NAIZ.INFO
BAIONA

Alliot-Marie ikertzen ari dira diru funtsen desbideratzeagatik

Michele Alliot-Marie Defentsa ministro frantses ohia eta bere aita ikertzen ari da Nanterreko epaitegi bat, diru funtsen desbideratzeagatik. Donibane Lohizuneko alkate ohiak ukatu egin du leporatzen zaiona.

Michele Alliot-Marie Donibane Lohizuneko alkate Peyuco Duhartekin izan da gaur. (Bob EDME)
Michele Alliot-Marie Donibane Lohizuneko alkate Peyuco Duhartekin izan da gaur. (Bob EDME)

Nanterreko epaitegi batek ikerketa abiatu du Michele Alliot-Marie Defentsa eta Barne ministro eta Donibane Lohizuneko alkate izandakoaren eta bere aitaren jarduera argitzeko, Le Parisien/Aujourd'hui atariak plazaratu duenez.

Auzia ekainaren 13an ireki zen, sei hilabeteko ikerketaren ondoren, «konfidantza abusuagatik» eta Lapurdiko hainbat elkarteren aurkako kalteengatik. Afera finantza instrukzioetako hiru epaileren esku geratu da.

‘Le Parisien’en arabera, 2010etik 2012ko bukaera arteko epea ari da ikertzen epaitegia eta desbideratutako diru kopurua 200.000 eurokoa izango litzateke. Diru zuritzearen aurkako egiturara egindako salaketa baten ondorioz abiatu zen ikerketa, hain zuzen ere, Donibane Lohizuneko Chantaco hotela eta turismo bulegoari lotutako elkarteek izandako diru mugimendu susmagarriak tarteko.

Michele Alliot-Marie Donibane Lohizunen izan da haurrentzako gune baten irekiera ofizialean eta leporatzen zaiona ukatu egin du. «Hauteskundeak izanen dira laster eta horren ondorioz gauzak berriz abiatzen dira» adierazi du ministro ohiak.