Amalur Artola - Gaur8
DONOSTIA

Norbera programa

Inorentzat ez da erraza nerabezaroa. Ez gazteentzat, ezta haiekin sokatiran aritzen diren gurasoentzat ere, baina bientzat da nola edo ahala pasa beharreko aldia. Zenbaitetan, nerabezaroan sor daitezkeen gatazkak kudeatzeko zailtasunak izaten dituzte familiek, eta, hala, haiei laguntza eskaintzeko sortu zen, orain hamazazpi urte, Norbera programa.

Norbera programako lantaldeko zenbait kide, Donostian duten zentroan. Ezkerretik eskuinera, Maribel, Ivan, Monica, Alberto eta Kike. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Norbera programako lantaldeko zenbait kide, Donostian duten zentroan. Ezkerretik eskuinera, Maribel, Ivan, Monica, Alberto eta Kike. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Norbera programak Donostiako Intxaurrondo auzoan duten egoitzara sartu orduko billarra eta futbolina ageri dira. Edozein gaztek bere lokalerako nahiko lituzkeen jolasak. Sukalde-jangela eta solasean aritzeko gela erosoak ere badituzte: bertan hartzen dituzte nerabezaroan sor daitezken gatazkei aurre egiteko arazoak dituzten sendiak. «Nerabeekin bakarrik ez, guk familiekin egiten dugu lan, gatazkaren iturburua beste nonbait egonda ere, familia beti delako konponbidearen zati», argitu digu programaren kudeatzailea eta hezitzailea den Alberto Ruiz de Alegriak.

Zentroaren lanaren oinarria planifikazio familiarra da. 14 eta 18 urte bitarteko gazteak hartzen dituzte eta Albertok arazo ezberdinengatik etortzen direla zehaztu du, «batez ere nerabeen jokabidea ezegokia delako edota eskola errendimendu txikiagatik, baina badira beste problematika batzuk ere; tentsio familiarra, drogen kontsumoa, elikadura nahasteak… Halako kontuak izaten ditugu hemen».

Gatazkak kudeatzeko bi zutabetan oinarritzen dira: nerabea eta familia. Batetik, nerabezaroa garapen pertsonalerako aro garrantzitsua dela eta bere ezaugarri propioak dituela argi dute: «Hau da, arreta erakar dezaketen jokaera batzuk nerabezaroaren ezaugarri direla ohartu behar dugu; 25 urte geroago ez dira ohikoak eta asaldatzeko modukoak dira, baina nerabezaroan ez». Irakurketa, beraz, nerabezaroaren optikatik egiten dute, eta, aro horretan familiak duen garrantziaren jakitun, nukleo horren barnean gazteak duen egoera aztertzen dute. Batetik, arestian aipatu bezala, «familia beti delako irtenbidearen zati», eta, bestetik, zenbait zailtasun kudeatzea gatazkatsua izan daitekeelako. «Zenbaitetan familiek hartzen dituzten erabakiek arazoen betikotzea dakarte», azaldu du Albertok.

Nerabezaroa eta familia aintzat hartzea dira, beraz, gazteen garapenean horren garrantzitsua den aro horretan sor daitezkeen gatazkei aurre egiteko gakoak.

Jokabideen aurreko erreakzioak

Norberan bi lantalde dituzte: nerabeen arretan lau pertsona aritzen dira; hiruk eskaintzen diote laguntza familiei. Azken talde horretan aritzen da Alberto: «Gurasoei beti gauza bera esaten diet: ‘Ez iezadazue esan zer egin duen gaizki zuen seme-alabak, esadazue ze jarrera izan duzuen zuek jokabide horren aurrean’». Desegokitzat hartzen diren jokabideen aurrean gurasoek duten erreakzioaz gainera, familiaren ezaugarriak, historia, nerabearengan eragina izan dezaketen barne arazoak eta beste hainbat elementu konplexuago ere hartzen dituzte aintzat diagnosia egiterako orduan.

