Naiz.info
Donostia

Garbiñe Errekondo: «Igeldokoa legezko prozesua da eta guztiz demokratikoa»

«Segurtasun juridiko osoz emango dira pauso guztiak, bai Igeldoko banaketaren inguruko espedientea tramitatzerakoan bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren iritzia jakiteko abiatutako partaidetza prozesuan», esan du Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatu Garbiñe Errekondok.

Gipuzkoako Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatu Garbiñe Errekondo prentsaurrean agertu da Batzar Nagusietan Araubide Juridikoko zuzendari Luis Elizegi eta Herritarren Partaidetzarako zuzendari Arantza Ruiz de Larrinagarekin batera. Bertan Igeldoko banaketa eskaerak jarraitutako periplo administratibo eta judizialen errepaso zehatza egin dute, 1995ean Itxas Aurrek eskaera egin zuenetik gaur arte: «Foru Aldundiari dagokio eskaera honi erantzuna ematea eta hala egingo dugu. Gainera, gure ustez, igeldotarren eskaerarekin azken 18 urteetan egin dena politikariek egin behar ez dutenaren adibide gardena da, alegia herritarrei bizkar emanda gobernatzea».

Errekondok gaineratu duenez, «inork ezin du zalantzan jarri Aldundiak eskumena duela mugetan, eta inork ezin du ukatu herri galdeketa deitu dezakeenik, Hiritarren Partaidetzarako 1/2010 Foru Arauak jasotzen duenez. Gainera, Aldundiko zerbitzu juridikoek irekitako prozesua legezkoa dela esan dute eta, politikoki, Diputatuen Kontseiluak Igeldoko bizilagunen iritzia kontuan hartzeko konpromisoa hartu du beren etorkizunaz erabaki baino lehen. Beraz, prozesua legezkoa eta guztiz demokratikoa izango da, arazo historiko bat konpontzeko bidean, ardura politikoz landutako prozesua izango da», ohartarazi du. 

Errekondoren ustez, «ulertezina» da zenbait alderdi politiko hiritarren iritzia jakiteko partaidetza prozesu bat hastearen kontra egotea. «Garrantzitsua da azpimarratzea hori dela Bildu eta foru Gobernu hau Batzar Nagusietan ordezkapena duten beste partidu politikoengandik desberdintzen dituena: foru Gobernu honetan demokrazia zuzenean eta hiritarren erabakitzeko eskubidean sinisten dugula. Horrekin koherente izanez, desanexio eskaeraren inguruan erabaki bat hartu baino lehen Igeldon galdeketa bat egitea erabaki dugu».

Errekondok gaineratu du Aldundiak kontuan hartuko duela Donostiako Udalak hartzen duen erabakia, hau loteslea izan ez arren. Gainera, Herritarren Partaidetzarako zuzendariak gaineratu du udal talde guztiek informazioa izango dutela eta beren ikuspuntua eman ahal izango dutela Foru Aldundiak abiatutako partaidetza prozesuan.