NAIZ.INFO
BILBO

Senegalen epaitu dituzten arrantzaleengatik kezka adierazi du Bermeoko Udalak

Senegalen atxilotuta dauden bi arrantzaleak «ahalik eta arinen etxera bueltatzea» espero du Bermeoko Udalak, bertako bizilagunak baitira. Delitu ekologiko bat leporatzen diete eta, bi hilabetez espetxean egon ondoren, asteazkenean epaitu zituzten.

Ohar baten bitartez, Bermeoko Udalak adierazi du Senegalen atxilotuta dauden bi arrantzale bermeotarrak «ahalik eta arinen» etxera bueltatzea eta afera konpontzea espero duela. 

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak kezka eta ardura agertu du Senegalen atxilotuta dauden bi herritarren egoera dela-eta. Dena den, baikor agertu da eta «gure arrantzaleak laster gure artean» izatea espero duela esan du.

Bi arrantzaleen familiekin harremanetan jarri da Udala, bere babesa helarazteko.

Lakuako Gobernuko bozeramale Josu Erkoreka ere baikor agertu da auziaren aurrean.

Lakuako iturriek jakinarazi dutenez, bi arrantzaleak bi hilabetez egon dira Dakarren espetxeratuta, delitu ekologiko bat egitea egotzita, eta asteazken honetan epaitu dituzte. Datorren asterako espero da epaia.

‘Almadraba Uno’ itsasontzi galiziarreko kapitaina eta patroia ziren bi bermeotarrak.

Abuztuaren 2an hondoa jo zuen ontzian, Senegalgo parke natural babestu batean, eta delitu ekologiko bat egozten diete.

Hasiera batean eskifaia guztia atxilotu zuten arren, bi bermeotarrak ez ezik denak aske daude.