NAIZ.INFO
BILBO

Etxerik gabeko bi pertsona hil dira Bilbon azken egunetan

BesteBi plataformak jakinarazi duenez, etxerik gabeko bi pertsona hil ziren pasa den astean Bilbon.

BesteBi plataformako kideek azken bi hildakoak oroitu dituzte ekitaldi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
BesteBi plataformako kideek azken bi hildakoak oroitu dituzte ekitaldi batean. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

BesteBi plataformak berri eman duenez, etxerik gabeko bi pertsona hil ziren joan zen astean Bilbon. David, 40 urteko aragoarra da horietako bat; gaua pasa zuen kutxazain automatiko batean topatu zuten hilda. Hamar urte zeramatzan Bizkaiko hiriburuan.

Beste hildakoa 47 urteko Jose Luis da. 2012ko urtarrilean Bilboko eguneko zentro batean sartu zen, aurretik kalean bizi zen (aurrena kanpin denda batean eta ondoren auto batean). Banatuta zegoen eta gaixotasun kroniko bat zeukan. Oso egoera txarrean aurkitu zuten lo egiten zuen autoan eta ospitalera eraman ondoren han hil zen.

Bi hauekin, dagoeneko lau dira bizi baldintza zailen ondorioz Bizkaian hil diren etxerik gabeko pertsonak.

BesteBi plataformak pertsona horien egoera prekarioa salatu du. «Egoera pertsonal zailak izaten dituzte, askotan gaixotasun fisiko nahiz mentalekin batera, eta harreman pertsonal oso urriak. Horren ondorioz garaia baino lehen hil ohi dira, batez besteko adinera heldu baino 20 edo 30 urte lehenago», azaldu du.

Horri aurre egiteko gizarte-bazterkeriaren prebentzioa eta egoera horretan dauden pertsonentzako gizarteratze eta suspertze-bideak eskaintzeko baliabide eta tresnak beharrezko jo ditu.