‘Gutun bat Kottori’ dokumentalak Jose Angel Altzuguren Perurena ‘Kotto’-ren bizia kontatzen du, eta, aldi berean, Euskal Herriko milaka pertsonarena. Espidobaita Elkarteak ekoitzi du, crowdfunding kanpaina arrakastatsu bati esker, beratarra Soriako zelda batean hila agertu zenetik 20 urtera, gertatu zena transmititzeko eta jendeak gertatu zena zergatik gertatu zen ulertzeko helburuarekin. Gazteek egin dute filma, eta erantzun ona izan du gazteen artean. Belaunaldi berriek urtetako borroka honi zenbat ematen dioten aldarrikatu dute.
Beran eta Maulen estreinatu eta gero, emanaldiak antolatzen hasi dira herriz herri: urtarrilaren 4an Lesakan, 18.00etan Harriondoan; 9an, Igantzin, 19.00etan; eta 16an Saran, hemen ere 19.00etan. Zabalik daude deiak jasotzeko.
Garazi San Martin Solano da dokumentalaren zuzendaria eta Ekhiñe Zapiain Arlegi, zuzendari laguntzailea eta testigantza ematen dutenetako bat. Pelikula eginez ezagutu dute Kotto, eta hurbil sentitzen dute.

Zaurgarritasuna
Zapiain: «Nik uste nuen banekiela nor zen, baina dokumentala egin ahala ohartu naiz bere irudi bat bakarrik nuela. Gure etxean beti egon da presente, baina bitxia da, ze presente egon den bezala isildu den gai bat izan da; ez nahita, baizik eta ez zegoelako indarrik horri buruz solas egiteko. Kotto gurasoen hagitz hurbileko laguna zen eta ttiki-ttikitatik joan gara bere urteurreneko ekitaldietara. Baina ez nuen erabat ulertzen ez bere heriotza, ez zergatik bizi zuen jendeak Kottorenganako harremana modu horretan. Oroitzen dut aunitz galdetzen nuela zergatik hila zen, baina ez nuen erantzun zehatzik jasotzen».
Urte hauetan guzietan Kottoz eraiki duen irudia preso batena izan da, errepresioaren ondorioz hil zena. Orain bertze Kotto bat ezagutu du, pertsona bat. Falta zituen erantzun guziak eman dizkio beratarrari dokumentalaren prozesuak.
San Martin: «Ni urrutiago nago. Iruñekoa naiz, ez neukan harremanik ez bere senideekin ez lagunekin. Pertsona bat horrela ezagutzea, elkarrizketen bitartez, oso polita da. Batzuetan ez dugu hainbeste sakontzen nolakoa izan zen borroka emozionalki. Zati hori falta izan da eta oso garrantzitsua da. Alde emozionalak asko laguntzen du pertsona bat sakonean ezagutzen. Horrela ezagutu nuen, zaurgarritasun osoz. Bere ingurukoek ere hauskortasun hori erakutsi zidaten eta niretzat hori opari bat izan zen».
Ekhiñerentzat nahiko harrigarria izan da jada ezagutzen zituen pertsonak hain zaurgarri ikustea. «Batzuk lehendabizikoz ikusi ditut negarrez, nire aitatik hasita. Aita ez nuen sekula aditua gai honi buruz solasean eta amak erraten du sekula ez zuela egina ere. Niri zirrara eragin badit hain zaurgarri ikusteak jada ezagututa, pentsa zer izan den Garazirentzat ezagutu gabe!».

Terapia
Ariketa «potentea eta beharrezkoa» izan da Garaziren ustez. Eta, agian, elkarrizketak ezezagun batek egitea tekla egokia topatzea izan da.
Jose Angel Altzugurenen heriotzaren urteurrenean, joan den urriaren 31n, asteburu osoko programazioa egin zuten Beran: ortziralean filmaren aurre-estreinaldia parte-hartzaileentzat, larunbatean herriari zabaldua, eta igandean omenaldia Otsandako parajean. «Terapeutikoa izan zen, jendearen harremantzeko eta egoteko moduan ikusten zen. Bazkarian, Kottoren kuadrillakoek erraten zuten sekula ez ziotela elkarri hainbertze besarkadarik eman», kontatu du Ekhiñek.
20 urteko isiltasuna bat-batean eta publikoki puskatu da. Ederra da, eraginkorra da, baina gogorra ere bada. «Min horren bitartekari» izan dira San Martinen hitzetan.
Zapiainen ustez, dokumental honen aberatsena da Kottoren orain arteko figura militante horretatik harago zegoen pertsona ikusten dugula, borrokatzeko grina guziarekin baina aldi berean min guziekin, hagitz sentikorra baitzen. «Kotto ezagutzen dugu, baina mila pertsona diferenteren kasua ere izan daitezke, garaian zegoen estrategia bat zelako pertsona batzuei min egitea eta min hori ingurukoengana hedatzea».
