Naiz.info
Donostia

Krisiari «justizia sozialaren» bidez aurre egingo dio EH Bilduk

EH Bildu koalizioak hauteskundeetarako programa eman du ezagutzera eta ardatz nagusiak krisia, gatazkaren konponbidea eta burujabetza direla adierazi du.

Laura Mintegik azaldu ditu programaren nondik norakoak. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Laura Mintegik azaldu ditu programaren nondik norakoak. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Donostiako Zientzia Museoan burutu du hauteskunde programaren aurkezpena EH Bilduk. Laura Mintegi lehendakarigaiak azaldu duenez koalizioa osatzen duten alderdi guztien arteko elkarlana eta herritar ugariren partaidetza izan dute programa osatzerako orduan.

«Auzolanaren kultura» oinarri hartuta berrehun orriko programa egin dutela nabarmendu du Mintegik.

Hiru ardatz nagusi ditu EH Bilduren proposamenak. Lehenik eta behin, normalizazio politikoa «guztien artean» eraiki nahi dutela adierazi du eta erakundeak aro berriari egokitu beharra izango duela aipatu du.

Akordioaren eta elkarrizketaren kultura bultzatuko dutela esan du eta biktima guztiak kontuan hartuko dituztela azpimarratu du. Ertzaintzaren «sakoneko erreforma» egiteko asmoa dutela ere azaldu dute.

Krisi ekonomikoari aurre egiteko hainbat neurri proposatu ditu Mintegik eta horien artean fiskalitatea, gizarte zerbitzuak eta hezkuntza, etxebizitza eta osasungintza arloak nabarmendu ditu.

EH Bilduren lehendakarigaiak burujabetza aldarrikatu du,«krisialdiari aurre egiteko tresna eta eskumen guztiak izateko». Zehaztu duenez, EH Bilduren helburua «Europan Estatu libre bat eraikitzea da».