NAIZ.INFO
GASTEIZ

Fernando Aranguiz izango da Vitaleko presidente berria, EAJ eta PPk hala adostuta

EAJ eta PP akordio batetara iritsi dira Caja Vitaleko presidente berria izendatzeko orduan. Fernando Aranguiz hautatu dute posturako eta modu horretan Carlos Zapatero ordezkatuko du entitatearen buruan hilaren 21etik aurrera.

Orain arte Gasteizko Udalean zinegotzi lanetan jardun duen Fernando Aranguiz izango da Vitaleko presidente berria EAJ eta PPren arteko adostasuna dela medio. Hala baieztatu du Javier Maroto Gasteizko alkateak Twitterreko bere kontu pertsonalean.

Datorren asteazkenean, hilaren 21ean, egingo da Vitaleko administrazio kontseilua osatzen duten ordezkarien berrikuntza saioa.

Modu horretan, Carlos Zapatero ordezkatuko du Aranguizek. Zapatero EAJ eta PSEk lortu zuten akordio baten ondorioz iritsi zen kargura.

Caja Vitalen berregituratze prozesuaren ondorioz, PPk izango du ordezkarien gehiengoa kutxan. 80 ordezkarik osatzen dute guztira entitatearen Batzar Orokorra eta horietatik 32 Alderdi Popularrekoak izango dira, hamahiru EAJkoak, hamar Bildukoak eta soilik hiru izango dira PSEkoak.

Gainotzekoak sindikatu, plataforma independiente eta hainbat elkartetako kideak izango dira.