NAIZ.INFO
DONOSTIA

Fleuryko espetxean gose greban zeuden bost euskal presoek bukatutzat eman dute baraua

Fleuryko espetxeko D1 moduluan gose greban zeuden bost euskal presoek amaitutzat eman dute baraua, zuzendariarekin bildu eta akordioa erdietsita. Bestalde, Oier Gomez presoa ospitalera eraman dute, azken kimioterapia saioa jaso dezan.

Javier Arruabarrenak, Asier Bengoak, Joanes Larretxeak, Igor Suberbiolak eta Gorka Azpitartek hamar egun zeramatzaten gose greban Fleuryko espetxeko D1 moduluan, baina dagoeneko bertan behera utzi dute protesta. Beren bizi baldintzak gogortu egin zirelako hasi zuten baraua.

Etxeratek azaldu duenez, atzo espetxeko zuzendariarekin bildu ziren eta beren aldarrikapena helarazi zioten. Horren ondoren, «badirudi akordio  batera iritsi direla» eta ziega aldaketen maiztasuna lau hilabetera mugatu dutela.

Oier Gomez, ospitaleratua

Bestalde, Etxeratek jakinarazi du Oier Gomez preso gasteiztarra ospitaleratu egin dutela, bere gaixotasuna dela-eta hartu behar duen azken kimioterapia saioa jasotzeko.

Gomez Meaux-eko kartzelan dago eta hamabost egun zeramatzan azken saioaren zain. Hodgkin linfoma du eta hilabete asko daramatza erietxera bidaiak egiten, frotak egiten eta tratamendua jasotzen.

Tratamenduaren eboluzioa positiboa izan da eta horregatik azkeneko saioa eman behar diote. Etxeraten arabera, hasieratik tratamendu eta asistentzia egokia jaso ditu, azken atzerapen hau eta uztailean gertatutakoa salbu. Sukarra zuela-eta ospitalera eraman zuten eta bertan geratu behar izan zuen. Uneoro eskuburdinekin lotuta izan zuten, eta botikak hartzeari uko egin zion. Azkenean ospitalez aldatzeko eskatu zuen.