Baita nerabeak familia barnean duen lekua eta ematen zaion trataera ere: «Funtzio arau-emailea nola kudeatzen duten ikusten dugu. Arauak negoziatzen dira? Irmoak dira? Betearazten dira? Denboran irauten dute? Batzuek ‘emango didazu dirua?’ galderari ‘bai, noski, zenbat behar duzu?’ erantzuten diote gaur; eta, bihar, ‘baina zuk zer uste duzu, banketxe bat naizela ala?’. Edo 16 urterekin zortzietarako etxean egotera behartzen dute nerabea... Badaude berrikusi beharreko kontuak». Funtzio afektiboari dagokionean, senitartekoen artean afektua adierazten ote den eta adierazpen hori adinarekin bat datorren aztertzen dute. «Banandutako gurasoen kasuan, ea arauen adostasuna eta kudeaketa zelakoa den begiratzen dugu, baita gazteak gurasoen bikotekideekin duen harremana ere, ea nerabearen aurrean eztabaidatzen ote duten... Egia da triangulazio asko ikusten ditugula, badaudela benetan gaizki eramaten diren familiak eta etxe horietan bizitzea ez da batere erraza», baieztatu du Albertok. Alde horretatik, harreman ona zehazteko eurek “Maitasunaren KPIa” deitzen dutena erabiltzen dutela dio: «Konpromisoa: pertsona horrekin duzun etorkizunerako proiekzioa; Pasioa: izan daiteke pasio sexuala, baina baita bestelako kontaktu fisikoak ere; eta Intimitatea: bestearekin egoteko nahia, zure gauzak kontatzekoa. Horiek hirurak eduki behar ditu harreman on batek».

Nerabeari beste hezitzaile batek heltzen dio. Une horretatik aurrera, bera izango du erreferentziazko hezitzailea. Nerabea zein egoeratan dagoen jakiteko azterketa integrala egiten dute; lagunak, zaletasunak, jarduerak, ohiturak –elikadura, garbiketa pertsonala, atsedena...–, familiaren barneko egoera, egoera pertsonala, gaitasun kognitiboak... Baita arrisku-egoeran jar dezaketen jokabideak dituen ere –lapurretak, indarkeria...– edota psikopatologiaren bat egon daitekeen, eta, dagoen kasuetan, gaztea dagokion tratamendua jasotzen ari den ere. «Maiz, familia arazo zehatz batekin etortzen zaigu, eskolatik askotan kanporatzen dutela edo irakasleei erantzun ezegokiak ematen dizkielako adibidez, baina guk gainerako alorretan nola dabilen jakin nahi dugu», azaldu du Albertok.

Lehen elkarrizketan programan parte hartzeko erabakia zergatik hartu duten galdetzen zaie senideei zein nerabeei, eta, nabarmenena, erantzunetan izaten den aldea da. 2013ko datuei erreparatuz (abuztura arte), familiak eskola arazoak aipatu ditu kasuen %62,8an, drogen kontsumoa %58,7an (kalamua nagusiki), gatazka pertsonalak %55,7an («beti haserre dago» edo «triste sumatzen dugu» gisakoak) eta familia barneko arazoak %54,29an. «Eta zer diote nerabeek? –galdegin du Albertok–. Drogei askoz garrantzia gutxiago ematen diete, %30 inguruk bakarrik aipatzen dituzte; arazo pertsonala lautik batek aipatzen du, eta, gehienek, %65ek, arazoa familiaren barnean dagoenaren irudipena dute».

Puzzlearen piezak kokatzen

Diagnosi faseak bi hilabeteko iraupena izaten du batez beste, eta, denbora horretan, lauzpabost elkarrizketa egiten dira familiarekin eta astean bi nerabearekin. Baina berebiziko garrantzia lehenak izaten du: «Hona etortzearen erabakia, gehienetan, familiek hartzen dute. Nerabeek ez dute nahi izaten. Gure lehen erronka bigarren hitzordura etor daitezen da», dio Albertok. Ivanek hartu dio hitza, nerabeak hartzen dituen hezitzaileetako batek: «Eurak ez direla arazoa ulertarazten ahalegintzen gara; familia puzzle baten gisakoa dela eta pieza guztiak daudela apur bat euren lekutik aterata. Horregatik etorri behar dutela gurasoekin. Maiz beldurtuta datoz, behartuta, gogo gutxirekin. Ohikoena ez bada ere, inoiz gertatu zaigu gurasoek ez dietela esan nora zetozen, eta, noski, bazter batean eseri eta kikilduta geratzen dira... Gure lana gazte horiek lasaitzea da, bigarren aldi batean etor daitezen lortzea, euren konfiantza irabaztea».

