@aimar_etxeberria
DONOSTIA

Bidesarien aurka mobilizatuko dira Gipuzkoako garraiolariak Santo Tomas egunean

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko errepideak finantzatzeko landu duen proiektuaren aurkako mobilizazioak iragarri dituzte garraiolariek Santo Tomas egunerako eta egun horretan Donostiara kamioiz joateko deia egin dute.

Garraiolarien agerraldia Donostian. (ARGAZKI PRESS)
Garraiolarien agerraldia Donostian. (ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako garraio alorreko eragile ezberdinek prentsaurrekoa eskaini dute Donostian Foru Aldundiak herrialdeko errepideak finantzatzeko landu duen proiektuaren inguruko euren balorazioa egiteko. Hala, mobilizazioak deitu dituzte Santo Tomas egunerako eta Donostiara kamioiz joateko deiaegin diete herrialdeko garraiolariei.

Foru Aldundiaren proiektuaren ondorioz, Bidegik duen zorra euren bizkarrean jarri nahi dutela salatu dute eta, egoera horren aurrean, eurek «diskriminaziorik» pairatu beharrik ez dutela aldarrikatu dute. «Denok erabiltzen ditugu herrialdeko errepidak, garraiolari izan edo ez», adierazi dute.

Bilduren aurka ere egin dute, hauteskunde garaian bidesaririk jarriko ez zutela agindu baitzien. «Orain, ordea, garraiolariek solik ordaindu beharko lituzketen bidesariak ari dira negoziatzen oposizioko alderdiekin», azpimarratu dute. Nahiz eta Batzar Nagusietan gehiengorik ez izan proiektua aurrera ateratzeko, susmoa dute garraiolariek berandu baino lehenago eurei solik eragingo dien bidesariak jarriko dituztela, «alderdi guztiak ados baitaude asmo horretan».

Gauzak horrela, 9.30ean jarri dute hitzordua larunbat honetarako Lasarte-Orian eta adierazpenak egingo dituzte 10.30ean Amaran.