko eta zulatzeko makina bat du, eta, noski, horrez gain, labanak, pintzelak, lixak eta eskuzko bestelako tresneria mordoa. Hasieran imitazioz egiten zuen lan, baina Vigon prozesuaren garrantzia zein pisuzkoa den ikasi zuen: «Asko lagundu zidan kanpora joateak, ez soilik musika tresnak egiten ikasteko, alderdi bakoitza lantzeak zertan eragiten zuen ere ikasi nuen. Hori asko eskertu dut, egia esan».
Egun bakoitza desberdina da Arenza tailerrean, enkargu motak eta kopuruak asko eragiten baitu. Arzallusek sare sozialak erabiltzen ditu bere lana ezagutzera emateko. «Lehenik eta behin, sare sozialen aro honetan jaiotakoa naizelako, eta, beraz, erraztasun hori ere badudalako». Hainbat publikotara iristeko modu egokia iruditzen zaio, heldu zein gazte. Momentuz bakarka arituko da tailerrean lanean, ez du inguruan prest den kiderik, eta aitortu du ez dela erraza halako proiektu edo negozio bat martxan jartzea, baina gogoa eta ilusioa izanda maldak asko txikitzen direla dio. «Zugan sinestea da garrantzitsuena». •

