Naiz.info
Bilbo

Defentsak Aierdi eta Antolinen absoluzioa eskatu du epaiketaren azken jardunaldian

Bilboko Auzitegian ebazpenaren zain geratu da Xabier Aierdi eta Enrique Antolin EHUko irakasleen aurkako epaiketa. Defentsak bien absoluzioa eskatu du, Fiskaltzak eta akusazioek gaitasungabetzea galdegin duten bitartean.

Enrique Antolin eta Xabier Aierdi, azken saiorako bidean. (ARGAZKI PRESS)
Enrique Antolin eta Xabier Aierdi, azken saiorako bidean. (ARGAZKI PRESS)

Xabier Aierdi eta Enrique Antolin EHUko irakasleak Bilboko Auzitegian epaitu dituzte aste honetan bi euskal deportaturi unibertsitatean ikasten uzteagatik prebarikazioa leporatuta. Epaiketa astelehenean hasi zen bi auzipetuen deklarazioarekin. Ikasleen matrikulazioa ez zela beraien ardura argudiatu zuten.

Atzokoan Pello Salaburu EHUko errektore ohia izan zen auzitegian, eta bere garaian bi deportatuk EHUn ikasten zutenik ez zekiela esan zuen.

Gaurkoa izan da epaiketako azken jardunaldia eta defentsak bi akusatuen absoluzioa eskatu du tribunalaren aurrean. Bere iritziz, prozesu honek «ez luke sekula existitu behar» eta bietako inork ez duela unibertsitate publikoko araudia urratu ikasleei dagokienez. Gainera, ikasle diren deportatuen existentzia «publikoa eta zabala» dela nabarmendu du eta ez dela «batzuen negozio pribatua».

Fiskaltzak eta akusazioek (AVT eta Voces contra el Terrorismo elkarteak), bederatzi urtetako gaitasungabetzearekin zigortzeko galdegin dute.

Elkartasuna adierazi die Herrirak auzipetuei

Herrira herri mugimenduak elkarretaratzea egin du Bilboko Auzitegiaren aurrean Aierdi eta Antolini elkartasuna adierazte aldera. Prozesu horrek «inolako zentzurik» ez duela nabarmendu dute, eta «ulertezina» dela oinarrizko eskubideen ikuspegitik. «Euskal preso, errefuxiatu eta deportatuen eskubideak errespetatuak izan behar dira, horien artean baita ikasteko eskubidea noski», esan dute.

Hala, epaiketa bertan behera geratzeko galdegin dute eta euskal presoen eskubideak errespetatzeko eskatu.