NAIZ.INFO
IRUÑEA

«Tartalariei» babesa adierazteko, manifestazioa egingo dute Iruñean azaroaren 16an

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tarta jaurtitzeagatik auzipetu dituzten lau lagunen aurkako epaiketa azaroaren 18an hasiko da, 5 eta 9 urte bitarteko espetxe zigor eskaerei aurre egin beharko dietelarik. Honen aurrean, Mugitu plataformak hainbat mobilizazioren berri eman du, tartean azaroaren 16rako Iruñean deitu duten manifestazioa.

Abiadura Handiko Trenaren aurkako Mugitu plataformak agerraldia egin du Iruñean, Barcinari tarta jaurtitzeagatik auziperatuta dauden lagunen aurkako epaiketa azaroaren 18an hasiko dela gogoratzeko, eta data horren harira antolatu dituzten ekimenen berri emateko.

Nabarmendu dutenez, ekintzaileen aurkako espetxe zigor eskaera «neurrigabeak» salatzea du helburu elkartasun kanpainak. Izan ere, Fiskaltzak 5 urteko espetxe zigorra eta 2.700 euroko isuna eskatu du auzipetuetako bakoitzarentzat eta Barcinaren abokatuek, aldiz, sei urteko espetxealdia eta 3.600 euroko isuna hiru auzipeturentzako eta 9 urte eta 5.400 euroko isuna laugarren «tartalariarentzat», Nafarroako herri txiki bateko zinegotzia izanik «agintari izatearen egoeraz baliatzearen larrigarriarekin».

«Agitearen aurkako atentatuaren zuzeneko egile» izatea egozten diete hiruri, eta laugarrenari «beharrezko laguntzaile» izatea leporatzen zaio.

AHTren egitasmoa «ekologikoki suntsitzailea» dela eta ekonomikoki ere dituen ondorioez ohartarazi ondoren, lau auziperatuen absoluzioa exijitu du Mugituk. Epaiketa egitekotan, saioa Okzitaniako Tolosan, gertakariak jazo ziren lekuan, eta ez Madrilen egin beharko litzatekeela gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, uda baino lehen abiatutako elkartasun kanpaina indartu du Mugituk, eta hainbat dataren berri eman du.

Garrantzitsuena, azaroaren 16an Iruñean egingo den manifestazioa da. Hil horren 7an eta 12an, elkarretaratzeak egingo dituzte, eta 18an, aldiz, epaiketa egunean, kontzentrazioa burutuko dute Madrilgo Auzitegi Nazionalaren atarian.

Horrez gain, bestelako ekimenak ere iragarri dituzte, hala nola, kontzertuak, hitzaldiak edota zozketa bereziak.