NAIZ.INFO
DONOSTIA

Lan segurtasuneko araudia «zorrotz» betetzeko eskatu die enpresei Gipuzkoako Aldundiak

Getarian izan den lan istripuaren ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresei lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia «zorrotz» bete eta betearaz dezatela eskatu die.

Akarregi Txiki txakolindegian gertatu zen istripua. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Akarregi Txiki txakolindegian gertatu zen istripua. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak oharra kaleratu du atzo Getarian izan zen lan istripua dela-eta.

Lehenik eta behin, samina adierazi eta elkartasuna helarazi die hildakoaren senide, lagun eta lankideei. Ondoren, lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berria sortu beharra nabarmendu du, eta eredu horrek «lan duina eta segurua» izan behar duela ardatz. Horretarako, gizarte eta ekonomia alorreko eragileek eta administrazio publikoek «batera eta norabide berean» jardutea ezinbestekotzat jo du.

Lan istripuen «egiturazko» arazoari aurre egiteko prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren aurkako delituen jazarpena «funtsezkoak» direla deritzo Aldundiak eta, horrenbestez, enpresei dei berezia egin die, lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia «zorrotz» bete eta betearaz dezaten.