Maulen eman zutenean, bukaerako solasaldian aipatzen zuten haiek ez zutela hainbertze bizitu Guardia Zibilaren figura hori eta tortura modu horretan, baina Kottoren figura GALek hil zuen jendearekin identifikatzen zuten. «Egoera diferentea izanda ere, hondoan dagoena, garai hartako beldurra eta mina, kasu bakoitzera egokitzen ahal da. Hori da dokumental honen gai nagusia».
Transmisioa
Zapiain da filmeko elkarrizketetan agertzen den gazte bakarra, baina Kottoren kuadrillako bertze seme-alabak ere hagitz inplikatuak egon dira omenaldi-zikloan. San Martinek azpimarratu du hagitz garrantzitsua dela belaunaldi berriek gai honetan beren lekua hartzea. «Gu gara jakintza horren gainean egon behar dugunak. Bestela ahaztu egiten da eta errepikatzeko arriskua ere badago. Batzuetan beldur gara: ‘Ez dakit ezertaz, ez dakit zer esango dudan’. Baina zure testigantza, Ekhiñe, oso garrantzitsua da. Beharrezkoa da guri ere hitz egitea».
Gazte beratarrak nabarmendu du erantzun handia izan duela ziklo guziak jende gaztearen artean. «Beran hein batean presente egon da Kotto, eta zerbait jakinen zuten. Eta gehiago ezagutzeko interesa izateak pila bat poztu ninduen».

20 urte eta gero, «solastatzen ez zekitenei solastatzen erakusteko modu bat» izan da dokumentala, «minari lekua egiten hasteko modu bat». Baina, aldi berean, «beraiek dena modu batean bizitu dute eta ahal dutena eginen dute. Agian bertze batzuei dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea, justizia eginen bada justiziaren bide horiek irekitzea. Beraien babesarekin, baina lehendabiziko lerroan bertze batzuek egon behar dugu», aldarrikatu du Ekhiñek.
Bere iritziz, militantzian badago lehengo garaiak idealizatzeko joera bat. «Lehen dena gogorragoa zen eta egiten genuen, orain ez duzue deus egiten», erraten da etsipenez. Omenaldi-zikloan egin zen bertso saioan, Julio Sotok bukaerako agurrean hala bota zuen: ‘Zenbat zor diegun belaunaldi...’; ematen zuen ‘zaharrei’ erran behar zuela eta ‘berriei’ erran zuen. «Munduko egoera ez dago erraz, baina ari gara. Gauza txarrak ere pasatzen dira, baina onetan ere ari gara».
Euskara
Filmaren gai nagusietako bat euskara eta euskararen borroka da. Gazteei ere jakinmina sorrarazi die eta iruindarrak uste du horregatik dela, herri sentimendu hori berriz piztea behar dutelako, lagunduta sentitzea. «Dokumentala ikustean euskararekiko halako sentimendu bat pizten zaizu oso gordeta zeneukana».
Euskaltzalea zen Kotto eta euskaraz beregatik hasi ziren lagun taldean. Garaziren iritziz, hori da gaur egun falta dena: «Euskararekiko ditugun aurreiritziak alde batera uztea eta erabiltzea».
Ekhiñek oroitu du garai hartan Bera hagitz erdalduna zela. «Sekulako apustua iruditzen zait herri euskaldun bat nahi badugu guk ere euskaraz hasi behar dugula erabakitzea».
Begiak ireki
San Martinek artxiboaren balioa azpimarratu du: «Kotto hitz egiten entzutea shock bat izan zen, orduan ikusten duzu nor zen benetan. Lehenengo atxiloketa eta kartzelaldia eta gero itzuli zenean, omenaldian, aurpegian ikusten zaio jada aldatuta dagoela».
Aunitzek erraten dute Kotto torturatu zuten egun horietan hil zela. «Hori hagitz gogorra da. Urte hauetan guzietan Otsandan aipatzen zenarekin pentsatzen nuen: denek erraten dute Kotto alaia zela, hagitz irekia zela, beti lanerako prest. Dokumental honekin pertsona bezala ezagutu dudanean ikusi dut egia zela. Torturatu aitzineko bere bizitza horretan energia positibo bat zuen, argia zen. Eta gero pum, bat-batean itzaltzen da», adierazi du Zapiainek.
Begi aunitz ireki zituen. Garaiko egoeraz kontziente ez zen jende bat gertatzen ari zenaz ohartu zen. «Kottoren anaia ere atxilotu eta torturatu zutenean, garbi ikusi zen ez zuela ez hanka ez buru. Poztu nau dokumentalaren erreakzioa gure jende horretatik harago joateak. Hagitz aberatsa iruditu zait hori. Heriotza gertatu zenean jende batek begiak ireki zituen bezala, dokumental honekin gazte jendeak ere ireki ditu».
