Etorkizunaren monopolioa
Berlineko harresia 1989an bota zuten, bi urte beranduago Sobietar Batasuna desegin egin zen, eta kapitalismo estatubatuarra munduaren jaun eta jabe bihurtu zen. Globalizazioak Estatua ulertzeko eta praktikatzeko modua eraldatu zuen. Estatuak boterea eta instituzioak mantentzen ditu, baina horiek beste agente boteretsuago batzuen menpe agertzen dira, merkatu kapitalistaren menpe. Menpekotasun hori beharrezkoa da globalizazioaren jokoan sartzeko, eta joko horretan egotea beharrezkoa da XXI. mendeko herrialde garatu bat izateko. Hortik kanpo, blokeoa eta miseria dago.
Kubak, iraultzaren ondoren, kapitalismo estatubatuarraren alternatiba sozialistaren papera hartu zuen, baina Sobietar Batasuna desegin zenean, bere aliatu nagusia galdu zuen, laguntza ekonomikoa, petrolioa, merkataritza-harremanak eta babes geopolitikoa ematen zizkiona. Horren ondorioz, Kubak “Garai Berezia” deituriko krisi ekonomiko latza bizi izan zuen 1990eko hamarkadan. Kuba Gerra Hotzaren ondorengo mundu kapitalista globalizatuan sistematik kanpo geratu zen herrialdeen adibide gorena da, bakardade geopolitikoaren, 70 urteko blokeo ekonomikoaren eta horrek sortutako krisi sozial sakonaren erdian erresistentzian jarraitzen duena.
Ameriketako Estatu Batuek haien hegemonia globalaren gainbeheraren aurrean potentzia europarren aurka aplikatutako Monroe doktrina berpiztu dute, haien logika hurrengoa da: ezin badugu mundu osoa kontrolatu, behintzat Mendebaldeko hemisferioa dagokigu. Zentzu horretan ulertu behar dira 2026ko urtarrileko Maduro presidentearen eta Cilia Floresen bahiketak; ez dira soilik Venezuelaren subiranotasunaren aurkako erasoak, Kubaren babes-sareari emandako kolpea eta Latinoamerika osoko ezkerreko proiektuen aurkako mehatxua ere badira.
Venezuelak eta Kubak urte luzez aliantza estrategikoa izan dute, non beste gauza askoren artean petrolioa partekatzen zuten. Venezuelako kolpearen ostean Trumpek neurri gogorragoak hartu ditu Kubaren aurka, petrolioaren eta energiaren enpresa estrategikoei zigorrak areagotuz, horrek ekarritako erregai eta energia faltak herritarrak oraindik gogorrago itotzen dituelarik. Enbargo zuzenaz gain Ameriketako Estatu Batuek presioa egiten diete beste herrialde, banku eta enpresei Kubarekin harremanik izan ez dezaten. Maiatzaren 1ean sinatutako neurri berriek ere bide horretan sakontzen dute. Ameriketako Estatu Batuen helburua beti izan da blokeoak sortutako arazoak sozialismoaren porrot gisa erakustea, Castrotarren diktadura krudelagatik ez balitz Kuba Miami izango zela sinetsaraztea, denok dakigunean sozialismoagatik ez balitz Haiti izango zela.
Blokeo kriminalaren erradikalizazioaren bidez eta Raul Castroren aurkako zentzugabeko akusazioen bidez Ameriketako Estatu Batuen eta Kubaren arteko tentsio diplomatikoa igotzen ari den honetan, Kubari arreta handiz begiratu behar diogu; Kuba Donald Trump eta Marco Rubiorentzat haien pareta koloniala apaintzeko balio duen ehiza-trofeo preziatua da, Irango erridikuluaren ostean partiduan jarraitzeko beharrezko duten tantoa. Guretzat, munduko ezkerrarentzat, askoz gehiago da: Kuba (bereziki Sobietar Batasunaren erorketaren ostean), ez da Ameriketako Estatu Batuei eraso egiteko moduko potentzia bat, baina bada kapitalismoa baino aukera gehiago daudela eta erresistentzia posible dela gogorarazten digun herria. Kuba ez da ezkerraren iraganeko postal bat, oraindik bizirik dagoen proiektu politiko bat da eta hura defendatzea ez da nostalgia: burujabetza, duintasuna eta sozialismoaren etorkizuna defendatzea baizik. •

