NAIZ.INFO
PASAIA

Suteak kaltetutako Trintxerpeko bizilagunek ez dute errentarik ordainduko sei hilabetetan

Urte zahar gauean Trintxerpen izan zen sutearen ondorioz etxerik gabe geratu ziren 28 familiek ez dute errentarik ordainduko sei hilabetetan. Lakuak 150.000 bideratu ditu laguntzeko.

Tekniko eta langileak, kiskalitako etxeen hondakinen artean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Tekniko eta langileak, kiskalitako etxeen hondakinen artean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtok azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak  150.000 euroko partida onartu du urte zahar gauean Trintxerpen izan zen suteak kaltetu zituen 42 familiei laguntzeko. Premiazko produktu eta ondasunak eta etxetresnak erosteko bideratuko da diru-laguntza hori.

Pasaiako Udalari emango diote dirua, eta Udalak banatuko dio familia bakoitzari, beharren arabera.

Etxerik gabe geratu diren 28 familiei, berriz, Donostiako Morlansen (25) eta Intxaurrondon (3) emango diete ostatu. Datorren asteko ostiralerako denak etxer horietan egotea espero dute.

Lehen sei hilabeteetan errentarik ez dutela ordaindu beharko esan du Aburtok, eta hortik aurrera familia bakoitzaren egoera aztertuko dute, hurrengo hilabeteetan ze baldintzatan emango dieten ostatu erabakitzeko.

Pasaian babes ofizialeko 62 etxebizitza eraikitzeko lanak bukatzen ari direla esan du sailburuak, maiatzerako prest egongo direla eta kaltetutako familiek etxe horietan ostatu hartzeko eskaera egin ahal izango dutela orduan.