Naiz.info
Usurbil

Manifestazioa deitu dute bihar Usurbilen, Ramon Uriberen askatasuna galdegiteko

Herriko berrehun eragilek baino gehiagok Ramon Uriberen berehalako askatasuna galdegin dute eta bihar manifestazioa deitu dute Usurbilen, 19.00etan, pilotalekutik.

Agerraldi masiboa egin dute herritarrek Usurbilen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Agerraldi masiboa egin dute herritarrek Usurbilen. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gaur egurdian 218 usurbildarrek (alderdi, herri elkarte, mugimendu, senide, lagun eta Udaleko ordezkariak barne) agerraldia egin dute Usurbilgo Dema Plazan Ramon Uribe presoari 197/2006 doktrina aplikatu izana salatu eta berehala aske utz dezatela galdegiteko.

Adierazi dutenez, «jokamolde krudela izan da bai Ramonekiko bai bere senide eta lagunekiko» izandakoa. Izan ere, Uribek 18 urte eta erdi daramatza preso eta, astelehenetik aske behar baluke ere, ‘Parot doktrinaren’ aplikazioarekin bere zigorra luzarazi dute.

Hala, eragile horiek manifestazioa deitu dute bihar, 19.00etan, herriko pilotalekutik.

Bestetik, Udalbatzak mozioa onartu zuen atzo aho batez. Bildu, Aralar, EAJ eta H1eko zinegotziek alde bozkatu zuten. PSEko zinegotzia ez zen bertaratu.