NAIZ.INFO
IRUÑEA

Volkswageneko langileek lan hitzarmenaren inguruko aurreakordioa onartu dute

UGT, CCOO eta CC sindikatuek zuzendaritzarekin lan hitzarmenaren inguruan lortutako aurreakordioa onartu du Volkswagen Navarrako beharginen gehiengoak. %62,5ek alde bozkatu du eta %32,3k aurka.

Volkswagenek Landabenen duen lantegia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Volkswagenek Landabenen duen lantegia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Goizaldeko 3.30ak aldera bukatu da Volkswagenen, gaueko txandako langileen bozketarekin, lan hitzarmenaren inguruko erreferenduma.

UGTk, Landabenen gehiengoa duen sindikatuak, jakinarazi duenez, guztira 3.638 langilek eman dute botoa (eskubidea dutenen %84,78k) eta horietatik 2.274k (%62,51) lan hitzarmenaren inguruan lortutako aurreakordioaren alde egin dute. 1.175ek (%32,3) aurka bozkatu dute.

UGT, CCOO eta CC sindikatuek urriaren 10ean sinatu zuten hitzarmena enpresarekin. Bost urteko iraupena izango du eta 215 eguneko lanaldia ezartzen du langile bakoitzarentzat. KPIren araberako soldata igoera izango dute urtero.