3 BEGIRADA:

Kalamua

Ilustrazioa
Ilustrazioa (Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA)

Kalamua: cannabis, marihuana, maritxua, porrotxua, kanutoa, psikoaktiboak, THC, Bob Marley, droga, ilegala, debekatua. Segida horretakoren batek edo batzuek egiten dute klik gure buruan kalamua entzuterakoan. Ezkutuago gelditu da, baina, kalamua landare miragarria dela. Kalamu landarearen atal desberdinek askotariko erabilerak eskaintzen dituzte. Hala, propietate ezin hobeak ditu kosmetikarako, proteina oso bat da elikadurarako eta medizina gisa onura asko eragiten ditu giza gorputzean. Kannabinoiderik gabeko kalamua (kalamu industriala deritzona) arropako ehun gisa erabil daiteke, eta papera egiteko ere bai. Gure artean ezezagunagoa bada ere, eraikuntzako material gisa ere izugarria da kalamua; isolamendu ezin hobea emateaz gain, hezetasun erregulatzaile funtzioa egiten du, ez da zomorroen gustukoa eta suteen aurrean erresistentzia handia du. Esandakoa gutxi ez bada, kalamu landarearen sustraiek lurra ongarritzen dute eta airean dagoen CO2 eta bestelako partikulak garbitzen dituzte! Kalamua landatu dutenek diote landare “todoterreno” bat dela, kondizio zailetara egokitzen dakiena, ur eskari gutxikoa, zaintza askorik eskatzen ez duena eta maiatzetik urrira bitarteko denboran altuera handia hartzen duena.

Kalamua ilegalizatu zuten XX. mendearen hasieran. Baina droga estigmaren aroa baino lehen, kalamuaren erabilera oso zabaldua zegoen, eta hainbat kulturak baliatu izan dute. Besteak beste, arabiarrek, zeltek, erromatarrek, germaniarrek eta greziarrek asko preziatzen zuten. Horrek erakusten duena da historia gehiago duela legal izanik ilegal izanik baino. Industrializazioak erabaki zuen kalamua arriskutsua zela eta osasun publikoaren izenean landa eremuetatik atera zen. Kalamuaren defendatzaileek diote industrializazioak petrolioaren alde egin nahi zuela eta kalamuaren aukera (bioerregai bat delako, gaur egun demostratu denez) desagerraraztea estrategikoa izan zela. Kalamua arriskutsua zen petrolioaren industriarako, eta zalantzagarria egiten du hura debekatu izana, gizakiarentzat arriskutsua zela argudiatuta. Susmagarria da, gutxienez.

Euskal Herrian itsas ontzigintzan ongi ezagutzen zuten kalamuak uraren aurrean duen portaera ona eta zuntz gisa duen erresistentzia mekanikoa. Haize oihalen sokarik hoberenak kalamuzkoak dira. Eraikuntzan erabili izanaren erregistrorik ez dago, baina zaila egiten da pentsatzea ez zutela landatuko kalamurik baserriaren inguruan, isolamendurako erabiltzeko, tokiko baliabide naturalekin eraikitzeko ohiturari jarraikiz.

Gaur egun Frantziak kalamu industrialaren aldeko lurralde apustu estrategikoa egin du eta eraikuntzarako erabilgarri egiteko inbertsioak egin ditu. Kalamuaren zuntza lortzeko zurtoinetik banatzeko lanak egin behar dira (dekortikadura makinaren bidez). Kantitate industrialetan ekoizteko makineriak neurri handia du tamainan eta prezioan, eta inbestitzea eskatzen du. Estatu espainiarrean ez da kalamu industrialik ekoizten eta Frantziatik ekarri behar da materiala, han balioztatzen baitute bioeraikuntzako material bezala. Harrigarria da (edo ez) gobernuek supermaterial horri, kalamuari, ateak ixtea, helarazten diren ekologia krisialdi mezuak ikusita. Ez da ulergarria egiten. •