Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA
{ DATORRENA }

20 urte kazetaritza ikasten

Datorren maiatzaren 21ean 20 urte beteko dira Montenegroren independentziatik. Zentzu batean, kazetaritza ikasten hasi nintzeneko data ere bada. Garai hartan ikerkuntzan nenbilen, nazionalismoaren etikari buruz, inoiz amaitu ez nuen doktorego tesi batekin. Montenegroko prozesuari buruzko artikulu bat idatzi nuen GARAn, eta orduko zuzendariak, Josu Juaristik, hara joatea proposatu zidan.

Analisiak egiteko gai ikusten nintzen, baina kazetari gisa aritzea iruzurra iruditzen zitzaidan. Haritz Larrañaga, Patxi Gaztelumendi eta Gorka Rubiorekin espedizioa antolatu nuen Montenegrora, iruzurra kolektibizatzeko.

«SOLANIA»-REN AMAIERA

Balkanetako akordioen barruan, Serbiaren eta Montenegroren arteko batasunak sezesio prozesu ordenatu bat jasotzen zuen. Javier Solana zen orduan Europar Batasuneko goi ordezkaria. Serbiako negoziatzailea Zoran Dindic lehen ministroa izan zen, Filosofian doktorea, 2003an atentatu batean hil zutena.

Nahigabe, sezesio eskubidearen instituzionalizazioa formulatu zuen Solanak, Europako testuinguruan. Hiru urteko moratoria igarota, Montenegroko indarrek sezesiorako agindu demokratiko bat bilatu zuten hauteskundeetan, herriaren babesa lortuz. Presioen ondorioz, Veneziako Batzordeak bi baldintza gehigarri ezarri zituen: bozkatzeko eskubidea zuten herritarren %50ak baino gehiagok eman behar zuten botoa, eta, independentziari babesak, %55eko muga gainditu behar zuen. Panorama arriskutsua zen, giro liskartsua eta armen kontrol eza kontuan hartuta. Parte-hartzea masiboa izan zen, %86,5ekoa. Independentziaren alde %55,5ek bozkatu zuten, eta, kontra, %44,5ek. Demokraziak eta zorteak egoera larria saihetsi zuten. Hala ere, estandar demokratiko bihurtu beharrean, Montenegroko prozesua salbuespen bilakatu zen.

Badira geopolitikari buruzko eztabaida interesgarriak. Ez dira, nire ustez, batzuek aipatzen dituztenak. Montenegroarrak izan bagina guk zer bozkatuko genukeen ez baita abiapuntu ona inork uler dezan zer gertatu zen, zergatik eta zein ondorio izan dituen.

KAZETARITZA-IKASGAIAK BAINO GEHIAGO

Lehenengo kazetaritza-ikasgaia surflari batek eman zidan, Serbiak itsasoa galdu bezperan. Podgoricara iritsi ginenean, berri gosez geunden, baina giroa erabateko normaltasunekoa zen. Han ezer gertatzen ez zelako kexu ginela, Larrañagak esan zuen: «Bada, horixe da kontatu behar dena, bihar bozkatzera doazela eta ez dela ezer ere gertatzen ari».

Erreferendumaren gauean, zalapartaz inguratuta eta konexioekin etsita, jargoi akademikoa alboratu eta kazetaritza artikulua idazten saiatu nintzen, “Agur Solana” izenburuarekin. Perspektibarekin begiratuta, eskasa da. Orain artikulu askoz hobea idatziko nukeen, agian. Ez da nire meritua, ordea. Ofizio honen zati handi bat bakarka egiten da, baina ikasteko modu bakarra taldean aritzea da. Kazetariak ez gara Dick Turpin eta hau ez da “Mi querido diario”; hau jendartearen mesedetan egiten den lan kolektiboa da.

Gazteek karrerak aukeratu behar dituzten egunotan, ikasgai estra bat: agidanez, Filosofia irteera gehien dituen karreretako bat da. Irakasle izateaz gain, lehen ministro edo egunkari bateko zuzendari gisa amai dezakezu. Bromaz harago, gure kontseilari delegatu ohiak, Gorka Altunak, dioen bezala, irakurtzen eta idazten jakiteak -zer esanik ez, pentsatzen ikasteak- beti emango dizu abantaila. Adimen artifizialaren garaian, egia borobila da hori. •