NAIZ.INFO
MADRIL

Hernaniko beste bost gaztek deklaratuko dute Auzitegi Nazionaleko epaiketan

Hernani eta Urnietako hamar gazteren aurkako epaiketak bigarren eguna izan du gaur Auzitegi Nazional espainolean. Atzo deklaratu ez zuten bost auzipetuen txanda izan da eta guztiek tratu txarrak salatu dituzte.

Auzipetuak, epaiketa hasi aurretik. (POOL/EFE)
Auzipetuak, epaiketa hasi aurretik. (POOL/EFE)

Hernani eta Urnietako hamar gazteren aurkako epaiketan atzo deklaratu ez zuten bost auzipetuen txanda izan da gaur. Bostek jasandako tratu txarra salatu dute.

Aitzol Arrieta izan da deklaratzen lehena eta Donostiako komisaldegira eraman orduko hasi zirela torturak salatu du. Epailearen aurrean Segikoa zenik ukatu zuela gogoratu du. Mikel Garciak Donostian poltsa egin ziotela eta konortea galdu zuela adierazi du eta mehatxuek behartuta deklaratu zuela.

Ekhi Oñatek ere uko egin dio komisaldegian egindako deklarazioari. Auzitegiko medikuari ezer esan ez bazion, ate-atzean poliziak entzuten zeudelako izan zela esan du. Negarrari eutsi ezinda amaitu du Oñatek, «ama ospitalean zegoela esan zidaten, bizitza izorratu niola».

Egoitz Balerdik isekak eta humiliazioak aipatu ditu eta epailearen aurrean ez zuela tratu txarrik aipatu «txikitua» zegoelako. Asier Olano izan da azkena hitza hartzen.

Lehenengo saioan, Txaber Zabaletak, Jon Ezeizak, Antton Zabalak, Ekaitz Telleriak eta Iñigo Alzelaik beren abokatuen galderei erantzun zieten. Guztiek ukatu egin zuten Segikoak direnik eta kale erasoetan parte hartu dutenik.

Ezeizak eta Alzelaik, gainera, Poliziaren esku inkomunikatuta egon ziren bitartean jasan zituzten tratu txarren berri eman zuten. Komisarian egindako deklarazioak presio eta mehatxupean egin zituztela esan zuten.

Fislkaltzak bederatzi eta zazpi urteko espetxe zigorrak eskatzen ditu gazte hauentzat.