Abiaduraz
Erdi txantxetan erdi benetan errepikatzen dut azken hilabeteetan: gehiago gustatzen zitzaidan XX. mendea XXI. mende hau baino. Esaldia nahiko tranpatia ere bada, zertarako esan gezurrik: aurreko mendeko zazpi urte soilik bizi izan nituen, eta, beraz, elementu objektibo gutxi dauzkat baieztapen borobil hori botatzeko. Memoria, gainera, beti da tranpatia, eta inoiz ez zait gehiegi gustatu nostalgiaren bide horretatik jotzea: iragana errazegi manipulatu ohi dugu, eta gure oroimenaren eraikuntza idealizatzeko joera egunerokoa dela iruditzen zait.
Maizegi entzuten dugu: «lehen kalean egoten ginen, orain mugikorrari begira bizi dira»; «lehen betiko tokian agertu eta bazenekien norbaitekin eginen zenuela topo, orain hitzordua jartzeko ere Whatsapp elkarrizketa amaigabeak ditugu»; «gutxiago genuen eta pozik bizi ginen». Edo entzun dezakegu: «lehen hartzen ziren konpromisoak iraunkorrak ziren»; «lana, etxea eta familia bizitza osorako asegurua»; «gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia da oraingo gazteena».
Berezko joera iruditzen zait: sozialak garen heinean, memoria eraiki eta gure errelatoak sortu eta partekatzen ditugu, baina ez dira egia, edo parte partzialak besterik ez. Gutxi gustatzen zaigu esaldi horien “B parteari” begiratu eta iraganari ere beste modu batez begiratzea, zeren eta esan genezake: «Internetek eta sare sozialek arrisku asko dituzte, baina beharbada haurtzaroan -kalean, eskolan, espazio publikoan- baztertua izan den horrek beste aukera batzuk izan litzake»; esan genezake: «ez dakigu garai hartan gutxiago izate horrekin konformatzen ote ginen»; esan genezake: «konpromiso iraunkor horiek zein Jainkorekikoak ziren eta zer ezkutatzen zuten atzean?»; «lana, etxea eta familia bizitza osorako asegurua edo bizitza osorako kondena, menderakuntzaren jatorri eta erabakitzeko gaitasunik eza ere badira».
Esan genezake: «okerrago bizitzea definitu beharko genuke». Nondik begiratzen zaion. Izan ere, bada elementu bat errelato horietatik kanpo geratu ohi dena, gehienetan, sarriegi. Azken hamarkadetan, norbaitek okupatu baditu berarenak ez ziren lekuak, norbaitek hautsi baditu etxeetako eta espazio pribatuko mugak, norbait intsumiso egin bada heterosexualitate -eta amatasun- derrigorrezkoaren aurka, emakumeak* izan dira. Esan genezakeelako, adibidez, duela ez hainbeste emakumeek ez zutela erabakitzen ez beren gorputzen gain, ez beren ezkontzen gain, ez beren orainaren ez beren etorkizunaren gain. Tutore legal papera jokatzen zuten senar eta aiten menpe zeuden. Duela ez hainbeste.
Begirada konplexuagoa izan behar da. Edo subjektu unibertsala zein den zalantzan jarri, besterik gabe.
Iraganera nostalgia txiki batez begiratzen jarraituko dut nik, hala ere, hemen bota ez ditudan arrazoiengatik. Baina mundua hainbeste aldatzen ari denez eta hainbeste alorretan, uste dut halako abiadurak ez digula gertatzen ari dena ulertzen uzten. Iraganari nostalgiaz begiratzea, beharbada, horren parte izanen da: segurtasuna eta erantzun argiak bilatzeko modu bat. Baina iragana ez zen halakoa izan -bakarrik-, oraina ere hain beldurgarria ez den bezala: XX. mendea faltan sumatuko dut nire fantasietan, baina inportantea da hori -ere- fikzioa dela jakitea. Nondik begiratzen zaion, dena aldatzeko aukerak ere ez daitezen gero eta murritzagoak izan. •

Auzolana zainetan: Baliarrainen egunero josten dute komunitatea

Urpekari profesionalek Ondarroako portuan dituzte trebatzeko gela berriak

«Israelen helburua da Palestinako ahalik eta lur azalera handiena kontrolatzea, ahalik eta palestinar kopuru txikienarekin»

