Hondakinak

Herrialde aberatsak deritzogunei, herrialde zikinak esan beharko genieke. Jakin badakigu ohiturako hartu dugun bizimoduak demaseko zabor tona kopurua sortzen duela. Seguru denon memorian badugula pilaturiko zaborrezko mendi tontor amaigabeen irudiren bat. Erradiografia bat egin nahi izango bagenu, herrialde batek egunero sortzen duen zabor tona kantitatea lortzerik den kasuetan, datuek ikara sortzen dutela onartu beharko genuke. Jangarriak diren baina botatzen diren janari tonak. Erabilera bakarreko hainbeste kartoi eta plastiko. Kudeatzea garestiegi ateratzen den hondakin tonak. Eta zabor teknologikoa; gordetzen ditugun mezu elektroniko, telefonoko argazkiak, jasotako bideoak. Ondorioa: hondakin mota guztiok espazioa okupatu eta baliabideak xahutzen dituzte.
Zenbait daturen arabera, espainiar Estatuan 0,4 tona/biztanleko sortzen da urtero, eta zaborren %35 inguru eraikuntzako sektoreak sortzen ditu. Adreiluaren garaian %80 izatera iritsi zen portzentaje hori. Eraispen lanetan eta obra publikoetan sortzen dira hondakin gehienak. Eraispen eta eraikitze-lanetako hondakinen artean hormigoia da gaur-gaurkoz hondakinen artean errege, hondakin guztien erdiak hormigoizkoak dira. Zeramikazko materialak datoz ondoren, eta, segidan, igeltsuak, beirak, egurrak, plastikoak, harriak, kartoiak eta bestelakoak. Eraikuntzako sektorearen hondakinen sorrera joera gorakoa da, aktibitatea indartsu dagoen seinale. Horregatik ez da azaleko kontua eraikuntzako hondakinen kudeaketa serioa
Hondakin kantitatea txikitzea bezain garrantzitsua da sortutako hondakin kantitatetik zenbat txertatzen den ekonomia zirkularrean. Hau da, zabortegian bukatzen ez duten tonen kantitatea murriztea. Birziklapen eta berrerabiltze tasa espainiar Estatuan %30ekoa da; Europan, Danimarkak dauka tasarik altuena, %80koa. Berreskurapen tasa on bat lortzen duten herrialdeetan, desegoki kudeatutako zaborren gaineko zigor-isun altuek, administrazioak egiten dituen ikuskapen lan zorrotzek eta zabortegiratze kostu altuek ahalbidetzen dute hori. Eta, jakina, barneratuagoa dute obrako hondakinak ez direla mendian gaueko ordu txikitan bota behar.
Hondakinen kudeaketa, hondakina sortzen den lekuan hasten da, eraikuntzako obran bertan. Etxean egiten dugun bezala, materiala deuseztatzeko garaian zabor mota bakoitza banatu, sailkatu eta dagokion gordailuan utzi behar da. Lan nekeza azkar egin nahi den edozein lanen kasuan. Eraikuntzan, gainera, kontu handiarekin jokatu behar da kutsakorrak eta arriskutsuak diren materialekin; manipulazio eskakizun bereziak bete behar dira kasu horietan. Eraikuntza-hondakinen trataera lanak egiten dituzten instalazioetan, iristen den materiala bahetu eta txikitu egiten da. Lortzen den legarra drainatzeak edo errepideen oinarriak egiteko berrerabiltzen da. Hormigoia berriz egiteko aukera ere egon badago berez, baina kontuz ibili behar da kutsaturik ez dagoela ziurtatzeko orduan. Berreskuratzen den harri txigortuaren ezaugarriak ez dira harri naturalaren berdinak. Edonola ere, hondakinak material izaera berreskuratzea gauza handia da. •

Auzolana zainetan: Baliarrainen egunero josten dute komunitatea

Urpekari profesionalek Ondarroako portuan dituzte trebatzeko gela berriak

«Israelen helburua da Palestinako ahalik eta lur azalera handiena kontrolatzea, ahalik eta palestinar kopuru txikienarekin»

