Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Arduradunak badaude

Lucia Torrealday, Begoña Pedrosa eta Junkal Gutierrez, aurkezpen batean.
Lucia Torrealday, Begoña Pedrosa eta Junkal Gutierrez, aurkezpen batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Harira zuzenean, haserrea nolabait bideratu behar dut eta. PISA informearen emaitzek adierazten dute ikasleen gaitasunen etengabeko gainbehera. Batez ere EAEn, berrikuntza pedagogikoa lehentasun bezala hartu duen erkidegoan. Bereziki adierazgarria da Hezkuntza Saileko arduradunek Valentzia eta Katalunia hartu izan dituztela adibide bezala, hain zuzen ere, gero eta okerrago ari diren horiek.

Zenbat aldiz esan diguten irakasleoi «lasai, ikasle batek ez badu ikasten bere momentua ez delako da»! Zer gertatzen da? Ikasle horrek ikasteko unea ez dela inoiz iristen. Errepikatzen badu triste egongo da, beraz, hobe kurtsoz pasatzea. Zer gertatzen da? Ikaslea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara iristen dela irakurtzen jakin gabe. Hobe da ikasleak bere kabuz sarean topatzea informazioa, irakasleak transmititzea baino. Zer gertatzen da? Ikasleek sarean dagoena kopiatu besterik ez dutela egiten. Bakarka lan egitea, inolaz ere, taldean aritu daitezela beti. Zer gertatzen da? Ikasleen zati handi bat bidean geratzen dela. Orain lau urte, gelako lanaren %100 online egitea eskatu ziguten, nolatan ez ari ginen jada dena pantaila bidez egiten ikasleekin...

Bata bestearen atzetik, erabaki okerrak hartu dituzte Hezkuntza Saileko arduradunek. Eta ez hori bakarrik. Gizarteari helarazi diote, behin eta berriro, arazoa irakasleak direla, ez baitaude XXI. mendeko hezkuntzarako ongi prestatuta. Irakaslearen figura lokatz artera bota dute, eta, hortaz, normala ikasleak eta familiak halako ezgaien aurrean harrotzea. Klaustroetan urduritasuna, ezinegona eta tristezia hedatu dira. Ez dugu erabakiak hartzeko autonomiarik. Familiek gero eta botere handiagoa hartu dute, haien haurrentzat kalifikazio hobeak exijitzeko Hezkuntza Sailera joko duten mehatxuarekin. Gero harritu egiten gara, kanpoko ebaluazio batean zer-nolako emaitza txarrak dituzten ikustean.

Baina, lasai, badute jada ideia berri bat: egunero ordubete irakur dezatela eskolan! Arazoa, ordea, ez da ez dutela irakurtzen, baizik eta irakurtzen dutena ez dutela ulertzen. Eta hori funtsezko gaizki-ulertu baten ondorioa da, Euskal Herriko Unibertsitateko zein Mondragon Unibertsitateko hezkuntza departamentuek gogoz sustatu dutena eta Hezkuntza Sailak ezarri duena. Irakasleei sinetsarazi diete oinarrizko jakintzak ez zirela irakatsi behar. Zuzenean soft skills deiturikoak landu behar zirela (hausnarketa, interpretazioa, izpiritu kritikoa, talde lana, ongizatea...). Baina etxe batean bezala, ezin da teilatua eraikitzen hasi oinarri finkorik gabe.

Esplizituki errepikatu digute oinarriak ez irakasteko, are gehiago, kalifikazioetan zorrotzak ez izateko eta, ahal dela, azterketarik ez egiteko -agian konturatuko baikara ikasleak ez duela ezer ere ikasi-. Azken bi hamarkadetan mezu horiek eskoletara eraman dituztenak dira EAEko hezkuntzaren gainbeheraren arduradunak. Nahikoa da. Utz diezagutela lasai ikasleekin lan egiten. Urrun daitezela eskoletatik lehenbailehen, argi baitago beraiek benetan ez daudela ondo prestatuta erabaki egokiak hartzeko.