Leire Lareki  eta Eneko Mendiluze
Psikopedagogoa eta psikologoa

Barne-atxikimendua: nola hitz egiten dugu geure buruarekin? Zein da gure babes-sistema?

ILustrazioa: Leire LAREKI SANCHEZ - Eneko MENDILUZE PLAZA
ILustrazioa: Leire LAREKI SANCHEZ - Eneko MENDILUZE PLAZA

Nola hitz egiten diogu geure buruari alai gaudenean? Eta triste gaudenean? Zer egiten dugu beldurra sentitzen dugunean? Eta haserre bizia sentitzen dugunean? Esate baterako, nola erantzuten diogu geure buruari gure barne-munduan emozio atseginak edo mingarriak agertzen direnean?

Psikologian atxikimenduaz hitz egiten dugunean, beste pertsonekin eraikitzen ditugun harremanetan jarri ohi dugu arreta. Haurtzaroko lehen harremanek, bereziki zaindu gintuzten pertsonekin izandako hartu-emanek, eragin handia dute guregan gaur egun ere. Segurtasuna bilatzeko, emozioak kudeatzeko eta besteengan konfiantza izateko garaian, gure bizitzako lehen esperientziek bizirik diraute. Baina bada gutxiagotan egiten dugun galdera bat: gure inguruko pertsonekin harremantzen ikasten dugun bezala, geure buruarekin harremantzen ere ikas dezakegu?

John Bowlbyren atxikimenduaren teoriak gizakiok segurtasuna eta babesa bilatzeko berezko joera dugula erakutsi zigun. Mary Ainsworthek, berriz, harreman horietan ager daitezkeen atxikimendu-ereduak aztertu zituen. Ondoren, beste ikertzaile batzuek atxikimendu antolatu gabea edo nahasia ere identifikatu zuten. Horrela, gaur egun, atxikitzeko edo harremantzeko lau eredu nagusi bereizi ohi dira.

1. Atxikimendu ziurra: Pertsonak besteengan konfiantza izateko, segurtasuna bilatzeko eta bere emozioak adierazteko gaitasuna garatzen du, behar duenean babesa eta laguntza jasoko dituela sentituz.

2. Atxikimendu anbibalentea: Pertsonak besteen hurbiltasuna eta babesa bilatzen ditu, baina haien eskuragarritasunarekiko ziurgabetasuna duenez, bakarrik utziko duten beldurra eta segurtasun-premia handia izaten ditu.

3. Atxikimendu ekiditzailea: Pertsonak bere behar emozionalak gutxiesteko edo ezkutatzeko joera garatzen du, besteenganako mendekotasuna eta hurbiltasun emozionala saihestuz.

4. Atxikimendu nahasia: Pertsonak segurtasuna eta babesa bilatzeko jokabide kontraesankorrak edo desorientatuak erakusten ditu, hau da, hurbiltasuna bilatzeko beharra eta hurbiltasun horrek eragindako beldurra batera ager daitezke, era desantolatu edo nahasian adieraziz.

Hori horrela, zer gertatuko litzateke atxikimenduaren teoria gure barne-mundura eramango bagenu? Gai al gara gure emozioekin harremanetan jartzeko? Gure emozioak esploratzeko? Eta gai al gara geure buruari babesa eskaintzeko emozio horiek atseginak ez direnean?

Galdera horietatik abiatuta, gure barne-munduarekin harremantzeko moduari buruz hausnartu nahiko genuke. Izan ere, geure buruarekin dugun harremanean, bereziki gure emozioekin izaten dugun kontaktuan, atxikimendu-ereduen antzeko dinamikak ager daitezke.

Pentsa dezagun tristura sentitzen duen pertsona batengan. Barne-harreman ziur batean, tristura hori antzeman, onartu eta ulertzen saia daiteke: «Triste nago. Zerbait gertatzen ari zait, eta merezi du horri arreta jartzea». Ez du zertan berehala konponbiderik aurkitu behar, baina bere esperientzia emozionalarekin ziurtasunez harremanetan jartzeko aukera ematen dio bere buruari.

Barne-harreman anbibalente batean, aldiz, tristurak kezka eta ziurgabetasun handiagoa sor ditzake: «Zergatik nago horrela? Eta inoiz gainditzen ez badut?». Pertsona bere emozioari etengabe begira gera daiteke, lasaitasuna bilatu arren barne mundua baretzeko zailtasunak izanik. Gainera, emozioa ulertzeko ahalegina larritasun-iturri bihur daiteke.

Barne-harreman ekiditzaile batean, bestelako erantzuna ager daiteke: «Ez da ezer gertatzen. Ez daukat horretan pentsatzeko astirik». Tristura baztertu, gutxietsi edo isilarazteko joera nagusitu daiteke. Kanpotik lasaitasuna dirudiena, batzuetan, norberaren behar emozionaletatik urruntzeko modu bat izan daiteke.

Eta barne-harreman nahasian? Pertsonak bere emoziora hurbiltzeko beharra senti dezake, baina, aldi berean, emozio horrek beldurra eragin diezaioke. Babesa bilatzeko saiakera berak mehatxu-sentsazioa piztu dezake, eta barnean erantzun kontrajarriak ager daitezke: bere barne-mundura hurbildu nahi izatea eta, aldi berean, ihes egiteko premia sentitzea.

Adibide horiek ez dute esan nahi lau barne-atxikimendu motak zientifikoki egiaztatuta daudenik. Atxikimenduaren teoriatik abiatutako hausnarketa-proposamena da, gure emozioekin eta geure buruarekin dugun harremana pertsonen arteko atxikimenduaren ikuspegitik ulertzeko gonbidapena. Izan ere, pertsona berak tristuraren aurrean emozioa ekiditeko joera izan dezake, beldurraren aurrean anbibalentzia bizi eta beste egoera batzuetan bere emozioekin segurtasunez harremandu.

Batetik, zer sentitzen dugun da. Bestetik, sentitzen dugun horrekin zer-nolako barne-harremana eraikitzen dugun. Emozioak ezagutzea eta orekatzea garrantzitsua da, baina geure buruari emozio horien aurrean nola erantzuten diogun ere kontuan hartu beharko genuke. Izan ere, tristura, beldurra edo ziurgabetasuna sentitzean, geure burua entzun eta babestu dezakegu, baina baita epaitu, baztertu edo are gehiago larritu ere.

Gure barne-harreman hori ez da aldaezina. Bizitzan zehar izaten ditugun esperientzia berriek, konfiantzazko harremanek eta gure harreman katiluek edo babes sozialek geure buruarekin dugun lotura eraldatzen lagun dezakete.

Agian, atxikimenduari buruz hitz egiten dugunean, beste galdera bat egitea komeni zaigu: nola harremantzen gara geure buruarekin zaurgarri sentitzen garenean?

Azken batean, zer sentitzen dugun ez dugu beti aukeratzerik izango, baina gure emozioekin eraikitzen dugun harremana eraldatzeko aukera izan dezakegu. Eta, beharbada, horixe da barne-atxikimendu ziurrago baterako bidea: geure buruarekin dugun harremanean ere segurtasuna, ulermena eta babesa aurkitzen ikastea.