Nerea Goti
Kazetaria
INFRAGANTI

Mikel Erkiaga, esperimentazioa oinarri eta bulkada erregai

Esperimentazioa oinarri duen bulkada batetik sortzen du Mikel Erkiaga artista bilbotarrak, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 51. urteurrenari irudia eman dion lanaren egileak. Haren eskutik hurbildu gara sorkuntza prozesura, tokian arnasten denaz elikatuz eta literalak izan barik, memoria amankomuna pizten duten formen mundura.

Mikel Erkiaga, artista plastiko bilbotarra.
Mikel Erkiaga, artista plastiko bilbotarra. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Mikel Erkiaga (Bilbo, 1994) artistaren estudioan sartu da GAUR8, bihar (irailak 27) beteko den Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 51. urteurrenaren atarian, efemeride horren irudi izango den kartela egin duen artistaren sorkuntza mundura gerturatzeko. Askotariko motiboak dituzten koadro, argazki eta formak ikusgai dauden lan espazio horretan, sorkuntzaz eta haren bidez gauzatzen duen esperimentazio prozesuaz hitz egin du artista plastikoak, margolaritzak berarentzat duen kutsu ikertzailera gerturatzeko. Egungo euskal agertoki artistikoaren inguruan duen begiradan eta, nola ez, bere azken lanean murgildu gara, zeinak, memoria zatituaren teknika garatuz, atzoko eta gaurko borrokak lotzen dituen hariaz hitz egiten baitu.

Batzuetan, bokazio artistikoa txikitatik agertzen da, baina ez beti, ez du zertan hala izan. Erkiagaren kasuan, hamabost urte inguru zituen interes artistikoa piztu zitzaionean; ondoren, eta, batez ere, karreran areagotzen joan zena. Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, Pintura masterra ere egin zuen bertan. Esan daiteke sorkuntza garatu duen bitartean, beste hanka beti izan duela formakuntzan, era askotako esperientzietan, estudioan, baina, batez ere, «hor kanpoan», bertan arnasten denarekin janzten. Hala, gaztea izan arren, ibilbide oparoa garatu du, hainbat aintzatespen izan duena, gainera. Erakusketa indibidualak eta kolektiboak daude, Euskal Herrian eta gure mugetatik kanpo, baita bestelako lanetan egindako parte hartzeak ere. Sare sozialen bidez hurbil daiteke Erkiagaren lanera, eta oso konstantea ez dela onartzen badu ere, lana ezagutzera emateak duen garrantzia ere aipatu du: «Askotan Instagram bidez ezagutzen zaituzte».

Ibilbide artistikoaren lehen urratsetara itzulita, «zorte handia» izan duela esan du, beti izan dituelako inguruan «margotzen duten lagunak edo erreferentziazko norbait, beti hor engantxatuta mantentzen zaituen zerbait». Eta ez da bakarrik ingurua izan, proiektu ezberdinak joan baitira sortzen, «lan batzuk egin nahi izatea, erakusketaren bat...», mundu horretan «endredatuta» jarraitzeko arrazoi izan direnak.

Argazkilaritza eta margolaritza izan dira bere lanetan agertu ohi diren bi tresna nagusiak. Diziplina biak gurutzatzen diren puntu horri buruz, Erkiagak esana du argazkilaritzak lotuta handia daukala kolorearekin, edo zehatzago esateko, kolorearen alterazioekin. Bere lanaz esan dute, halaber, argazkiaren eta pinturaren arteko hesia lausotzen saiatzen dela.

Diziplina bien erabileraz Erkiagak dio azken urteetan eskutik joan direla biak, baina zenbait aldaerarekin: «Eduki dut momentua argazkien gainean margotzeko edo, beste batzuetan, margo bat egiteko argazki batean oinarrituta... Egin izan ditut argazki asko, hor dauzkat 400-500 negatibo, eta batzuetan argazki baten gainean margotu dut eta beste batzuetan ez, baina beti egon da bien arteko harreman bat. Igual banoa paisaia baten ikerketa egitera, eta beti noa kamera bategaz badaezpada. Gerta daiteke gero argazkia ez erabiltzea edota bakarrik margorako erreferentzia moduan baliatzea».