Gutunak
Kottoren gutunek bera modu hagitz pertsonalean ezagutzeko ahalmena eman zioten filmaren zuzendariari, idazterakoan biluztu egiten garelako. «Intruso bezala, baina errespetu osoz ikusi nuen nola idazten zuen, zein zen bere jarrera, nolako txantxak egiten zituen... Berarekin batera atxilotu zuten Imanolek ere esaten zuen bere gutunen bidez informazio latza jaso zuela, erruaren sentimendu hori. Erru sentimendu hori da bere historiaren nukleoa. Pertsona asko horrela sentitu ziren. Estrategia bat zen».
«Kottok bihotzez idazten zuen, ez buruz; solasean ariko balitz bezala», gaineratu du zuzendari laguntzaileak.
Zurgina zen Kotto, eskuekin abila. Gutuna apaintzen zuen, bere bihotza bertan jartzen zuen eta maitasun osoz lagunei helarazten zien. Hori ere hagitz adierazgarria da San Martinen irudiko: «Batzuetan, misoginia horren barnean, halako sentikortasuna baduzu ematen du ez zarela hain sendoa. Eta halako marrazkiak ikustea oso polita izan zen».
Ingurukoak pila bat zaintzen zituen. Hagitz jendezkoa zen eta hori zen bere bakartasun guzian zaintzeko modua: sormena. Gainera, kideak ere eskulanetara bultzatzen zituen, denbora zaintzan inbertitzera.
Dokumentalean, lagun zestoarrek aipatzen dute psikologo lana egin dutela. Hagitz musukatzaileak eta besarkatzaileak dira. Kottok ere bazuen hori eta bertze batzuekin harrapatuko ez zuena bilatzen zuen ahizpa haiengan. «Hor ere agerian gelditzen da nola egon den zaintza emakumeen esku», azpimarratu du Zapiainek.
Mugaz gaindi
Kottok mugaz gaindiko herrian sinesten zuen. Berak hala bizi zuen eta hala jokatzen zuen. Zehazki, izugarrizko lana egin zuen Beraren eta Sararen artean hain hurbil izanda ere zegoen distantzia handi hori puskatzeko. Militantzian ardura bat baldin bazuen eta Iruñean bilera bat baldin bazuen ez zuen eginen bilerara joan eta listo, harreman bat, ttikia bazen ere, egiten saiatuko zen. Herri libre eta euskaldun batean sinesten zuen eta, batez ere, jendezko herri batean.
Larhunen hasten da dokumentala. Kirolaria zen Kotto; futbolean aritzen zen, baina mendiak ematen zion askatasun sentsazio horretatik hurbil egotea. Hemen inguruan ibiltzen zen, Pirinioetan eta Alpeetan ere bai. Pila bat gozatzen zuen horretan. «Mendi gailur bat igotzen duzunean, bide bat da, maldaz malda eutsi behar diozu. Herrigintzarekin eta Kottoren izaerarekin lotura handia du. Gainera, lagunekin joaten zen mendira eta, kontatzen dutenez, mendian harrapatzen zuen barrena husteko lekua», azaldu du beratarrak.
Lauburuaren lau elementuetan banatu dute Kottoren bizia: Lurra, sustraiak, hasiera, haurtzaroa, sormena; sua, pasioa, borrokarako grina, mina, tortura, errepresioa; ura, heriotza, barealdia, bidea, dolua; eta haizea, transmisioa, oihartzuna garraiatzen duen elementua.
Iñaki Gogortzari
Elkarrizketatuez gain, hainbat partaide izan dituzte: musikariak eta gibeletik lan aunitz egin duen jendea. «Jende bat arduratu da zaintzeaz, elkarrizketatuekin egoteaz, zaurian behatza sartzea izan baita elkarrizketa bakoitza eta ezin duzu zaurian behatza sartu eta alde egin. Beharrezkoa zen hain zaurgarri agertu diren pertsona horiei babes eta goxotasun pixka bat eskaintzea», adierazi du Zapiainek.
Baieztatu du partaideak gustura gelditu direla eta hau egin izana eskertu dutela.
Iñaki Gogortzari eskainia dago dokumentala. «Ideia sortu zenean Iñaki bizi zen eta berak garrantzia handia ematen zion egiteari. Prozesuan hil da eta berari eskaintzea erabaki genuen hein batean martxan jarri zuelako eta 20 urteotan Kotto zenaren memoria transmititzen eta herrigintzan lanean aritu delako. Aunitzek alderatzen dute Iñaki Kottorekin: nekaezina, beti hor, bere izaera horrekin. Ez zen sekula haserretzen, bideratzaile bezala balio zuen sortzen diren tentsioetan. Bere omenaldia ere Otsandan egin zen, Kottoren omenaldia egiten den lekuan. Kottok hutsunea utzi duen bezala, Iñakik ere handia utzi du», nabarmendu du beratarrak.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

