Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Bizitza paraleloak

Asteburu luzea bertsotan pasa dut aspaldi ez bezala, ortzeguna, ortzirala eta igandea. Saioak tarteka-marteka izaten ditut orain, eta ezohikoak dira horrelako asteburuak. Artista intermitentearena bertze ofizio bat da. Jendaurrean jartzeak erantzukizuna eskatzen du, berdin dio egunero egiten duzun edo lantzean behin; zure izenez ari zara eta entzuleak ez daki zein amildegiren aurrean zauden zu; ongi pasatu nahi du, zerbait ederra entzun, pentsarazi diezaiozun… Bertzerik ez. Jendea barrez ikusi duzu, txalo jo dizu zintzo, ez konpromisoz, eta zoriondu zaitu. Kideekin besarkada bat, 70eko eta 80ko hamarkadan jaiotako artista intermitenteak haiek ere. «Libratu dugu», pentsatu duzu, are gehiago, zu ere zintzoa izan zara zure buruarekin eta enparauekin, eta aitorpen isila etorri da: «Badakigu hau egiten».

Astelehenean leher eginda esnatu naiz 06:00etan, lanera joateko, baina irribarre bat eskapatu zait. Niaz pentsatzen dut sarri azken boladan. Nia, egiazki, niak dira. Niak beti ezin dira errealitatean gauzatu, baina adimenak, pentsamenduek, esna eta lo amesteak aurrean jartzen dizkigu bideak, hainbat, askotarikoak.

Umezaroan jolas sinbolikoari esker, haurrak errealitatetik irudimenera igarotzen dira etengabe, bizitza errealean ikusten dutena imitatuz, nahi luketenari forma emanez. Sormena areagotzen du horrek, istorio eta mundu paregabeak eraikitzean. Garapen emozionalari bide ematen dio, emozioekin ari direlako etengabe. Bestalde, rolak imitatzeak sentimendu konplexuen aurrean jartzen laguntzen die. Enpatia ere hauspotzen du, perspektiba ezberdinetatik begiratzen dietelako sortu duten horri. Pentsamendu kritikoa garatzeko ere ezinbestekoa da, eta, gatazkak bideratzeko gaitasunak lantzeko ere, erreminta eraginkorra.

Konturatu orduko jolas sinbolikoa desagertu egiten da gure ikasgeletan, eta etxean ere leku txikiagoa hartzen du. Bideratutako ekintzekin programatzen ditugu gaztetxoen egunak eta zer esanik ez helduonak; programatzen dizkigute eta autoprogramatzen ditugu. Hain gozagarri izan zaigun horrek lotsa sentiarazten digu, ez bada inauterietan edo zerbeza batzuek jota gaudela. Nago ez dela desagertzen, gehienetan intimitatean egiten dugula baizik, norberak norberarekin; idazleak paperarekin, office-arekin.

Aktoreek publikoki jarraitzen dute beste bizitza batzuk bizitzen. Ez dute haurtzaroko haria eten. Terapeutikoa izan behar du. Pertsonaiak gorpuzten ez dituztenean ere, performatu egiten dira alfonbra gorrietan. Zer dago sari-jasotze etengabeko horien atzean? Zein mezu eman nahi digute 30 urtekoen antza duten 60 urteko andreek? Galdera erretorikoak dira ziurrenik.

Sare sozialen arrakasta ere terreno horretan mugitzen da. Kate horretatik libre egoteko modu bakarra ez egotea da. Arrazoimenak argudiatuko du lanagatik dela, erakusleiho huts bat dela, begiratzeko bakarrik erabiltzen dugula, denbora pasatzeko… Baina ez dago like eta bistaratzeen drogari eutsi diezaiokeen pertsonarik.

Burmuina ahaltsua da, ahaltsua bezain tranpatia. Eremu ezezagunetara eramaten gaitu, eta disoziazio horrek bakea ematen du. Bakea eman, barrenak piztu, haserrearazi, tristatu, kitzikatu… zorurik gabeko lurrak dira.

Egunerokoak hori du, egunerokoa dela, baina besarkadak eta begiradak benetakoak dira. •