Maider IANTZI

Ernai lehen pausoa ematera doa feminismorantz

Ernaik erakunde feministatzat du bere burua, baina badaki izenak ez duela izana egiten. Horregatik, izaera feminista egunerokoan praktikan jartzeko urratsa egitera doa. Ostegunean, Donostiako Doka kafe antzokian bildu zen hainbat kide, bertze eragile batzuekin batera, solasaldi baten bidez bideari ekiteko.

Euskal Herriko txoko bateko eta bertzeko gazteak Dokaren atarian pilatzen joan ziren. Talde txikitan edo banaka zetozen, aurkeztera zihoazen «Urrats Feminista» hura zer zen jakiteko irrikaz. Hotz handia egiten zuen kanpoan eta antzokia ireki orduko ziztu bizian sartu ziren denak. Trago bat hartuz borobilean eseri ziren. Mahaietan, kaiera more batzuk, eta erdian, Unai eta Irati, hizketaldiaren dinamizatzaileak.

Inor ez zen ausartu koadernoak ukitzera eta Iratik animatu zituen hartu eta kuxkuxeatzera. Gazte antolakundeko kideez gain, bertze talde ugari zegoen gonbidatuta: Bilgune Feminista, LAB, Altxa Neskatxa!, Joxemi Zumalabe Fundazioa, auzo eta herrietako gazte mugimenduak, Ikasle Abertzaleak... Ezer baino lehen, eskerrak eman zizkieten guztiei, hasiberritan laguntza behar izaten delako eta lagunduta gusturago eta hobeki egiten delako bidea.

Joan den martxoan sortu zen Ernai «antolakunde independentista, sozialista, feminista eta iraultzaile» gisa, sei hilabeteko prozesu eratzailearen ondotik. Orain, subjektu eraldatzaile gisa feminista izateko, barne hausnarketa bat abiatu dute. Lau urteko prozesua izanen da, baina kontuan hartzen dute feminismoa ez dela denbora horretan barneratzen, baizik eta egunero eraikitzen dela betaurreko moreak jantzita.

Gogoetak harremanetan islatzea nahi dute: lan banaketan, erabakietan, diskurtsoetan... Euren buruak ahalduntzen doazen heinean, kanpora begira ere horrek eragina izatea da ideia.

Helburua ez da feminismoaren gaineko eduki guztiak ikastea, interesa eta kontzientzia sortzea baizik. Metodologia kideek berek dinamizatzeak ere bertze ikuspegi bat ekarriko diela espero dute. Asteburu honetan herri eta auzoetan eztabaidak eginen dituzte, prozesuari hasiera emanez.

Tarta zatia edo baraualdia

Aurkezpen txikia eta gero, aulkietan lotsati eseritako neska-mutilei eman zieten hitza Iratik eta Unaik. Isiltasuna nagusitu zen, solasaldian zehar momentu batean baino gehiagotan bezala. «Publikoan hitz egitea ere ahalduntzea da, e!», zioten dinamizatzaileek; edo «lasai, guretzat zuentzat baino zailagoa da», irribarre batekin.

Medeak-eko Kattalinek apurtu zuen isiltasuna, zorionak emateko: «Oso pozgarria da Ernaik feminismoa erdigunean jartzea. Segur aski bere feminismoa sortuko du, mistoa».

Prozesuan neskek eta mutilek parte hartzearen inguruan, eztabaidak eta zalantzak izan zituztela aitortu zuten. Azkenean lantaldea mistoa izatea aukeratu zuten, eta, Iratik azaldu zuenez, bere inguruan behintzat, ilusioz hartu dute mutilek erronka. «Orain arte jan ezin izan duten tarta zatitxo bat da», deskribatu zuen. Bestalde, gai honek militantzian zer moduz sentitzen diren komentatzea ahalbidetu diela erran zuen. «Normalean ez da horretaz hitz egiten. Orain espazio bat zabaldu da beste kontu batzuez jarduteko: zelan sentitzen naiz ni zuekin militante moduan? Ze talde osatzen dugu?».

Tartaren metaforari helduz, agian baraualdian pentsatu beharko luketela aipatu zuen bertze lagun batek, Martak.

Oierrek mutikoek ere prozesu honetan sinestea hagitz garrantzitsua dela nabarmendu zuen; Ikasle Abertzaleak-eko kide batek Ernairen apustua eurentzat ere bultzada dela agertu zuen; eta erronkarik potoloena eredu sozioekonomikoari lotuta eman beharreko aldaketa dela adierazi zuen Sortuko Nuriak.

Horiek Dokako mahai inguruko ekarpen batzuk. Unaik adierazi zuen gisan, lehenengo harria jarrita dago eta aurrerantz jarraituko dute.