NAIZ.INFO
MADRIL

Ballesteros eta Pamiesen aurkako zigor eskaerei eutsi die Fiskaltzak

‘Faisan auzia’ delakoaren baitan, Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros poliziaburu ohien aurkako bost urtera arteko espetxe zigor eskaerei eutsi die Fiskaltzak. «ETAri laguntzea» eta «sekretuak zabaltzea» leporatzen diete.

Pamies eta Ballesteros, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. (POOL/EFE)
Pamies eta Ballesteros, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. (POOL/EFE)

Madrilgo Entzutegi Nazionalean epaitzen ari den ‘Faisan auzia’ delakoan, aurrez egindako espetxe zigor eskaerei eusten diela adierazi du Carlos Bautista fiskalak.

«ETAri laguntzeagatik», bosna urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak edo, bestela, «sekretuak zabaltzeagatik» Pamies eta Ballesterosentzat 1,5 eta 2 urteko zigor bana galdegin du Bautistak, hurrenez hurren.

Dena dela, eskaera horiek Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak hala aginduta adierazi du –haren izena aipatu gabe–, ez irizpide horrekin bat datorrelako.

Pamies EAEko Polizia espainolaren buru ohia da eta Ballesteros, inspektore ohia.

Datorren astelehenean jarraituko du epaiketak, eta akusazio zein defentsaren ondorioak aditu ondoren, epaiaren zein geldituko da auzia.

Gertaerak 2006ko maiatzekoak dira. Akusazioen arabera, Ballesteros –orduan Arabako Inteligentzia Brigadako inspektorea zen– Pausuko Faisan tabernara joan, eta telefono mugikor bat eman zion Joseba Elosuari, ustez Pamiesen dei bat jasotzeko. Polizia zelatan zuen Elosuak, ustez ETAko kide bati dirua ematekoa zelako.

Fiskalak dioenaren arabera, Pamiesek Elosuari abisua eman zion eta ondorioz ikerketa poliziala zapuztu zuen, nahiz eta hilabete beranduago atxiloketak izan ziren. Dena dela, ez zuten inolako frogarik topatu.

Beti ere akusazioak adierazitakoaren arabera, Pamiesek ETAren su etena zapuztu ez zedin eman zuen abisua. Elosuak, ordea, ez zion Pamiesen deiari jaramonik egin eta, aurreikusita zuen bezala, hitzordura joan zen, bidean polizia esaten zuen guztia grabatzen ari zela.