NAIZ.INFO
IRUN

Babesa adierazi dio EH Bilduk Irungo alarde parekideari

Laura Mintegi, Lur Etxeberria, Arri Zulaika eta Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak Irungo alardean izango dira euren babesa adierazten. Erakunde publikoak aferaren konponbidean murgildu daitezela eskatu dute.

EH Bildu legebiltzar-taldeak «babes osoa» helaraziko die bihar Irungo alarde parekidean parte hartuko duten gizon eta emakume guztie eta, finean, «jendarte justuago eta parekideago baten alde lanean dihardutenei».

Alarde mistoarekin bat eginik, bertan izango dira Laura Mintegi, Lur Etxeberria, Arri Zulaika eta Xabier Isasi legebiltzarkideak, koalizioaren beste hainbat ordezkarirekin batera.

Alardearen inguruko gatazka «konpontzeke» dagoela gogorarazi dute, «oraindik ez baita lortu herritar guztiek alarde bakarrean parte hartzea eta alardea herriarena izatea, emakumeena zein gizonena».

EH Bilduren ustez, bai Irunen, bai Hondarrabian alardeen gatazkaren oinarrian dagoena «emakumeen aurkako bazterketa» da, eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna «oso urrun» dagoela erakusten du.

Hori dela eta, erakunde publikoak, bertako udalak batez ere, konponbidean murgil daitezela eskatu du koalizioak, «euren betebeharra baita alarde publikoa, bakarra eta parekidea lortzeko urratsak ematea».

Horretarako, erakundeen arteko elkarlana aldarrikatu du, gaia agenda politikoan ezarri eta lehentasuna emateko, «etorkizun hurbilean herritar guztiek festa elkarrekin ospa dezaten».