Behin nerabea erakarri eta diagnosi fasea osatuta, hezitzaileek bildutako errealitatearen araberako bitartekotza-proposamena egiten dute eta, alde guztiak ados badaude, plangintzan zehaztutako alorrak lantzeari ekiten diote.

Banakako elkarrizketak, talde terapeutikoak, familia elkarrizketak, familiarteko topaketak... Jarduera ezberdinak erabiltzen dituzte familiari egoera aldatzen laguntzeko. Aurtengo datuei dagokienean (abuztura bitartean), nerabeentzako 2.678 jarduera eta elkarrizketa hitzartu eta horietatik 2.050 bete dituzte gazteek; hau da, parte hartzea %66,5ekoa izan da. Familien kasuan gutxiago antolatzen dituzte (1.150 epe berean) eta parte hartzea %83koa da. «Asko lehen kontsulta egitera bakarrik etortzen dira eta ezezkoa ematen diegu, kasurik gehienetan 14 urtez beherakoak direlako. Oso zorrotzak gara horrekin, gure mugak ditugulako eta horiek ere hartzen hasiko bagina... 13 urteko neska-mutilen eskaera asko ditugu», ziurtatu du Albertok.

Bigarren fasean, familiei nerabeei eskatzen zaien konpromiso bera eskatzen zaie: elkarrizketa hamar egunean behin eta taldekoa hamabostean behin. Eta, bi-hiru hilero, familia ezberdinetako kideak batu, elkarren artean nahastu eta lanean jartzen dituzte. «Euren seme-alabek dituzten ezaugarri onak eta txarrak zerrendatzeko eskatzen diegu, adibidez, ikus dezaten antzerako kontuak direla eta seme-alabak baloratzen ikas dezaten», argudiatu du Albertok.

Jarduera motei dagokienean, nerabeek bakarkako elkarrizketetara eta taldeko jarduera batera joan behar dute derrigor. Bakoitza, astean behin. Bakarkako elkarrizketetan nerabeen barne gatazkak lantzen dituzte nagusiki, eta, taldean, berriz, orokorrean denei eragiten dieten gaiak hartzen dituzte hizpide, formatu ezberdinetan: «Tailer asko egiten ditugu: lauzpabost saioko iraupena eta hamar partaide inguru izaten dituzte. Garrantzitsua da nerabea bere adinekoekin nola harremantzen den ikustea, batzuetan bakarka zoragarriak direlako baina kolektiboaren aurrean...».

Drogak eta sexualitatea

«Uda honetan lau tailer egin ditugu –azaldu digu jarduera horien ardura daraman Kikek–. Bata drogaren ingurukoa izan da. Gure bitartekaritza-lana ez da drogan oinarritzen, drogaz asko eta gaizki hitz egiten dela uste dugulako, eta, maiz, guraso eta nerabeen arteko harremanak borroka horretara mugatzen direlako... Guk, borroka horretatik irten eta nerabea haz dadin askoz ere garrantzitsuagoak diren beste elementu batzuk elikatzen ditugu, bere burua aurkitu eta bere ekintzen jabe egin dadin. Eta horrek ekarriko ditu gauzak bere onera». Ikaste-tekniken inguruko tailer bat ere egin dute (aipagarria da kurtsoan zehar arratsaldero eskolako lanetarako laguntzarako gela zabalik izaten dela eta tarteka irakasle boluntarioak ere izaten dituztela nerabeei laguntzeko; hori bai, izena ematen duenak astean bitan gutxienez joateko konpromisoa hartu behar du). Sukaldaritza tailerra ere egin dute. «Otorduak oso garrantzitsuak dira. Konfiantza errespetutik etortzen da, eta, praktikan, ikusten dugu nerabeek ez dituztela aintzat hartzen euren burua errespetarazten ez duten pertsonak. Sukaldaritza tailerrean familia bazkariak egiten ditugu eta euren zuhaitz genealogikoa ezagut dezaten saiatzen gara, euren sendiaren kontzientzia har dezaten. Orduan, euren familian ezagutzen ez dituzten zati asko daudela konturatzen dira, galderak egiten dituzte, eta, nolabait, ‘familia’ hitzaren inguruko euren definizioa eraikitzen hasten dira», nabarmendu du Kikek.

