JOXE LANDA
DONOSTIA

Frontearen hodei koska parean izango dugu

Zeru sabaia lainoek estalita igaroko dugu asteburu osoa. Gaur tenperaturak beherantz egingo du eta bihar eta etzi gio nahian ariko da. Igandetik aurrera onaldi luzea.

Zokoako (Lapurdi) badia gaur goizean. NAIZ.INFO
Zokoako (Lapurdi) badia gaur goizean. NAIZ.INFO

GAUR. Aldaketa nabarmena izango du eguraldiak. Ipar-mendebaldeko erasoak giro kaskarra ekarriko digu. Euskal Herri osoa harrapatuko du, eta gehienbat kostaldea. Euria barra-barra, batez ere arratsaldean. Haizea asko zakartuko ez bada ere, tenperaturak beherantz egingo du, eta giroa dezente petralduko zaigu. Borraskaren muturrak zaplazteko hau luzatuko digu.

BIHAR. Hodei zama lodia euria dariola, Gipuzkoan eta Nafarroan batez ere. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, freskura dezentea mantenduz, baina gorantz abiatuko da termometroa. Euri giroa izango dugu egun osoan, eta zeru sabaia oraindik garbitu ezinik.

ETZI. Euri giroan jarraituko dugu goizean, hodei zama zeruan eta euria barra-barra. Arratsaldean atertzera joko du. Haizea ia geldi, hego ukitua nabarmenduz eta tenperatura igo nahian. Honakoan bukatuko dira kaskarkeriak, eta onaldi luzean abiatuko gara.