«Red flag» eraikiak

Mendebaldeko arkitekturaren historia, pizkundeaz geroztik, identitate gatazka dual batek sortutako gorputzetan irakur daiteke. Pentsamolde bat irudikatzen zuen arkitektura estilo bat garatzen zihoan krisi edo aldaketa momentu batera iritsi arte. Orduan, gailendu egiten zen iragan “sakratu” batera, klasikotasunera, itzultzeko joera. Itxura hartzen?
Erdi Aro “iluna” gainditu ostean (gotikoa argiaren arkitektura bazen ere), berpizkundeak, arrazoiaren arkitekturaren bilaketan, Grezia eta Erroma klasikora jo zuen inspirazio bila. Arkitektura errenazentista agertu zen orduan, forma klasikoak berrinterpretatuz, eta pixkanaka garatzen joan zen monarkia absolutistek beren egin zuten barroko hanpatsuari bide eman arte. Monarkia totalitarioen kontrako iraultzek eta modernitatearen iritsierak lehenengo nazio estatuak eratu zituzten, eta hauek berriro ere neoklasikora jo zuten haien instituzioen eraikuntzak egiteko, iraganeko demokrazietan zilegitasuna bilatuz edo.
Industrializazioaren bidez garatu zen mugimendu modernoak atzera-aurrera zihoan estiloen segida eten zuen ia, horrenbestekoa izan baitzen ekarri zuen aldaketa teknikoa. Mugimendu hori gailurrera iristen ari zen XX. mende hasieran, faxista zein komunista abangoardien eskutik. Mugimendu horiek boterera iristeak berriro ere iraganeko inperioen boterea imitatzen zuen arkitektura monumental klasiko batera itzultzea ekarri zuen.
Bigarren Mundu Gerraren ostean estiloak difusoagoak izan ziren. “Estilo internazionala” deritzonari jarraiki berreraiki ziren europar hiri asko, baina haren hoztasunari erantzuteko, postmodernitateak berriro ere iruditeria klasikoa berreskuratu nahi izan zuen 70eko hamarkadaren bueltan.
Gaur egun estilo bakarra dagoenik esatea ezinezkoa da, adarkatze eta joera askok elkarrekin partekatzen baitute espazioa. Baina egungo dibertsitate horren aurrean, agertzen ari da klasikora itzultzeko mugimendu bat, berriro ere, botereak hauspotua.
Donald Trump AEBko Gobernura iritsi zenetik, herrialdearen «dekadentzia»-ren aurrean haren urrezko garaiak gogorarazi nahi dituzten hainbat megaproiektu aurkeztu ditu. Etxe Zuriko dantza areto berriak jeffersoniar (neoklasiko estatubatuar) estilo zorrotza du, aita fundatzailearen irudiak sortzen duen errespetua bereganatu nahian. Modu berean, Erroma edo Pariskoen moduko garaipenaren arku bat ere egin nahi du herrialdearen 250 urteurrena ospatzeko. Trumpek bere burua Constantino edo Napoleon garaikide baten modura ikusten du segur aski, eta izan, bada, tiranoa den aldetik bederen.
Baina presidentea ez da klasikoa begiz jo duen bakarra. Gero eta gehiago ikus daitezke arkitektura barroko edo klasikoari gorazarre eginez, gaur egungo arkitektura pragmatikoa gutxiesten duten iritziak. Gai askotan ultraeskuinetik oso hurbil dauden profil horiek, klasikotasunaren falta, Mendebaldearen dekadentziarekin eta “hirugarren mundutzearekin” lotzen dute. Erraza da konparaketa horien zentzugabekeria desmuntatzea. Versailles errege tirano baten aginduz eraiki zuten milaka langilek baldintza negargarrietan, eta, halere, ez zegoen ez berotze sistemarik ez bertan ospatzen ziren jaietan parte hartzen zuten nobleek gorputzekoak egiteko tokirik ere. Hotza eta kiratsa erregearen gortean.
Baina egiak, dakigun moduan, ez du garrantzi askorik egunotan. Irudia da dena, eta urrea, marmola eta handitasuna, oparotasuna eta garai hobeak modu sinplean irudikatzen dituzten irudiak dira. Eskuin muturrak inoiz izan ez zen garai bat berreraiki nahi du, nostalgia izanik haren diskurtsoaren motor. Garai konplexuen aurrean, iragan ustez hobe batean daude erantzun sinple guztiak. Eta horretarako, ez izan dudarik, iraganean egiten ziren basakeria berak egiteko prest daude.
Ez ulertu gaizki, hau ez da estilo klasikoen aurkako kritika bat, estilo hori garai berrien ikur gisa baliatu nahi duten horiekiko ohartarazpen bat baizik, klasikotasunaren goraipamenaren atzean ia beti agertzen baita neofaxista bat.
“Red flag” berria ote? Kasu! •