Sexualitatea eta harreman afektiboak ere landu dituzte beste tailer batean. Gai horiek, orokorrean, zeharka lantzen dituztela azaldu du Albertok, «liluraren teoriagatik: bikoteak liluratuta zauzkanean, haren kontra esaten den edozeren, eta edozeinen, aurka egingo duzu».

Monika da nerabeekin lan egiten duen beste hezitzaileetako bat: «Batzuetan badirudi aurrerapauso handiak eman ditugula gizarte mailan, baina, hemen, askotan, betiko patroiak ikusten ditugu. Emakumeok gizon bati lotu eta hark nahi duena egiten jarraitzen dugu, eta gizonek ez dute hori egiten. Gure buruari zer ari den gertatzen galdegin behar diogu, nerabe hauek bestelako heziketa izan beharko luketelako... Gai hauek bereziki neskekin lantzen ditugu, euren askatasuna, norbera izatearen prozesua...». «Neska zein mutilekin aritzen gara harreman osasuntsuez, maitasunaz, bikoteez... –jarraitu du Ibanek–, baina egia da zenbait neska sumisiozko jarreretatik irten daitezen lan berezia egin behar dela. Taldean lantzen dugu gaia eta, inork halako harreman bat duela sumatuz gero, bakarka ere aritzen gara haiekin».

Nerabeak bere buruarekin eta inguruan duen munduarekin duen harremana bezain garrantzitsua edo, agian, are garrantzitsuagoa, da senitartekoekin duena. «Gurasoei askotan esaten diegu: ‘Zuen seme-alabek ahotsa altxatzen dizuete baina gehienetan ez dira hala egiten dutela konturatzen’. Zer gertatzen da? Gurasoek ere ahotsa altxatzen dutela eta... eztabaidak bata bestearen atzetik datozela», agertu du Albertok.

Gurasoekin sokatiran

Ibanek adibide ezin grafikoagoa jarri digu: «Nerabeei etxean sokatiran aritzen direla esaten diet beti. Alde batean beraiek daudela, bestean gurasoak, eta, tira eta tira ari direnez, soka ezin tenkatuago dagoela. Horregatik, guraso zien nerabeek soka apur bat aska dezaten ahalegintzen gara hemen, akordiotara heldu ahal izateko. Eta, nerabeek, gurasoek soka asko aska dezatela nahi izaten dute beti, baina zer gertatzen da soka kolpean askatuz gero? Erori egingo liratekeela. Ulertarazi behar zaie arauak, mugak beharrezkoak direla eurentzat, eta, aldi berean, euren jokabideen erantzule izaten irakatsi behar diegu».

Azken 30 urteotan gizartean eman diren aldaketek familietan izandako eragina nabarmendu du Albertok, baita belaunaldiak eta gizarteak konparatzeko dagoen joera ere: «‘Ni gaztea nintzenean...’ esan ohi dugu maiz, gure seme-alabak bizi diren gizartea oso bestelakoa dela konturatu gabe». Besteren artean, familiako kideen murrizketa (hiru generazio bizi ohi ziren etxe berean), anai-arreba gutxiago izatea («muga asko anai-arrebek jartzen dizkigute; nirea dena ez ukitu»), emakumea lan merkatuan sartu izana («ama etxetik irteten da eta aita ez da sartzen») edota nerabeek ordu asko bakarrik pasatzen dituztela aipatu ditu. “Obedientzia” hitzaren esanahi sozialean eraldaketa eman dela ere gaineratu du Albertok: «Nire ikuspuntutik, bederen, bai. Franco hil zenean nituen nik 15 urte eta, orduan, gizartea obedientziak gidatzen zuen; egun, kontsumoak. Gurasoek horren maiz eskatzen duten ‘obedientzia behar’ hori ezin da orduko garaietan bezala kudeatu, nerabeei mugak zer eratan jartzen dizkiegun begiratu behar dugu, baita horren kide gutxiko familietako harreman afektiboak nolakoak diren ere...».

Norbera programak martxan daramatzan hamazazpi urteotan ere eraldaketak eman direla uste du Albertok, eta, batez ere, nerabeekin akordiotara heltzeko unean eurek harremantzen diren eremua ere aintzat hartzeko deia egin du. Adibidea ere jarri digu: «Mugikorrek familia barneko iraultza ekarri dute. Gurasoek maiz esaten dute: ‘Bazkaltzen ari den bitartean ari da txatean, uzteko esaten diogu eta ez du nahi, korrika jaten du txateatzen jarraitu ahal izateko...’. Mugikorra telebistak 60ko hamarkadan bete zuen espazioa betetzen ari da: orduan ere, telebistak familia barruko komunikazioa etengo zuela esaten zuten. Ez dakit hala izan den edo ez, baina konturatu behar dugu geratzeko etorri diren elementuak direla eta haiekin elkarbizitzen ikasi behar dugula».

