NAIZ.INFO
BILBO

Ernaiko kideen inputazioaren atzean «kriminalizatzeko» erabakia dagoela salatu dute

Ernaiko sei kideren eta Periko Solabarriaren atzean gazte antolakundea «kriminalizatzeko erabakia» dagoela salatu dute.

Ernaiko auzipetuak eta Periko Solabarria, gaurko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Ernaiko auzipetuak eta Periko Solabarria, gaurko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

«Terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta Auzitegi Nazional espainolak inputatu dituen Ernaiko sei gazteek agerraldia eskaini dute Bilbon, horren atzean gazte antolakundea «kriminalizatzeko erabakia» dagoela salatzeko. Periko Solabarria barakaldarra ere inputatu du auztegi bereziak, eta bera ere agerraldian izan da. Izan ere, Solabarriak Eloy Velasko epailearen aurrean deklaratu beharko du ostegun honetan, Mikel Buttonekin batera.

Agerraldian Gotzon Elizburuk eta Irati Sienrak salatu dutenez, «Guardia Zibilak osatutako txostenak argi erakusten duen moduan, inputazioa aitzakia hutsa izan da bestelako Euskal Herri baten alde antolatzen eta borrokatzen duen gazteriaren aurkako eraso berri bat abiatzeko».

Hala ere, hori ez dela «eraso» bakarra nabarmendu dute eta urrian gazte independentisten aurka hasiko diren epaiketak eta joan zen astean epaitu zituzten Bilboko hiru gazteak gogora ekarri dituzte. «Zer esanik ez, ezkutatzera behartuak izan diren Luis eta Xaporen kasua», erantsi dute.

Ernaiko sei kideen eta Solabarriaren inputazioa «kriminalizazio kanpaina» baten baitan kokatu dute baina, horren aurrean, «herri honen askatasunaren, konponbidearen eta erakuntzaren aldeko hautuarekin» jarraituko dutela adierazi dute.

Periko Solabarriari «babes eta elkartasun osoa» ere helarazi nahi izan diote, eta berarekin «bide tamalgarri hau» egitea «ohorea» dela esan dute, «bere urteetako borroka eta determinazioa belaunaldiz belaunaldi gazteriarentzat irakaspen eta eredu bikaina delako».