NAIZ.INFO
MADRID

PPk «herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak» desagerrarazi nahi dituela salatu du Amaiurrek

Estatu espainiarreko Gobernuak herri administrazio legearen inguruan aurkeztu duen erreforma Estatuaren «berzentralizazioranzko» beste urrats bat dela salatu du Amaiurrek eta «herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak» desagerrarazi nahi izatea egotzi dio PPri.

Gobernu espainiarrak aurkeztu duen herri administrazioen aurreproiektu legearen atzean, udalerriek eskaintzen duten zerbitzu publikoen «pribatizazioa» eta Estatuaren «berzentralizazioranzko» beste urrats bat ezkutatzen dela salatu du Amaiurrek prentsa ohar baten bidez.

Horrez gain, PPren benetako asmoa «herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak» pixkanaka desagertzea dela uste du.

Zinegotzi eta alkate kopurua zein horiek jasotzen duten soldataren gutxitzea «aitzakia» besterik ez dela gaineratu du, «PPren asmoa udalerriekiko Estatuaren kontrola handitzea da».

«Zalantzarik gabe, zama ideologiko handia duen erreforma baten aurrean gaude», azaldu du oharrean. Erreforma honek, Estatu espainiarraren «izaera antidemokratikoa» agerian gelditu dela gaineratu du.