Naiz.info
Bilbo

Maixabel Lasa: «Glencreen ohartu ginen zenbat sufritu dugun bai batzuek eta bai besteek»

Maixabel Lasa, ETAk hil zuen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibilaren alarguna, alde guztietako biktimek duten «aitortzarako, erreparaziorako eta justiziarako eskubideaz» mintzatu da Hamaika TBn egindako elkarrizketan. ETAko biktimen zenbait elkarteren «politizazioaz» ere aritu da.

Maixabel Lasa, ETAren atentatu batean hil zen Juan Mari Jauregiren alarguna, Hamaika TBko ‘Gurean Gaur’ saioan izan da, batik bat, elkarbizitza eta biktimen afera aztergai izan dituen elkarrizketan.

Lasa Gleencreen alde desberdinetako biktimek egin zituzten topaketez mintzatu da eta positiboki baloratu ditu bertan egindako elkartrukeak. ETAko biktimak, talde parapolizialenak (BVA, Triple A, GAL...) eta Poliziaren gehiegikeriek eragindakoak (torturatuak, tirokatuak...) bildu ziren bertan.

«Glencreeko topaketetatik ondorio onak ateratzen ditut. Norbera bestearengan aitortzen zen. Topaketa horietan bakoitza konturatu zen zenbat sufritu duten bai batzuek eta bai besteek. Azkenean sufrimentua errekonozitzea da. Indarkeria erabili izanak sufrmentua dakarrela ikusi zen, bai alde batengan eta bai bestearengan».

Bere iritziz, «biktima guztiek dituzte eskubide guztiak aitortza, erreparazioa eta justizia edukitzeko. Hori denoi dagokigun zerbait da», esan du.

Azken asteetan ETAko biktimen zenbait elkarteetan izandako polemikaz ere hitz egin du Lasak, AVT kasurako. Bere aburuz, «politizatutako» elkarteak dira eta ez die ezer onik ekartzen bertan dauden biktimei.

«Pena da horrelako iskanbilak edukitzea euren artean, azken finean bakoitzak bere buruari harriak botatzea bezalakoa delako», nabarmendu du. 

Lasaren irudiko, egoera horretan eragina izan duen elementuetako bat beraien politizazioa izan da. «Azken hauteskundeetan Consuelo Ordoñezek berak eskatu zuen botoa UPyDrentzat. Horrek elkarte barruan dagoen jendeari deserosotasuna sortzen dio. Elkarte batek izan behar du hor barruan dagoen jendeari laguntzeko, dituzten eguneroko arazoei begiratuz, ez politikari begira», azpimarratu du.

Saioan zehar, halaber, Luis Carrasco presoarekin mantendutako elkarrizketa eta preso politikoen senideen «autokritika eza» ere mintzagai ditu.