Unibertsitateak ikasketa prozesuan izan duen balioa aitortuta, kanpoan eta era ezberdinetan bide hori urratzen jarraitu duela azaldu du. Karrantzan, Kurdistanen, Carracedelon (Leon)… pilatutako esperientziak jarri ditu mahai gainean, eta horrek sorkuntzan duen eraginean sakondu du: «Iraken bizi izan nuena adibide modura hartuta, pentsa leku guztiz ezberdin batean agertzea dela. Zu zure bizitza hemen egitera ohituta zaude, eta, bat-batean, Kurdistanen agertu zara. Testuinguru artistikoaz aparte, euren gizartea ezberdina da, guztia da ezberdina. Orduan, nahiz eta topiko bat izan, horrek artistikoki elikatu egiten zaitu, hango gauzak hartzen dituzu eta zurekin eroaten dituzu. Zure sentsibilitatea aldatzen doa, bizipen horiek geratu egiten zaizkizu».

ZURE «TXIPA», ZURE JARRERA...

Kurdistanen egindako egonaldia aipatu du, baina ikuspuntu artistikotik esperientziak antzeko kutsua du Karrantzan, berarentzat ezagunago den ingurune batean. Sorkuntzarako abiapuntu berriak aurki daitezke helmuga bakoitzean, begirada berriak eragiten dituztenak. Leku berriak ez dira soilik kolore edo argi berria. Erkiagaren ustez, kalea zapaldu behar da tokiak ematen duenean blaitzeko: «Kurdistanen egon nintzenean egiten nuena zen argazkiak ateratzea, zeren beste planeta batean zaude; bertan zaudela, zelan egongo zara zure estudioan? Irten kanpora, ikusi dena eta gero egingo duzu zerbait. Zu sorkuntza prozesu batera zoaz, nahiz eta horko mendian izan, zure ‘txipa’, zure jarrera ja ezberdina da, zure ikerketa prozesua, zer egin nahi duzun eta zer ez». Sorkuntza prozesuen funtzionamenduan sartuta saihetsezina da galdera hau: Mikel Erkiaga zerk bultzatzen du margotzera? Zer adierazi edo transmititu nahi du bere lanaren bidez? Erantzuna konplexua da, prozesu horretan, unearen arabera, behaketa, ikerketa eta margolaritzak berak zabaltzen duen bidea nahasten baitira.

Erkiaga, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 51. urteurrena gogoratzeko sortu duen koadroarekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Niretzat, pintura ez da nahitaez garatu nahi dudan ideia zehatz batetik edo helarazi nahi dudan mezu batetik abiatzen. Askotan, margotzen hasi aurretik ere ez dakit zehazki zergatik margotu nahi dudan zerbait. Margotu egiten dut, besterik gabe. Aurrean dudanarekin harremanetan jartzeko modu bat da, eta, nolabait, arreta jartzeko modu bat ere bai», azaldu du Erkiagak.

Haren esanetan, interes puntua «pinturaren, behaketaren eta memoriaren arteko harremanean» dago. «Leku baten erreferentziatik abiatuta lan egiten dudanean, ez dut lekuaren itxura soilik irudikatu nahi; aurrean dudan hori zeharkatu, behatu eta sentitu ondoren zer esan nahi didan ulertu nahi dut. Espazioak nola aldatzen diren interesatzen zait, aztarna jakin batzuk nola mantentzen diren, beste batzuk nola desagertzen diren, eta gure memoriak irudi desberdin bat nola eraikitzen duen», erantsi du. Eskema horretan murgiltzen dira bere lanetan sarritan agertzen diren zenbait elementu: loreak, eguneroko eszenak, hiri inguruneak eta abar. «Ez dut beti gai horiei buruz hitz egin nahi izaten; aldiz, nire begiratzeko moduaren parte direlako agertzen dira. Batzuetan orduak eman ditzaket lore bati zuzenean behatzen eta hura margotzen, eta, beste batzuetan, irudi eta oroitzapen desberdinetatik abiatuta guztiz irudikatutako eszena bat eraikitzen saiatu. Itxuraz, prozesu desberdinak dira, baina niretzat behar beretik abiatzen dira: begiratzea, esperimentatzea eta ikusi edo bizi izan dudan horretatik zer irudi geratzen den ulertzen saiatzea».

