NAIZ.INFO
LONDRES

Ezker abertzaleak Euskal Herriko egoera politikoa konpartitu du Britainia Handiko politikariekin

Gorka Elejabarrieta eta Igor Zulaika ezker abertzaleko kideak Britania Handian izan dira bertako parlamentariekin Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuan eman diren azken urratsak baloratzeko. Ez da lehen aldia ezker abertzalea Westminsterreko Parlamentuan izaten dela.

Gorka Elejabarrieta eta Igor Zulaika ezker abertzaleko kideak. (Ezker abertzalea)
Gorka Elejabarrieta eta Igor Zulaika ezker abertzaleko kideak. (Ezker abertzalea)

Gorka Elejabarrieta eta Igor Zulaikak osatutako ezker abertzaleko ordezkaritza bat Britainia Handiko politikariekin bildu da Westminsterreko Parlamentuan. Bertan, Lorden Ganberako eta Komunen Ganberako hainbat ordezkariri Euskal Herriko gatazkaren konpobide bidean eman diren azken urratsak azaltzeko aukera izan dute.

Informazio bilduran, Parlamentuan ordezkaritza duten talde parlamentario gehienek hartu dute parte.

Ezker abertzalearen esantean, parlamentariek «arreta handiz» jarraitu dituzte Elejabarrieta eta Zulaikaren esanak eta, «edozein gatazka konpontzeko», elkarrizketa bide egokiena denaren beraien ustea adierazi dute.

Elejabarrietak nazioarteko komunitatearen parte hartzea azpimarratu du gatazkari konponbide «justu eta iraunkor» emateko orduan.

Aurretik ere egina da ezker abertzalea Westminsterreko Parlamentuan. 2011ko otsailean APPGCI (The All-Party Parlamentary Group on Conflict Issues) talde parlamentarioek antolatu zuten Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko konferentzian izan ziren.