NAIZ.INFO
DONOSTIA

Wire, The Horrors eta Vintage Trouble taldeek 49. Jazzaldian joko dute, Zurriolako agertokian

Donostiako 49. Jazzaldiak Zurriolan kokatzen duen Agertoki Berdeak Wire eta The Horrors talde britainiarren eta Vintage Trouble estatubatuarraren kontzertuak eskainiko ditu. Uztailaren 23tik 27ra egingo da musika jaialdi ezaguna.

Jazzaldiaren antolatzaileek azaldu dutenez, Colin Newman (ahotsa eta gitarra), Graham Lewis (baxua), Robert Grey (bateria) eta Matthew Simmsek (gitarra) osatzen dute Wire taldea. Punkaren eztandaren erdigunean sortu zen taldea, Londresen, 1976an, baina distantzia hartzen jakin izan zuen, eta etiketatua izatetik libratu zen.

Talde punk gehienak maldan behera hasi zirenean, Wire taldeak bere nortasunari eutsi zion, «esperimentazioan eta etengabeko metamorfosian oinarritu izanari esker». 1977 eta 1979 artean –orduan argitaratu zituen lehenengo hiru diskoak–, «taldea behin eta berriro berrasmatu zen, rock anfetaminikotik eta muturreraino eramandako punketik fase melodikoago baterako bidea eginez».

Bata bestearen atzetik diskoak ateratzen jarraitu du taldeak, 15 izateraino. Jarrera horrek luzaro irautea ahalbidetu die eta erre gabe mantentzea. 2013an ‘Change Becomes Us’ argitaratu zuen: 1980ko hamarkadaren hasierako abesti zahar batzuk grabatzeko asmotan sartu ziren estudiora eta gaur egungo testuinguruan gaurkotasun betea duten piezekin irten ziren lau musikariak. «Benetako intentzio adierazpena haien post punkaren jarraitzaile ugarientzat», nabarmendu dute antolatzaileek.

Bestalde, The Horrors, britainiarrak izan arren, hasieran erakutsi zuten indarrak eta eztandarako joerak «The New York Dolls berri batzuen aurrean ote ginen pentsarazten zuten». Garbi ikusi zen hori taldearen lehen diskoan -‘Strange House’ (2007), garage punk miragarria- eta zuzeneko emanaldietan, «erraietatik ateratako» kontzertuak eskaintzen baitzituzten, batez ere entzule gazteei begira.

‘Primary Colours’ (2009) urteko disko izendatu zuen ‘New Musical Express’ aldeizkariak. ‘Skying’ (2011) diskoak 1980ko hamarkadaren erdialdeko soinura eraman zituen The Horrors, Echo & The Bunnymen eta Psychedelic Furs bezalako taldeen ondarea eguneratu nahi izan balute bezala.

2012aren bukaeran, ‘Skying’ laneko abestien nahasketa disko bat argitaratu ondoren -‘Higher’-, laugarren diskoaren prestakuntzan sartu ziren buru-belarri, eta 2014ko maiatzean argitaratzea aurreikusi dute, ‘Luminous’ izenburupean. Diskoaren nondik norakoei buruzko zantzu bakarrak hasieran taldeko teklista izandako eta orain baxu jotzailea den Rhys Webbek eman ditu, grabazioak «norabide askoz elektronikoagora» eraman dituela abesti berriak adierazi baitu.

Vintage Trouble

Azkenik, Ty Taylor (ahotsa), Nalle Colt (gitarra), Rick Barrio (baxua) eta Richard Danielson (bateria) dira Vintage Trouble. Otis Redding, Ike & Tina Turner edo Ray Charles klasikoetan oinarriturik, Los Angelesen egoitza duen Kaliforniako laukoteak hasiera-hasierako soula hartu du ikurtzat.

Taldearen buruan, «James Brown berpiztua bailitzan», Ty Taylor abeslaria dago, aurretik, Dakota Moon taldean aritutakoa. Taldearen beste zutabea Nalle Colt gitarra jotzailea da. 2010ean hasi ziren elkarrekin jotzen Taylor eta Colt, Venice Beacheko etxeko estudio xume batean.

Rick Barrio baxu jotzailea (2nd Day Crush) eta Richard Danielson bateria taldera biltzearekin, bandak gorputza hartu zuen. Bi aste nahikoa izan zituzten bira bati ekiteko, eta hiru egun besterik ez estudioan sartu eta lehen lana zuzenean grabatzeko: ‘The Bomb Shelter Sessions’.

Rogers Massonek (Daughtry, Day On Fire) ekoiztutako 11 abestiak, diskoan zein kontzertuetan, «egiazko soularen arrasto ukaezina uzten dute entzuleengan, Stax gogoraraziz 'belzten' direnean, eta Led Zeppelin 'zuritzen' direnean».