Nabarmendu duenez, ez du aldez aurretik «esanahirik edo erantzunik behar» margotzen hasteko. «Askotan, prozesuan bertan agertzen dira hasieran presente ez zeuden loturak. Ildo horretan, pintura aurrez definitutako ideia bat ilustratzeko tresna baino gehiago da niretzat; ikertzeko modu bat». Hori dela eta, zaila egiten zaio margotzera bultzatzen duen arrazoi bakarraz hitz egitea: «Ez dut motibo zehatzik dagoela sentitzen. Esango nuke margotzea munduarekin harremanetan jartzeko dudan moduaren parte dela, inguratzen nauten leku eta gauzetara hurbiltzeko aukera ematen didan zerbait».

ERREFERENTZIAZKO ELEMENTUAK

Bere azken lanetako batean, Sortuk egindako eskari batekin abiatu da sorkuntza prozesua, Euskal Herriko oroimen historikoan iltzatuta geratu den irailaren 27koa bezalako data seinalatuari irudia jartzeko. Azken urteetan egin bezala, euskal artista gazte baten eskuetan utzi du Sortuk efemeridea oroitzeko irudia sortzearen ardura. Sahatsa Jauregi eskultoreak egin zuen iazko lana, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenean; eta aurrez, Taxio Ardanaz, Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz, Kepa Akixo Zigor eta Malen Amenabar artistek sortu dute irailaren 27ko kartela.

Erkiaga, Bilbon duen estudioan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Hainbeste hari dituen herri memoria kartel batean islatzeak ez du erraza izan behar. Horren inguruan galdetuta, Erkiagak azaldu du hasieratik argi ikusi zuela «memoria fragmentatuaren ildotik» sortu nahi zuela. «Hartu nituen guretzako nire ustez erreferentziazko elementuak direnak, gure imajinarioan dauden irudi batzuk, eta era ez-literal edo ez-esplizitu batean konbinatu nituen kartel batean. Hor aritu nintzen koloreak zelan antolatu pentsatzen, zer sinbologia erabili eta zer ez, zeren ez nuen nahi oso kartel literala izatea». Koadroari begira, forma batzuk antzematen dira: paisaia, lantegia, etxeak… eta ezkerreko partean, goitik behera korda forma duen zerrenda bat ikurrinaren koloreekin. Elementu horietan guztietan daude oroimenarekin lotutako erreferentzia konpartituak, etxeko senide «maitatu» baten oroitzapena barne. «Saiatu naiz denontzat amankomuna izandako gatazka horretan memorian gorde diren elementu batzuk kartelean islatzen, kolorea barne», esplikatu du artistak.

Aipatu du memoria geruza zabala izan daitekeela, eta azpian memoria zati ugari daudela, askotariko bizipenak, «baina seguru nago nago guztiok dauzkagula amankomunean gauza batzuk, amankomuneko sentsibilitate bat eta sinbologia bat, gure konfigurazioan errepikatzen diren gauza batzuk. Gauza horiek identifikatu nahi nituen, eta era sotil batean, ez literaltasun batekin, hor agertzea, ordenatuta. Orduan, nik ez dut deskripzio literalik egingo, baina zu kartel parean gelditzen zarenean, begiratu eta gauzak identifikatuko dituzu».

Pentsatzekoa da egungo momentu politikoak eraginen bat izan dezakeela artisten lanean. «Horretaz hausnartzen eta irakurtzen dut nahikotxo. Ez dakit hori zelan islatzen den nire obran, ez dakit beti lortzen dudan, zeren ez dago mezu politiko sakonik, baina pentsatzen dut holako lan batean badagoela berez erresistentzia puntu bat. Ohikoa da guretzat artelan politikoak propagandistikoak izatea, hori da jaso dugun kultura bisuala; baina hor nabil ni, bueltak ematen, ea posible den hori beste modu batera lortzea, literaltasun horretan jausi barik». •