NAIZ.INFO
DONOSTIA

Konstituziotik eratorritako markoak porrot egin duela nabarmendu du ezker abertzaleak

Konstituzio espainola onartu zeneko 34. urteurrenean, ezker abertzaleak gogora ekarri du Euskal Herriko jendarteak «sekula» ez zuela onartu eta «gure nazio izaera eta herri bezala dagokigun erabakitzeko eskubidea ukatu» egiten dituela.

«Inoiz baino ageriago geratzen ari da Konstituzioa bera eta bertatik eratorritako autonomien estatutuena estatu-eredu agortua ez ezik, erabateko porrota egin duen eredua dela. Itxi gabe geratu ziren Euskal Herriko eta Kataluniako zauriak sekula baino gordinago ageri dira orain», adierazi du ezker abertzaleak Konstituzio espainolaren 34. urteurrenaren harira igorri duen oharrean.

«Ukaziorako tesna ez ezik, inposiziorako tresna» ere bada ezker abertzalearen ustez egungo «marko konstituzional eta estatutarioa, aste honetan bertan aurkeztu duten hezkuntza erreformarako zirriborro neofrankistak argi erakutsi duen bezala».

Euskal Herrian marko hori gaindituko duen «ariketa demokratikoa» burutzea «sekula baino premiazkoagoa» dela deritzo ezker abertzaleak, eta horretarako «nahitaezko» jo du «nazio bezala aitortuak izatearen alde eta erabakitzeko eskubidea praktikan jartzearen alde gauden eragile politiko, sozial eta sindikal guztien arteko oinarrizko akordioa eraikitzea».

Egungo egoera politiko eta sozioekonomiko larria eraldatu ahal izateko «guztiz premiazkoa ere bada Euskal Herriak burujabetza osoa izatea, Estatu librea eraikiz justizia soziala erdiesteko», erantsi du.