WhatsApp-a, oinarrizko beharra

Hein handi batean, hezitzaileen lana bi aldeen arteko komunikazioa indartzea, elkar entzun dezatela bultzatzea eta, batez ere, bata bestearen lekuan jar daitezela bideratzea izaten da. «Elkar ulertzen laguntzen diegu. Adibidez, WhatsApp-a edukitzea hil ala bizikoa da egun? Ba, bai. Hala da, hala bizi dutelako. Gurasoek ulertu behar dute euren seme-alabaren bizitzaren zati direla elementu horiek, eta nerabeari erakutsi behar zaio WhatsApp-ean ibiltzeagatik ez diola amari kasu egiteari utzi behar. Negoziaketa txikiak dira, etengabeak, gauza handiagoetara zaramatzatenak. Haritik tiraka, konturatzen zara gurasoak autoritate galera bezala bizi duela agintzen zaionean nerabeak WhatsApp-a ez uztea, eta hori ez da horrela». Egoera horien aurrean, gurasoek euren jarreraren arrazoia aztertu eta «zein borroketan sartu» erabaki beharko luketela uste du, «askotan ematen diren egoera absurdoak» ekiditeko: «Joan zaitez klasera, nola daramazu ilea, kendu piercing hori, ez erantzi hor zapatilak, zure gelak zerritokia dirudi... Batzuetan denagatik eztabaidatzen da eta horrela ez goaz inora. Ordena, adibidez. Ulertu behar dugu ordena helduen kontua dela, 15 urteko nerabea eroso dagoela bere gelako nahasmenean. Eta, gazteak, ulertu behar du gurasoei espazio komunak txukun edukitzea gustatzen zaiela».

Familia bilkura batean jazotakoa aipatu du Albertok: «‘Arropa probatu eta probatu aritzen zara, unean nahi ez duzuna lurrera botatzen duzu, eta, jasotzeko esaten dizudanean, dena garbitzera botatzen duzu’, esaten zuen ama batek. Hurrengo egunean, nerabeak arropa garbi eta lisatua zuen. Nerabe asko ez da ohartzen gurasoak zerbitzaritzat hartzen dituela, ez dela etikoa egiten ari dena. Guraso asko 17.30ean irteten dira lanetik, arropa garbitzen diete, janaria egin, etxea txukundu, paga eman… eta hala ere bada kexu den gazterik!».

Zentzu horretan, guraso askok ezetz esaten ikasi behar dutela dio Albertok: «Askok ezezkoa eman eta nerabeek arrazoia uler dezatela nahi dute, behin eta berriro azaltzen diete gauza bera eta, gero, haserretu egiten dira nerabeek ‘raiatu egiten nauzu’ esaten dietelako… Tira, ni ere raiatu egingo nindukete! Batzuetan ezetz esan behar da eta kito. Adibidez, 14 urteko gazteak ez du ulertuko zergatik ezin duen seiak arte kalean ibili, baina 18 urte dituenean galdetzen badiozu zer pentsatzen duen 14 urteko nerabea goizeko ordu horietan kalean ibiltzeaz, ‘nolatan uzten diote gurasoek?’ galdetuko du. Unean haserretu egingo da, ados, baina pasako zaio».

Batez beste familiak urtebete eta urte eta erdi bitartean hartzen dute parte Norbera programan, baina, Kikek dioen gisan, bakoitzak behar duen denbora izaten du, «nerabezaroa Norberaren ‘N’-a bezala delako: batzuetan goran zaude, badirudi dena ederki doala, eta bat-batean gainbeheran zoaz. Beharrak, gabeziak, egoera familiarra… badaude programan sei urtez egon nahiko luketenak ere, baina hori ez da ona». «Hona etortzen diren sendiak babestuta sentitzen dira eta hori ondo dago, baina gure helburua euren arazoak kudeatzeko gaitasuna gara dezatela da. Guk desagertu egin behar dugu», amaitu du Albertok.